24 FEB. 2018 ETORKIZUNA MIRIBILLA DA Aniztasuna, euskara eta eskola publikoa osagai dituen errezeta eredugarria Euskal Herriko ikastetxerik anitzena izan daiteke Bilboko Miribilla auzokoa, hogei jatorri baino gehiago eta hainbat erlijiotako ikasleekin. Arazo sozioekonomikoek ere isla dute eskolan, eta, hala, berdintasun ezari aurre egitea eta zailtasunen gainetik emaitza akademikoak hobetzea dute erronka. Elkarbizitza koloretsua, berriz, altxor dute. Nerea GOTI Mundu txikiak dira ikastetxeak. Astelehenetik ostiralera ordu batzuetan zehar errealitate ugari barnebiltzen dituzten elkarbizitzako espazioak dira. Ikasle bakoitzak kultura bat edo gehiago du atzean, hizkuntza bat edo gehiago, munduari begiratzeko ikuspegi diferenteak, bizimodu anitzak, egoera eta iragan ezberdinak... Kolore asko dago ikastetxe guztietan, pertsona adina kolore seguruenik, baina Bilbon bada bereziki koloretsua den eskola bat: Miribilla du izena, publikoa da eta kolore guztiak elkarrekin ipini ditu erakusteko tonalitate guztiak elkarren ondoan jarrita distira egiten duen ortzadarra osa dezaketela. Irribarrea ahoan gainera. Miribillako eskolako geletatik egunero erakusten dute gozo egon daitekeela elkarrekin hezkuntza eta euskara ardatz dituen proiektu amankomun batean, norberak bestearen kolorea ikusi eta onartzen badu. Kolore guztiek batera duten indarrak poza eta indar kolektiboa areagotzen dituela aintzat hartuta, ikastetxeak kanpotik begiratuta duen irudia aldatzea lortu dute. Gris argi eta zuri koloreko horma handiak ditu kanpotik Miribillako eskolak. Eraikina 2006an altxatu zuten, nahiko berria da beraz. Baina arazoak ditu ia sorreratik bertatik uren filtrazioak direla-eta, hezetasunagatik... Orain, eraikineko fatxadan ari dira konponketa lanak egiten. Azken urteotan D eredua nagusitu da ikastetxean, oraindik ere A ereduko zenbait talde badauden arren. Guraso elkarteak duela bost urte egin zuen proposamena eta Eskola Kontseiluak onartu egin zuen. San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetako haurrek ikasten dute eskolan, Euskal Herri osoko anitzena ziurrenik biltzen dituen familien jatorri, kultura, hizkuntza eta sinismenak kontuan hartuta. Familien ia erdia Euskal Herrian eta Estatu espainolean jatorria duten ijitoek osatzen dituzte. Hurrengo talde handiena jatorria Marokon duten familiek osatzen dute. Atzean dituzte Errumanian jatorria duten ijito familiak. Ostean daude Euskal Herrira Algeria, Bolivia, Nigeria, Ginea Bisau, Senegal, Sahara, Kongo, Kamerun, Brasil, Nikaragua, Hondurasetik.... heldutakoak. Arrazoi ezberdinengatik utzi zituzten atzean herriok eta egun euskal herritarrak dira. Eta eskola hartu dituen lurrarekiko lotune da neurri handi batean. Dokumentala, dena erakusteko Eskolan zer giro bizi den argiago ikusi nahi duenak “Miribilla rules” dokumentala ikusi beharko luke. Bideografik Ekoizpenak, Euskal Herria Hamaika Kolore eta Miribillako Gurasoak elkarteen lanaren emaitza da. Dokumentala ez da ez ezeren hasiera ez amaiera ere, baina mugarri bat suposatu du auzoan, ikastetxean... Kanpotik arazoz beteriko ikastetxea irudikatu duten aurreiritzien aurrean, aukerez beteriko eskola agertu dute. Eskolan Oreka TX taldeak sortutako “Atanbora” kantaren inguruan sortutako dinamika berezia kontatzen du dokumentalak. Lehen begirada batean hezkuntza komunitate bat kanta baten koreografia prestatzeko soilik bildu bazen ere, dokumentalak argi agertzen ditu esperientzia horrek gelen barruan eta kanpoan utzitako zaporeak, sentsazioak... Protagonisten hitzekin ezagutarazten ditu. Dokumentaleko narratzailea den eskolako neskato batek dioen bezala, askotan entzuna zuen helduen ahotan “aniztasuna” hitza, zer esan nahi zuen oso ondo ez bazekien ere. «Eskolan 21 herrialde ezberdinetako jendea geundela mapa baten ikustean» ulertu zuen. «Hori aniztasuna da eta horretan lehenengoak gara!», esan zieten. Lanak biltzen dituen iritzien artean, bada ekimenak arrazakeriaren aurkako mezu gisa duen indarra nabarmentzen duenik. Batzuek planteatzen dute berdin dela nongoa zaren, «euskarak eta eskolak» elkartzen dituela. Salatzen dutenez, askotan jasan izan behar dituzte ikastetxe ustez gatazkatsu batean izatearen inguruko aurreiritziak eta kezkak, «eskola bera ezagutu gabe!». Horregatik, dokumentalak ikastetxea zer den erakusteko eman dien aukera nabarmentzen dute, «hemen benetan zer dagoen erakusteko eta Miribillari buruz dauden aurreiritziak eta daukagun estigma hori behera botatzeko». Hunkituta, harro, zoriontsu Komunitateko eragile ezberdinen adierazpenak bildu ditu dokumentalak. Abesbatza osatu, kanta prestatu eta koreografia eskaintzeko prozesua kontatzeko izan zituzten zailtasun eta kezkak jasotzen ditu. Erronka handia izan zen, ezberdina, lehen hurbilketa bat maila askotan, eta, hasiera guztietan bezala, ez zen erreza izan. Guztiek diotenez, entseguak, antolaketa prozesu guztia, esperientzia positibo bilakatu ziren berehala. Narratzailearen hitzetan, kantaren koreografia ikastetxeko familien aurrean eskaini zuten agerraldi jendetsua ez da erraz ezabatuko auzokoen memoriatik. «Behin ere ez dut jendea egun hartan bezain zoriontsu ikusi!», dio narratzaileak dokumentalean, familia ezberdinen iritzien artean. Askoren begietan gatazkatsu gisa ikusten den errealitate batek ikastetxe oso bat handi egiten duela erakusteak, egoera horrek berak aukera bat suposatzen duela frogatzeak, harrotasun sentimendu bat azalarazi zuen komunitatean. Arrazakeriaren Kontrako Egunean egindako agerraldia oso garrantzitsua izan zen sinbolikoki, baina beste ikuspegi asko ere aldatu zituen. Musika irakasleak nabarmentzen duenez, «abesti soil batekin beste proiektu guztiekin baino askoz gehiago lortu ditugu». Denboran atzerago hasi zen dena, eragile ezberdinen artean izandako hainbat elkarrizketaren ondoren. Eskolako ikasleak, maisu-maistrak, gurasoak... protagonista nagusiak dira, zalantzarik gabe, baina bada proiektuari forma eman dion aktore garrantzitsu bat ere: kultura aniztasuna ardatz elkarbizitza bultzatzen duen Euskal Herria Hamaika Kolore herri ekimena. Euskal Herrian ezagunak dira elkartearen lana, mezuak eta berauek zabaltzeko egin ohi dituzten ekimen koloretsuak. Horren adibide dira Aniztasun Eguna, Hamaika Kolore Fest, ardi itxurako Burubeltz maskotarekin hainbat jai herrikoitan aniztasunaren ikurra zabaltzeko egiten dituzten kalejirak... Elkarteak argi dauka etorkizuneko gizartea eskolatik hasten dela, eta aukera berdintasuna bermatu behar duen eskola publikoan dagoela gakoa. Hezkuntza, kohesiorako tresna Txekun Lopez de Aberasturi Euskal Herria Hamaika Kolore elkarteko kideak hurbiletik ezagutu du Miribillako prozesua. Ekimenaren sorrerari buruz aritu da GAUR8rekin. Komentatzen duenez, kezka handia zegoen eta dago elkartean Gasteizen eta Euskal Herriko beste puntu batzuetan zenbait ikastetxe publikotan sortzen ari diren «segregazio poltsak» direla eta. Gero eta agerikoagoak dira ikasle migranteen kontzentrazio handiak, maila sozioekonomiko baxukoak gehienetan, A ereduan ikasten dutenak, beharrezko arreta eta hezkuntza-errefortzuak falta dituztenak... Egoera kezkagarri baten osagaiak dira horiek guztiak. «Segregazioa, marjinalitatea... erloju-bonba bat izan daitezke gerora, gatazka iturri itzela, batik bat hainbat arlotan komunitate horiei laguntzeko baliabideak jartzen ez badira», ute du Lopez de Aberasturik. Nabarmentzen duenez, desberdintasun ekonomikoen aurkako borroka funtsezkoa da, eta, hezkuntzaz ari bagara, «kalitatezkoa eta euskalduna den hezkuntza eredu bakarra» behar dugu. Lopez de Aberasturiren ustez, «edozein jatorri eta maila ekonomikoko ikasleri zuzendutako hezkuntza eredu bakar bat behar dugu. Hori da tresna onena gizarte-kohesioa eta aniztasunean elkarrekin bizitzea ardatz izango dituen etorkizun bat eraikitzeko gure herrian». Euskal Herria Hamaika Kolore elkarteko kidearen ustez, argi dago euskarak testuinguru horretan duen garrantzia, «aukera berdintasunerako nahitaezko tresna» gisa batez ere. «Bagenekien Miribillako eskola publikoa, jatorri eta kultura kopuruari dagokionez Euskal Herriko ikastetxe anitzenena izanik agian, eta Bilboko auzorik marjinaletako batean kokatuta izanik, D eredura pasatzea erabaki zutela. Hala, kasua aztertzea erabaki genuen. Deskubritu genuen, dokumentalean ongi islatzen den moduan, marjinalak edo atzeratuak barik, benetako abangoardia direla: pobreziara zigortutakoen benetako iraultza bat ematen da eskolan, diskriminazioaren aurkakoa baina baita berdintasun ezaren aurkakoa ere, aukera faltaren kontrakoa, aurreiritzien kontrakoa, arrazakeriaren, segregazioaren, marjinalitatearen kontrakoa». Kontatzen duenez, hezkuntza komunitate oso baten «borroka titanikoa» ikusi dute Mirabillan, eta borroka horretan irakasleak, familiak, ikasleak eta auzoa elkar hartuta daude, haurrei ahalik eta hezkuntzarik onena emateko, euskaraz. Ikasleek etxetik dakartzaten kultura, sinesmen, ohitura eta hizkuntzekiko errespetuan eraikitako hezkuntza proiektua da, «pentsa daitezkeen baldintza txarrenetan» aurrera egitea lortu duena. Gaineratzen duenez, borroka hori «miresgarria» da, dituen eraginak ez direlako ikastetxera soilik mugatzen: euskal gizarte osorako eredu bilakatu dira. «Aniztasunean eta kalitatezko hezkuntzan dago jokoan Euskal Herriko gizartearen kohesioa, elkarbizitza bera. Aldiz, proiektuak aurrera jarraitzen badu euren ahaleginari esker da, sarri mespretxuarekin eta instituzioen laguntza ezarekin topo egiten baitute; estigma ugariri aurre egin beharrean aurkitzen dira zenbaitetan». Omendu eta aitortu «Miribillak helarazten dizkigun sentsazio eta emozioak erakutsi eta transmititu nahi genituen. Hobetzeko gogoa adierazten duen, gorputz eta arima aritzen den komunitate baten borrokari omenaldia eta aitortza da», nabarmendu du Lopez de Aberasturik. Dokumentalean bertan jasotzen denez, askoz zabalagoa zen hasiera batean planteatutako egitasmoa, baina instituzioen laguntza faltagatik nabarmen murriztu behar izan zuten. Bilboko kaleek ezagutu zuten Miribillako abesbatza eta koreografia, Oreka TX taldeak sortutako “Atanbora” kantan oinarrituta, baina ez zuten lortu EiTBko Gabonetako galan parte hartzea. Duela gutxi, Bilboko Udalaren Iparra-Hegoa saria jaso du Miribilla ikastetxeak eskola solidarioen atalean, abesbatzaren esperientziaren bidez elkarbizitza bultzatzeagatik eta egitasmoa islatzen duen “Miribilla rules” dokumentalagatik. Juan Mari Aburto alkatearen eskuetatik hartu zuten saria. Udalaren aitortza eskertu zuten, baina ez ziren isilik geratu: eskolan duten errealitatea zabaltzeko aukera zuten eta egunerokoan dituzten zailtasunak azaldu zituzten. «Sariak ondo daude, baina guk ekintzak nahiago ditugu». Guraso elkarteko ama batek saria jasotzeko ekitaldian botatako esaldiak dena esaten du. Guraso elkarteak zenbait eskaera egin ditu. Udalari luzatutakoen artean 2006an altxatutako eraikinean behar diren konponketak egiteko, arazo ugari baitituzte aspalditik uren filtrazioekin, hezetasunarekin... Era berean, euskara bultzatzeko gehiago egin dezakeela uste dute. Azaltzen dutenez, duela bost urte onartu zen ikastetxea D eredura pasatzea, baina bistakoa da komunitatearen ezaugarriengatik euskarak bultzada behar duela. «Bada, hori proiektuekin eta baliabideekin egiten da», nabarmentzen dute gurasoek. Era berean, nabarmentzen dute ezagunak direla ikastetxean dauden hezkuntza-mugak eta horiei behar bezalako tratamendua ematea posible dela profesionalen laguntzarekin. «Gu ikastetxean gertatzen denaren lekuko gara, baita familien eta ikastetxearen arteko nolabaiteko lotura ere. Beraz, ikusten ditugun hutsune guztiak jaso eta horientzako konponbideak eskatzea ere bada gure lana», azaltzen dute. Integratzailearen figura Argi dute, bestalde, eskola ezaugarri zehatz batzuk dituen auzo batean kokatuta dagoela, eta, ondorioz, errealitate horren isla dela jolastokian eta geletan gertatzen dena. Familiek diotenez, auzo elkarteak bertako errealitatearen diagnostikoa egina dauka eta auzoen koordinakundearen bidez helarazi dio Udalari beharrezkotzat dituen zenbait neurrirekin. «Baina Udalari kostatzen zaio diagnostikoari kasu egitea, eta, kasu egiten ez badu, egingo duen guztia benetan behar denari bizkarra emanez egingo du». Ikastetxera itzulita, familiek aipatzen dute faltan botatzen duten figura bat: integratzaile sozialarena. Batetik, garbi dute diziplina ugari biltzen dituen dispositibo bat beharko zela irakasleek beren lana egin ahal izateko eta berezko dituzten zereginetatik kanpo sortzen zaizkien egoerei aurre egiteko profesional adituen laguntza izateko. Egun badituzte indarrean Hamaika Esku programa irakasleen egonkortasuna bermatzeko eta bestelako laguntza zehatz batzuk ere, baina, familien ustez, berez existitzen ez den «integratzailearen» figurak laguntza handia emango lieke. «Figura hori berez ez da existitzen eta Hezkuntza Departamentuak horrelako kontratazio bat egitea baztertzen du. Baina Udalak nahi balu bidera lezake horrelako oinarrizko zerbitzu bat eskolan, edo Osakidetzak psikologia zerbitzu bat...». «Gatazkak, arazoak... hori ez da guk ikusten duguna. Hemen arlo askotan lan ederra egiten ari da: akademikoki, harremanetan, elkarbizitzan...» Asteartea da. Egun horretan kokatu dute Miribillako eskola publikoan hitzordua GAUR8rekin, guraso elkarteko amak bildu ohi diren eguna baita. Afaf El Haloui eta Maria Silva Gordonekin hasi dugu solasaldia, eta, jarraian, Izaskun Alonso ikastetxeko zuzendaria gehitu da hizketaldira. Hausnarketa ugari eta oso ezberdinak sortu dira elkarrizketan. Halouik eta Silvak nabarmendu dute elkarbizitza bultzatzeko dinamikak gauza berri asko ekarri dituela eskolara: abesbatza osatu, “Atanbora” kanta prestatu eta agerraldi publikoa egiteko prozesua jasotzen dituen “Miribilla Rules” dokumentala, Ipar-Hegoa Bilboko Udalaren saria eskola solidarioen atalean... «Ekitaldi berezia izan zen, nazionalitate, etnia eta erlijio ezberdinetako jendea bildu zituena harmonia, bake eta alaitasun giroan». Azaldu dutenez, «lan handia» egin zuten, baina «guk geuk asko ikasi dugu esperientzia honekin eta esker on ugari jaso ditugu ekimena abian jartzeagatik». Halouik nabarmendu duenez, «guretzat ikastetxea zerbait berezia da. Jolastokiko uneek elkar ezagutzeko aukera eman digute, ditugun aurreiritziez konturatzeko. Horrek gauza asko argitu eta ezberdinekin bizitzen erakutsi digu», dio Halouik. Zehazten dutenez, zazpi erlijiotako kideak daude ikastetxean eta elkarren ondoan gainontzekoen sinesmenak errespetatuz bizi daitekeela frogatu dute. Guraso elkartea lotura indartsu bat da familien eta zuzendaritzaren artean, baita auzoarekin ere. «Batzuetan kontatzen dizute zer gertatzen zaien eta saiatzen gara orientatzen, bideratzen...». Nabarmendu dutenez egoera ezberdin asko biltzen dira eskolan, arazo ezberdinak eta delikatuak zenbaitetan, horrek irakasleentzat suposatzen duen ahalegin bereziarekin. «Hemen behar bereziak daude eta irakasleek baliabideak behar dituzte heziketa arrakastatsu batera heltzeko», komentatu du Silvak. Horregatik, integratzaile baten figura eskatu dute. Azaltzen dutenez, segregazioa baino, gakoa eskola komunitate batek dituen hezkuntza mugak aztertzea eta horietan laguntzeko baliabideak jartzea da. «Argi dago auzo honetan dagoen maila sozioekonomiko eta kulturalagatik, bertoko biztanleriak hezkuntzan ere behar bereziak dituela». Alonsoren iritziz, bizitako esperientzia «jarraipen» bat izan da. Dioenez, «guraso elkarteak egindako lan ederraren ondorioz, kanpotik jendeak beste era batez ikusten gaitu, nahiz eta gure lana betikoa izan. Metodologia eta irakasleen inplikazioa berdinak dira egunerokotasunean. Eguneroko borroka da emaitza akademikoak hobetzea; hemen maila sozioekonomikoa oso baxua da, eta, horregatik, gure erronka nagusia, ikasleen emaitza pedagogikoak hobetzea da». Gaineratu duenez, Bilboko Udalaren sariak lagundu du eskolaren irudia garbitzen, jendea hurbilarazten... «Auzoko jende batek ez du beti kultura aniztasuna ikusi, baina bai gatazkak, arazoak... Eta hori ez da guk ikusten duguna. Hemen arlo askotan lan ederra egiten ari da: akademikoki, harremanetan, elkarbizitzan... Aurten ikusten dugu lasaiago gaudela eta jende gehiago hurbildu dela eskolara». Alonsok ez ditu zailtasunak ezkutatzen, baina horiei aurre egiteak eta hezkuntza komunitatearen aldetik gero eta erantzun positiboagoa jasotzeak oso ikastetxe berezi egiten dituela dio. Irakasle berri baten kasuan baliteke Miribilla esan eta kezkak sortzea, baina 22 urteko eskarmentua duen profesionalaren hitzetan, ikastetxe honek aukera piloa ematen ditu, «bai profesionalki bai norberak bere burua ezagutzen ikasteko». Nabarmendu du, bestalde, egun Euskal Herria dela «harrera herrialdea» eskola komunitatearentzat, eta euskal kultura eta euskara eskolako kultura ezberdinen «puntu komuna», eta hori ere nabaritu dutela onarpenean, jarreretan... Auzoan ugariak dira biztanle mugimenduak, eta, ondorioz, ikasleen artean ere ugariak dira joan-etorriak, horrek dakartzan gorabeherekin. Beste ikastetxe batzuetan pentsaezinak diren egoerak ematen dira, gauza asko pilatzen dira eta horietako asko, gainera, atzetik datozen kontuak dira. Kultura aniztasuna, arazo sozioekonomikoak eta ikasle guztiek beharrezko duten maila akademikoa bermatzea egunerokoan uztartu behar diren elementuak dira, «eta beti ez da erraza». Baina, Alonsok dioenez, «Miribillan maitasun dosi handiekin ikasten eta irakasten da, eta horrek ere markatzen du». «Miribilla Rules» dokumentalak aniztasunari balioa ematen dion eta elkarbizitza bultzatzen duen eskola publikoaren ibilbidea marrazten du, ikastetxeko kideen testigantzak erabiliz Ikasle baten amak «oso garrantzitsua den gauza bat» ez ahazteko eskatzen du: «Gurasook agian atzerritarrak izango gara, baina ume hauek ez dira atzerritarrak» «Miribillak helarazten dizkigun sentsazio eta emozioak» transmititu nahi izan ditu Euskal Herria Hamaika Kolorek dokumentalean. Argi dute aniztasuna eta hezkuntza gako direla Bilboko Udalaren saria jasotzeak ikastetxearen irudia aldatu du bai auzo barruan bai kanpora begira. Familien artean gauza asko aldatu dira, muga batzuk desagertu diren sentsazioa dute