03 MAR. 2018 Entrevista ANE GARAY ETA ITZIAR GANDARIAS IKERLARIAK «Emakumeek bortizkeriaz betetako bideak abiatzen dituzte, baina bizirautea lortzen dute migrazio proiektu bat dutelako» Europara iristeko ahaleginean emakume errefuxiatuek bizi dituzten egoerak aztertu dituzte Garayk eta Gandariasek. Bortizkeriaz betetako bide latza da, asko salerosketa sareen menpe uzten dituena. Ane Garay Iraia Oiarzabal Mujika Emakume errefuxiatuen fluxuen eta sexu esplotaziorako salerosketaren arteko lotura aztertu dute Ane Garay CEAR Euskadiko kideak eta Itziar Gandarias Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Europako migrazio politiken eta sexu esplotaziorako salerosketaren artean harreman zuzena dagoela baieztatzen dute, hain zuzen ere indarrean dagoen mugen politika oztopo bilakatu delako errefuxiatuentzat. Emakumeen kasuan, oztopo horrek salerosketa sareen atzaparretan erortzea dakar kasu askotan. «Militarizazioan oinarritutako mugen kudeaketak eta honen esternalizazioak, hau da, jendea lurralde seguru batera iristea oztopatzen duten neurrien hedapenak, gero eta bide arriskutsuagoak hartzera behartzen dituzte errefuxiatuak», azaldu digu Garayk gai honen inguruan Getxon eman duten ikastaroaren atarian. Egoera emakumeen kasura eramanda, bide hori egitea era guztietako indarkeria matxisten eraginpean dagoela gaineratu du. Bidelagunek zein mugetako funtzionarioek emakumeen kontra erabiltzen duten bortizkeriaz eta bortxaz mintzo da. Horri gehitzen zaio euren herrialdetik ihes egiteko ahaleginean pertsonen trafiko sareetara joko dutela gehienetan, hauek mugak igarotzea eta dokumentazioa lortzera erraztuko baitiete. Aldi berean, trafiko sare horiek sexu salerosketarako sareetara eramango dituzte. Askotan engainuaren bitartez, ostalaritzan edo zaintzan lanpostu bat lortzeko promesarekin. Beste batzuetan, prostituzioan arituko direla jakinda, baina jasango duten esplotazio egoera imajinatu gabe. «Gaur egun sexu esplotaziorako salerosketa munduko negozio edo diru iturri nagusietako bat da. Konturatu dira droga baino hobea dela; droga behin bakarrik erabil daiteke baina gorputzak berrerabilgarriak dira. Etekin handia ateratzen da hortik. Horrez gain, ez dugu ahaztu behar etortzen direla hemen badagoelako merkatu bat», aipatu du Gandariasek gazteen artean azken urteetan emandako prostituzioaren kontsumoaren igoera nabarmenduz. Indarkeria etengabea Joan den urtean aurkeztutako ikerlan batean sexu esplotaziorako salerosketaren biktima diren emakumeen istorioak jaso zituen Gandariasek. «Zergatik ateratzen dira emakume hauek euren herrietatik? Galdera hori egin beharko genioke geure buruari», hausnartu du. Pobrezia, jatorrizko herrialdean bizi duten bortizkeria, genero motibazioko jazarpena... asko dira ihes egitera daramatzaten arrazoiak. Desagertu ez ezik, bortizkeriak bere horretan jarraitzen du ihesaldian zehar. Errealitate horren argazki bat lortu nahian, emakumeon profila zein den galdetu diegu. Esku artean dituzten datuen arabera eta CEAR Euskadin ikusten dutena kontuan izanda, emakume gehienak Saharaz hegoaldekoak direla azaldu digu Garayk. Beraien bulegoetara doazen gehienak hangoak dira, baita sexu salerosketarako esplotatuak diren emakume gehienak ere. Azken hilabeteetan emandako polizia operazioetan desegindako sare gehienak nigeriarrak dira. Adinari dagokionez, oso emakume gazteez ari gara hitz egiten. Gehienak 23 eta 27 urte artekoak dira, nahiz eta iturri batzuek hortik behera ere kokatzen dituzten egun. «Datu modura, 2017ko azaroaren 7an Libia eta Italia arteko bidean –eta hau da sare nigeriarrek erabiltzen duten bide nagusia– patera batean aurkitutako 26 neskato nigeriarrak 14 eta 18 urte artekoak ziren», aipatu du Garayk. Fenomeno hau inguratzen duen klandestinitate egoeragatik, sareon menpe dauden emakumeen kopurua zehaztea konplikatua da. CEAR Euskadiko ordezkariak estimazio batzuk ematen dizkigu: Espainiako Barne Ministerioaren arabera 2015ean 13.789 emakume zeuden egoera horretan. Sexu Salerosketarako Esplotazioaren Kontrako Sarearen arabera zenbaki hori nabarmen handiagoa da: 40.000 eta 50.000 artean. Europa osora begiratuta, Nazio Batuen Erakundeak kalkulatzen du 140.000 inguru direla, emakumeon zirkulazio eta helmuga lurralde nagusietako bat espainiar Estatua izanik. Pisu handiko zor bat «Garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea askotan hedabideak edo erakundeak sexu esplotazioan zentratzen badira ere, ez dela hori bakarrik. Emakume hauen oinarrizko eskubideen urraketaz ari gara hitz egiten», dio Garayk. Izan ere, ihesaldia hasten den unetik jasotzen dituzte erasoak. Egoera latzak deskribatu ditu: «Badakigu hegoaldeko muga pasa aurretik sareek askotan haurdun gelditzera eta haurrak izatera behartzen dituztela. Kasu batzuetan abortu behartuak ere ematen dira, klandestinitatean eta haien bizitzak arriskuan jarriz». Ama izatera iristen badira, egoera ez da samurragoa: «Sareak umeak kentzen dizkiete eta hauen bitartez mehatxatzen dituzte. Aldi berean, umeak muga pasatzeko erabiltzen dituzte, erraztu egiten duelako emakume horiek helmugako lurraldean gelditzea». Oro har sexu esplotaziorako salerosketa sareen menpe dauden emakumeak oso baldintza gogorretan bizi dira. Garayk azaldu duenez, konfinatuta egoten dira, ez dute mugitzeko askatasunik, ezin dira bizi diren pisutik atera, ez zaie lagunarteko harremanik izaten uzten, etengabe kontrolpean daude... Horri gehitu behar zaio prostituzioa ia esklabotza baldintzetan praktikatzen dutela. «Ez zaie bere jardunaren inguruan erabakitzen uzten, hau da, zenbat ordu lan egingo duten egunean, zenbat bezerorekin egongo diren, zenbat kobratuko duten... Are gehiago, gehienetan ez dute ezer kobratzen eta behar dituzten zerbitzu eta produktuak ezin dituzte modu librean eskuratu, sarearen bidez bakarrik lortu ditzakete. Sareak prezio bat ezartzen du eta emakumeek haiekin duten zorra handituz joaten da», azaldu du. Era horretan, sarearen kontrolpean emango duten denbora are gehiago luzatzen da, ez baitira bertatik aterako zorra erabat kitatu arte. «Esplotatutako emakume askok euren herrialdetara itzuli nahiko lukete eta batzuek hala egiten dute. Beraiek, printzipioz, ezin dute itzuli sarearekin duten zorra ordaintzen ez badute haien familien kontrako mehatxuak aurrera eramango dituztelako», dio Garayk. Beste elementu batzuk ere sartzen dira jokoan, izan ere, prostituzioa praktikatzera behartuak izan diren arren, askotan euren herrialdetan horregatik baztertuko dituzte. Zaurgarritasuna erlatibizatu Nola babestu mehatxupean bizi diren emakumeok? Zer gertatzen da polizia operazio batek sare bat desegiten duenean? Ez dira erantzun bakar eta errazeko galderak. Arestian aipatutako zorraren kontuak zerikusi zuzena du, hain zuzen hura ordaindu arte ez direlako libre ikusiko. Garayren arabera, «sarearen kontrako prozesu penal bat irekita egon arren, kondenatzen duen sententziarik ez badago, emakume hauek erabat zaurgarriak dira. Beraz, poliziak oso kolaborazio gutxi lortzen du. Emakume hauek sarearekin zor bat dutela sentitzen dute eta horrek mugatu egiten ditu. Esan dezakegu salerosketa sareen menpe dauden 40.000 emakume horiek behin euren zorra ordainduta aterako direla hortik». Azaldu dutenez, polizia operazio baten ostean bi aukera nagusi daude: asiloarena eta atzerritartasun prozesuarena. Kritiko ageri da Garay joera nagusiaren aurrean: «Asiloarenak giza eskubideen urraketa larri batekin du zerikusia, baina horri ikuspegi poliziala gailentzen zaio, hau da, delituaren jarraipenarena. Indarrean dagoen protokoloaren arabera, poliziak emakume horiei 90 eguneko epe bat ematen die. Tarte horretan ez zaie kanporaketa espedienterik irekiko eta aukera emango zaie kolaboratu nahi duten, hau da, sareari buruzko informaziorik emango duten, erabakitzeko. Kolaboratu edo ez, poliziak erabakiko du haiekin zer egin, urtebeteko erresidentzia baimena emango dion edo kanporaketa agindua emango duen». Gizartearen erronka Gauzak horrela, babesgabetasuna nabarmena da eta horri emakume hauei arreta zerbitzu pertsonalizatu bat eman ahal izateko baliabide falta gehitzen zaio. Normalean irabazi asmorik gabeko erakundeak dira beraiekin lan egiten dutenak, gizarte integrazioa lortu asmoz. Testuinguru horretan, nabarmendu du Garayk, askotan prostituziora itzultzea izaten da emakume horiei geratzen zaien aukera bakarra. «Emakume hauek ez daude babestuta eta ez da erraza salatzea. Emakumeak dira, beltzak eta pobreak. Gizarteak baztertu egiten ditu», gaineratu du Gandariasek. Ideia horrekin bat dator Garay. Neurri batean horregatik ez dute laguntzarik eskatzen, ezta sexu esplotaziorako biktima gisa identifikatzea eskatzen ere. Pertsona horien zaurgarritasuna nabarmena bada ere, Gandariasek aipatu du ez zaiola gustatzen “etiketa” hori jartzea. «Egia da ez dakitela gure hizkuntza, beste kultura batetara datozela, euren familiei gerta dakienaren beldur direla... erabat isolatuta sentitzen dira. Guztiarekin, niretzako superviviente batzuk dira». Biktimizazioaren arriskuaz mintzo da Garay ere, eta nabarmendu du euren kabuz lortzen dutela aurrera egitea. «Migrazio proiektu bat dute eta bizirautea lortzen dute». Errefuxiatuen aferak eta, horrekin lotuta, sexu esplotaziorako salerosketak gizarte bezala zuzenean interpelatzen gaituela ohartarazi du Gandariasek. «Uste dut zerikusia duela daukagun gizarte ereduarekin. Alde batetik, zer irudikatzen duen Europak emakume afrikarrentzako, hau da, zer balore dauden gure gizartean. Eta balore horiek ekonomikoak eta materialak dira», azaldu du. Bestalde, indarkeria etengabea gogorarazi du, baita gure artean daudenean ere. «Ihesaldia bera bortizkeriaz beteta dago eta iristen direnean ere indarkeria ezberdinen biktima dira. Ez bakarrik salerosketa sareetan jasaten dutena, baita gizartearen eta erakundeen partetik ere». Eta horren aurrean honako hausnarketa egiten du: «Zer alternatiba ematen diegu gizarte bezala? Ezin dugu beste alde batera begiratu. Gure kaleetan daude, gure auzoetan bizi dira». «Konturatu dira sexu esplotaziorako salerosketa droga baino hobea dela; droga behin bakarrik erabil daiteke, baina gorputzak berrerabilgarriak dira» «Sexu esplotaziorako salerosketa sareen biktimak ez daude babestuta eta ez da erraza salatzea. Emakumeak dira, beltzak eta pobreak. Gizarteak baztertu egiten ditu»