Juantxo EGAÑA

Elbira Zipitria haurrekin, Andoni Zinkunegiren begian

Andoni Zinkunegi argazkilaria 1920an jaio zen Errenterian. 1936an, tropa frankistak Gipuzkoara sartu zirenean, Ipar Euskal Herrira joan zen bere familiarekin batera. Naziek Estatu frantsesa okupatu zutenetik erresistentziarekin kolaboratu zuen, Ipar Euskal Herrian eta Parisen. 1948an erbestetik itzuli zen bere familiarekin eta Donostiara bizitzera joan zen. Han argazki-denda bat zabaldu zuen, eta batez ere gizarte erreportajeak egiten zituen. Denda 1960ean itxi zuen, baina argazkilari lanean jarraitu zuen. Bere irudiak frankismo garaian ezkutuan argitaratzen zituzten hainbat aldizkaritan plazaratu zituen, 50eko eta 60ko hamarkadetan. Segurtasun motiboak zirela-eta, bere lanak sinadurarik gabe agertzen ziren beti; hala ere, askotan atxilotu zuten, eta zenbait hilabete eman zituen Martuteneko eta Carabanchelgo kartzeletan. Irudi haietan ikurrinak, pintadak eta elkarretaratzeak ikusten ziren. Zinkunegirenak dira, halaber, 50ko hamarkadako Donostiako lehen ikastola klandestinoen argazkiak. Artikulua ilustratzen duen irudia 1954an egin zuen Zinkunegik. Elbira Zipitria ageri da, bere zenbait ikaslerekin, Donostian. Zipitriaren ikasle izandakoek gaur egun kontatzen dutenez, batzuetan ez zuten libururik ere eramaten ikastolara, Polizia Zipitriaren etxea zelatatzen ari zela-eta. Beste batzuetan, berriz, Poliziak etxeko txirrina jotzen zuenean, logeletako oheen azpian gordetzen ziren. Gaur egun 1994an hildako argazkilariaren artxiboa haren familiak dauka.