07 ABR. 2018 Entrevista Txabi Txakartegi ibilbide luzeko pediatra «Gurasoek transmititzen dituzte ohiturak; haiek zelan eta zer jan, haurrak hura ikasi» Haurren osasuna zaindu eta, bereziki, gorputz masa indizea aztertu du. Baina beste arlo askori ere erreparatzen die lekeitiarrak: autonomia, aisialdia... Nerea GOTI Txabi Txakartegik bere bizitza profesionalaren azken 33 urteak Gernika-Lumoko osasun etxeko haurren kontsultan eman ditu. Bertan aztertu du umeen gorputz masa indizearen garapena. Horrez gain, kontzientziatzeko mezu eta aholkuak zabaldu ditu bai ikastetxeetan eta baita familien artean ere. Hain justu, “Umearen pisu sobera, esku hartzea lehen mailako pediatrian” tesiarekin doktoratu zen EHUn. Orain, erretiroa hartuta, kontsultan ikusi eta ikasitakoa herritarrekin partekatzen du. Elikadura, garbitasuna, kirola... hizpide izan dituzu Lekeition, eskolak antolatutako hitzaldi batean. Umeak sasoian daudela esango zenuke? Hitzaldi horretan jorratu genituen elikadura, higienea, kirola eta baita niretzat gero eta garrantzi handiagoa duten aisia eta teknologia berriak ere. Zehazki, horien erabilera gaztetxoen artean. Fisikoki umeak sasoian daudela esango nuke; txertaketa maila oso ona da, nutrizio indizeak nahiko txukunak dira, eta, nire inguruan gutxienez, nahiko seguru sentitzen dira autonomia maila batekin ibiltzeko. Badira, ordea, alde ez hain onak elikaduran. Nire ustez, baina, autonomiaren eta aisialdiaren alorrei serio eutsi behar zaie. Autonomia eta aisialdia diozu. Zergatik? Intoxikazio etilikoak gero eta adin gazteagoan ematen direla ikusi da. Bestetik, kezkatzekoa da umetatik teknologia berriei lotuta ematen duten denbora. Oso inportantea da umeak autonomia bat izatea, txikitatik hasita. Hor daude biak; mugak eta autonomia, eta gakoa horiek zelan maneiatu da. Bereziki kezkatzen nau, teknologia berrien erabilera txarraren ondorioz, haurrak gizartetik isolatzea. Intoxikazio etilikoek ere kezkatzen naute, eta, dauden datuak ikusita, ez bakarrik etilikoek. Autonomiarekin kezkatuta? Kezkatuta barik, esan nahi dudana da umeak gero eta gutxiago direla ume familian. Alde batetik, gauza batzuk alde batera utzi eta umeari nahi duen guztia ematen zaio –eta hori ez da autonomia–. Eta, beste alde batetik, lar babesten da; familian, lagunartean... haurrak ez du autonomia handirik izaten. Gurasoak kezkatuta egoten dira eskolara hamar kilometrora joan behar badu, adibidez. Autonomia galtzen ari dela eta pediatra moduan bultzatu egin beharko genukeela uste dut. Antibiotikoen erabileraz ere hitz egin duzu. Oraindik uste da irtenbide azkarra direla? Duela 34 urte askoz antibiotiko gehiago ematen zen. Apurka-apurka erabilera gutxitzen joan gara. Lortu dugu gaixotasun infekzioso gehienak, birikoak direnak, antibiotiko barik tratatzea. Eskualdeko pediatra guztien jokaera hori izan da. Egun, jendeak onartu egiten du katarro batekin, sukar altua izan arren, sendagilea horren gainean egongo dela eta aztertuko duela zelan garatzen den. Jendeak onartuta dauka, gutxiago joaten da larrialdietara. Kasu batzuetan, ostiralean sukarrarekin hasi, asteburua inora joan gabe pasatu eta astelehenean edo asteartean joaten dira kontsultara gaixotasuna amaitzen dagoenean begirada bat botatzeko. Lehen, hori pentsaezina zen. Antibiotikoen erabilera dela-eta, orain pare bat urte irten zen nazioarteko lan bat; uste dut norvegiarrek atera zutela. Espainiari dagokionez, Valentziako Autonomia Erkidegoko datuak jaso zituen. Ikerketa horretan ikusi zen herbeheretarrek, norvegiarrek eta alemaniarrek baino antibiotiko gehiago erabiltzen zituztela. Grezia, Italia eta Estatu espainola dira antibiotiko gehien erabiltzen dituzten herrialdeak. Harrituta geratu ginen, egunkari guztietan argitaratu baitzen pediatra espainol guztiek –tartean Euskal Herrikoek– gure lana eskas egiten genuela eta beharrezkoak ez ziren antibiotiko ugari erabiltzen genituela. Txema Arginzoniz, Iurretan pediatra egon dena, hasi zen gure eskualdean –Galdakaoko ospitalearen babespean den inguruan– zenbat antibiotiko ematen genuen ikertzen. Ondorioztatu zuen gure datuak Alemaniakoak, Frantziakoak, Italiakoak, Greziakoak eta Valentziakoak baino hobeak direla. Ikerketa horren arabera, eskualdean norvegiarrek baino pixka bat gehiago ematen ditugu antibiotikoak eta herbeheretarrek baino dezente gehiago. Baina Herbehereetakoa kasu berezia da, ez baitute ia antibiotikorik ematen. Gure datuak oso onak dira beraz. Gainera, erabili ohi ditugun antibiotikoak aipatutako beste herrialde guztiek erabili ohi dituztenak baino sinpleagoak eta oinarrizkoagoak dira. Ikusi duzu gaixotasuna berehala mozteko behar hori? Jendeak ez du hainbeste antibiotiko eskatzen, baina kontsulta kopuruak gora egin du eguneko. Jende gehiago etortzen da orduz kanpo arduratuta edo arazoren batekin, hainbat eta arinen tratatzeko. Horrela da, baina arlo guztietan gertatzen da, ez osasunaren gaineko arazoetan soilik. Gure gizarteak gaixotasuna bizitzeko daukan moduagatik gertatzen da. Ez dakit zelan konpon daitekeen, hondorik gabeko putzu bat dela dirudi; baliabide gehiago jartzen badira, segituan betetzen dira eta ipinitako berri horiek ez dira nahikoa. Zure lanaren parte bat gehiegizko pisua aztertzen eman duzu. Arazo larria dela diozu. Lehen mailako medikuntzan gure lanaren zati bat prebentzioari dagokio. Horregatik, aipatu ditudan gauzez gain, saiatu behar gara ahalik eta erradiografia gutxien egiten, ahalik eta antibiotiko gutxien erabiltzen, analitika eta osasun azterketak bultzatzen... Bestalde, antropometria ere egiten dugu; gorputzaren neurketak, txertoak, elikaduraren jarraipena... Gehiegizko pisua baino, gorputz masa indizearen batezbestekoa urterik urte handitzen ari zela ikusi genuen. 1995. urtean Osasuna Euskalduntzeko Erakundeak urtero egiten dituen jardunaldien barruan lan bat egin genuen eta antropometriaren ikuspuntutik gure populazioak zuen bilakaera aztertu genuen. Ondorioa garbia izan zen: Gernika-Lumoko umeen indizea gorantza zihoan. Orduan, plan bat egin eta aholku batzuk zabaldu genituen gizartean, eskoletan eta kontsultan bertan. Plan bat egin genuen elikadura eta kirola ardatz hartuta. Emaitzak positiboak izan dira: ia leku gehienetan ez bezala, hemen indizeak ez du gora egin. Zelan antolatu zenuten egin beharrekoa? Era horretako proiektu bat garatu ahal izateko egonkortasuna behar duzu lanpostuetan eta, gure kontsultan, bageneukan. Consuelo Alvarez erizainak eta biok batera egin dugu lan hainbat urtez eta horrek ahalbidetu du ikerketa. Eskutitz bat bidali zen eskoletara orain 23 urte eta urtebetetzeetan egon ohi ziren gozokiz eta paketez betetako ospakizunak ez egiteko aholkatu zen. Hitzaldi batzuk ere eman genituen gurasoentzat eta kontsultan aholku batzuk ematen genituen; titia ematea, zelan sartu janariak, noiz eman, zer den ona eta zer ez... Mugak finkatzea oso garrantzitsua dela eta haur batek bost jatordu egin behar dituela nabarmentzen genuen; gosariari behar duen garrantzia emateko aholkatu; aurretik elaboratutako produktu gutxiago hartzea gomendatzen genuen; zerealak eta ogia jatera animatu... Geroago, duela 10-15 bat urte, Guraso Elkarteek bultzatuta astean hiru egunetan eskolako hamaiketakoa frutarekin egitea aholkatu genuen. Era berean, gurasoekin batera landu zen bertoko produktuekin elikatzearen garrantzia, eskolako sukaldea autonomoa izatearen onura –bai langileen aldetik eta baita ekoizleen aldetik ere–. Ekintza horiek guztiek gure laguntza eta babes osoa izan dute. Titia emateari dagokionez, espero gabeko ondorioak izan zenituzten. Titia ematea bultzatu dugu beti, baina ez obesitatea saihesteko, gauza askotarako ona delako baizik. Gero, baina, planteatu zen ea titia emateak obesitateari aurre egiteko balio zuen, eta pentsatu genuen posible zela, gehiegizko pisuaren eta titia ematearen datuak aztertuta. Egin dugun ikerketan alderantzizko joera bat ikusi da eta beste lanen batean ere ondorio bera atera dute. Baina, esanguratsua izan arren, ikerketa bat baino ez da eta gehiago aztertu beharko litzateke. Mezua da edoskitze naturala osasunerako ona dela. Haurren egunerokotik, zer kendu behar da? Lehenik eta behin, jatorduetatik kanpoko janariak, kalean jaten diren horiek. Batez ere, gozokiak, snack-ak eta edari gaseosoak. Horiek lehenbailehen kendu behar dira. Gero, egunean fruta bat edo bi hartzen erakutsi behar zaie haurrei. Berdin barazkiekin eta lekaleekin ere, eta esnea neurrian hartu behar da. Esnea ona da, baina jatun onak ez diren haurren kasuan jogurt bereziak –petit suisse eta antzekoak– asko erabiltzen dira eta hori ez da ona. Azukre asko duten jogurtak izaten dira horiek. Horrez gain, arraina jaten irakatsi behar zaie. Orain modan dago haur txikiei elikagaiak purean eman beharrean osorik emateko joera eta uste dut ondo dagoela. Ameriketatik datorren moda bat da eta asko zabaldu da. Kontuan hartu behar da, hori bai, elikagai osasungarriak eta biguntxoak izan behar dutela. Nagusiekin jatea, beren plateretik hartuz eta probatuz, ondo dago. Pureak ondo daude, baina nahiko gauza uniformea dira eta haurrarentzat interesgarria da testura eta zapore desberdinak probatzea. Haurrak «gutxi» jaten du. Etxe askotako arazoa da. Kezka horrek ez dauka fundamenturik ia inoiz. Haurrak pisurik hartzen ez badu, gaixotasunik ote dagoen antzematen saiatzen gara, eta, normalean, ez da egoten. Hau ez dut bereziki ikertu baina esango nuke alderantzizkoa gertatzen dela; alegia, gutxi jaten dutelako kontsultara etortzen diren haur askoren kasuan, gero, nerabezaroan, gehiegizko pisua izateko aukera gehiago dute. Nire pertzepzio bat da. Garbitasuna ere izan duzu hizpide. Zein da mezua? Nahikoa dela urarekin garbitu eta xaboi likidoa astean behin erabiltzea. Xaboiek larruazaleko gantzak disolbatu, larruazala lehortu eta infekzioak errazten dituzte. Gainera, ez da beharrezkoa. Gero, hortzen garbiketarekin txikitatik hastea gomendatzen dut; gasa bat pasatu, suero pixka batekin, beranduxeago pastarekin hasi... Beste kontu bat eguzkiaren aurrean zenbateko babesa erabili behar den izaten da. Eguzkia, gauza guztiak bezala, txarra da asko hartzen bada, baina kontua ez da izpi bat bera ere ez ikustea. Eguzkia, berez, ez da txarra, neurrian hartuz gero. Kontuan hartu behar da hamabi hilabetetik beherako umea ez dugula eguzkitan ipini behar eta hortik gorakoekin logikaz jokatu behar dugula; hau da, 15-25 babes mailarekin nahikoa eta soberan da, beste arazoren bat ez badago behintzat. Kontua da eguzkiaren aurrean denbora gutxi egitea, egunaren erdiko orduak saihestea eta babes-krema ondo ematea –kontaktua baino 30-60 minutu lehenago eta aldiro errepikatuz–. Babes handiagoa du ondo ipinitako 15 mailako krema batek gaizki erabilitako babes osoko batek baino. Eskola jantokien inguruan, beste eredu bat eskatzen ari dira gurasoak azkenaldian, gertuko ekoizleen produktuak kontsumitzeko. Chapeau. Esperientziaren zentro pilotuetako bat Gernika-Lumoko Allende Salazar eskola publikoa izan da. Uste dut oso ondo doala. Guraso elkarteek bultzatzen dute eskaera. Lehenak Larrabetzukoak izan ziren eta urte batzuk dira hasi zirenetik. Gainera, frogatu dute eredu hau merkeagoa dela. Eskualdeko ekoizleen lana saritzen duzu, eta ez dira aurretik elaboratutako produktuak, baizik bertan hartu eta segituan sukaldera doazenak. Lekeition izango duzue Eskola Publikoaren jaia ekainean, egun pasa, ogitartekoa, freskagarriak... Plan ona da? Egun bat da, salbuespena, eta abusurik ez badago ez da ezer gertatzen. Gurasoek ere hartuko dituzte egun horretan txakolina edo garagardo batzuk, normalean baino gehitxoago... Baina jai bat delako egingo dute, eta aisialdi eta autonomia eremu batean. Antzekoa gertatzen da sakelako telefonoarekin: ezin diozu ume bati sakelakoa uzteko esan egun osoan telefonotik eskegita bazaude. Haurrek ikusi egiten gaituzte. Otorduekin berdin, familian jatea, gosari fuertea egitea... eskatzea ondo dago, baina gero zuk zuek ez baduzu egiten... Mezua transmititzen da, aholkuak funtzionatzen du, gurasoengan aldaketa bat badago, gurasoak modu osasungarrian elikatzen badira. Egin kontu egun jaiotzen diren umeak janari lasterraren boomarekin hazi diren gizakien seme-alabak direla, horietako asko oso txarto elikatutakoak. Orduan, askotan, gurasoen elikatzeko ohiturak aldatu behar dira ezer baino lehen. Antzeko beste borroka handi bat izan genuen orain dela 35 urte lehen arretako pediatrek, titia ematea bultzatzeko, orduko ama berri gehienak biberoiz hazitakoak zirelako. Amamek beren garaian biberoia aukeratu zuten, medikuek hala aholkatu baitzieten sasi-zientifismo batez hornituz esne artifiziala. Ondorioz ama horiek ez zuten euren amen jakituria jaso, zelan eman bularra... Askotan borroka handiagoa zen amamekin amekin baino, amama asko kontra zeudelako, biberoiarekin pozik! Gizakiok nahiko malguak gara, leku batera edo bestera mugitzeko, elikaduran nahiko moldagarriak gara. Eta egoera hari buelta eman zitzaion moduan, nik uste dut janariarekin, otorduekin, elikadurarekin ere, gauza bera jazoko dela. «Haurrak gizartetik isolatzea da nire kezka, teknologia berrien erabilera txarraren ondorioz. Intoxikazio etilikoek ere kezkatzen naute, eta, dauden datuak ikusita, ez bakarrik etilikoek»