Nekane Zinkunegi Barandiaran

Iradokizunak

Santa eskea ez al da ohitura polita galtzen uzteko?». «Aurten antolatu al da zerbait inauterien harira? Festetan haurrentzako ekintza gehiago antolatu beharko lirateke». «Ongi daude herriko udaleku irekiak, e, baina udako hilabete bateko eskaintzak urte osorako zabalpena beharko luke, festetan haur jolasak antolatzen dituztenak ardura daitezke horretaz, ezta?». «Pintxo poteoa erabat mozten du errepresaliatu politikoen aldeko azken ostiraletako elkarretaratzeak».

Proposamen edo iradokizun itxuran mozorrotutako eskaera, agindu, exijentzia, inposizio andana entzuten ditut eguna joan eta eguna etorri. Normalean, herriko aisialdiaz oso irudi zehatza dutenengandik etortzen dira: badakite zer nahi duten, nola egin behar diren gauzak, zein balio sustatu behar diren... Baina, ai, ez daude prest irudikatzen duten hori posible izan dadin zirkinik ere egiteko. Arrazoiak? Asko izan daitezke: euren lanarekin badute nahikoa, haurrak zaindu behar dituzte, ez daukate ardurarik hartzeko gogorik eta gaitasunik ez dutela esanez disimulatu nahi izaten dute.

Eta ez dira ohartzen eskatzen duten hori guztia, noizbait egin bada, borondate handiz eta musu truk lanean aritu den jendeagatik izan dela. Eta musu truk ez bada ere, “liberazio” kontzeptuaren barruan sartzen den prekarietate erabateko ordainsariaren trukean izan dela. Lehendik ere ardurak hartzeko prestasuna duen jendeari esker izaten dela. Soldata jasotzea ahalbidetzen dion enpleguaz gain, egunean libre izan ditzakeen gainerako orduak lanez betetzea axola ez zaion jendeari esker izaten dela. Seguru asko, horregatik erretzen naute iradokizunez mozorrotutako eskaerek, Twitterren jaurtitzen diren galdera serioek, edo ezer egin gabe besteek boluntarismoz egiten dutena kritikatzeko zenbaiten ziurtasunak. •