Amagoia Mujika Telleria
Entrevista
Francesc Marzo Bellot
IDAZLEA

«Haustura dagoenean dago sorkuntza. Nik ez dut sorkuntza patxadatik ulertzen, modu eztian»

Zortzi hilabetean lau liburu argitaratu ditu, poesia eta hausnarketa forman. Francesc Marzo Bellot (Bartzelona, 1988) oso sortzaile berezia da; Asperger sindromea dauka, superdotatua da eta bere buruan pizten diren paranoia eta delirioekin josten du egunerokoa. Bere burua den toki berezi horretatik azaltzen du beretzat sortzea arnasa hartzea dela.

Nik gauzak zuzenean esaten ditut, iragazkirik gabe. Zuzenegia izan naiteke eta jendea mindu», eman digu abisua. Kontatu digu bere burua etengabeko guda bat dela. «Nire parte analitikoa oso zorrotza da. Aldiz, nire parte sortzailea, oso askea. Biak dira oso-oso indartsuak eta oso zaila da bien arteko oreka. Horregatik nire barruko borroka oso gogorra da». Bistakoa da borroka horren laztasuna, suma daiteke guda horrek muturrera eramaten duela etengabe. Heriotzaren ideia oso presente dauka.

Sentiberatasun oso bereziko pertsona da Francesc Marzo Bellot. Horren adibide garbia da behin gertatu zitzaiona; «Niri izugarri gustatzen zait Sergei Rakhmaninov pianista eta konpositore klasikoa. Hura entzuten erotu egiten naiz, baina haren pieza bat interpretatzen dudanean... –arnasa sakon hartzen du–. Behin, Rakhmaninov jotzen hasi eta ospitalean amaitu nuen, krisi larri batekin, nire burua erabat gaindituta».

Umetatik inguruak ulertzen ez duenaren motxila darama bizkarrean. Asperger sindromearen traba handienak komunikazioa eta harreman sozialak baitira. Horrek, baina, ez du asko kezkatzen. «Zuek lagunak eta familia aipatzen dituzue lehentasun bezala. Nik ez dut lagunik. Badut maite nauen jendea, baina nire lehentasuna, zalantzarik gabe, sortzea da; sublimea den zerbait sortzea».

Zortzi hilabetean lau liburu argitaratu ditu eta bere azken lana aurkezten izan da Euskal Herrian: “La lógica del delirio”.

«Asperger sindromea duen sortzaile baten hausnarketa bikainak» jasotzen ditu zure azken lanak. Horrela iragartzen da.

Irakurlea erakartzeko modu bat da, zalantzarik gabe. Behin irakurketan sartuta, berehala konturatuko da irakurlea nire lana Asperger sindrometik harago doala. Nire idazkerara sartzeko testuingurua da hori.

Zer da Asperger sindromea?

Espektro autistaren barruan sartzen den sindromea da eta nahasmendu horien parterik funtzionalena dela esan daiteke. Hala ere, pertsonatik pertsonara aldatu egiten da, ez da homogeneoa. Badira sindromea dugun pertsonok komunean ditugun ezaugarriak, baina, badira, era berean, pertsona batetik bestera aldatzen direnak. Nire kasuan, baditut Asperger sindromearen baitan sartzen diren ezaugarriak eta baditut, era berean, bestelakoak, espresuki nahasmendu horretara lotzen ez direnak; paranoiak eta delirioa, adibidez. Horregatik diot pertsona bakoitza mundu bat dela.

Hala ere, eta modu orokorrean esanda, Asperger sindromeak zailtasun sozialak dakartza, inguruarekin harremanak izateko zailtasunak. Eta komunikatzeko zailtasuna ere izaten da. Bi horiek dira ezaugarri nagusiak. Nire kasuan, egia da oso modu berezian komunikatzen naizela inguruarekin, ez ditudala modu konbentzionalak erabiltzen, baina komunikatzen naiz. Egia da gizakiak imitazioz ikasten dituela zenbait jokabide sozial eta nik beste modu batera ikasten ditut, edo, zuzenean, ez ditut sekula ikasten. Horregatik askotan arau sozialak ez ditut betetzen. Horrez gain, askotan esaten da Asperger sindromea dutenek ez dituztela sentimenduak, ez dutela sentiberatasunik eta maskara jantzita joaten direla. Aldiz, nik sekulako sentiberatasuna daukat, oso emozionala naiz eta horrek askotan gainditu egiten nau.

Muturreko sentsibilitate artistikoa duzula esan daiteke.

Bai. Esaterako, ni mundu poetikoan mugitzen naiz poesia iruditzen zaidalako dagoen eta gauzarik garbiena, egiazkoena, sentimendurik aratzena. Sentimendu horrek eraman zaitzan utzi behar duzu, baina, batzuetan, hori arriskutsua da, joaten utzi eta batzuetan ezin duzulako mundu horietatik bueltatu. Batzuetan, zuk bueltatu nahi duzu eta ezin duzu. Arriskutsua izan daiteke.

Zure kasuan, noiz eta nola etorri zen diagnostikoa?

Duela lau urte diagnostikatu zidaten. Nire haurtzaroa eta nerabezaroa oso korapilatsuak izan ziren, psikologoekin eta bestelako espezialistekin etengabe. Berezi samarra nintzela eta denborarekin pasatuko zitzaidala pentsatzen zuten ingurukoek. Baina ez zait pasatu eta ez zait pasatuko.

Horri guztiari gehitu behar zaizkio nik ditudan beste gauzak batzuk, sindromearekin zerikusirik ez dutenak eta are gehiago korapilatzen dutenak nire izatea; paranoiak, delirioak eta beste. Nire kasua konplexuagoa da eta horrek guztiak nire diagnostikoa zaildu eta atzeratu egin zuen.

Baina ordurako, 25 urte nituenerako, krisi larriak izan nituen eta zentro psikiatriko batean ospitaleratua izana nintzen.

Diagnostikoa izateak zerbaitean aldatu al du zure bizitza?

Ez. Nik beti sumatu izan dut desberdina naizela; nire pentsatzeko modua, gauzak egiteko nire modua eta sentitzeko nire modua desberdinak izan dira beti. Ez naiz bakarrik buruaren egituraz edo pentsamenduaren prozesamenduaz ari, nik gauzak sentitzeko dudan moduaz ari naiz. Estremismo ikaragarri bati buruz ari naiz, gauzak sentitzeko orduan ez daukat mugarik eta hori arriskutsua da.

Orain erabat sorkuntza idatziari emana zaude.

Erabat. Sorkuntzak nire burutik salbatzen nau, eta, era berean, mugaraino eramaten nau. Kontraesana da, goraino igotzen nauena, baina baita nire buruari min gehien egiten diona ere. Ez dakit, azkenean, sorkuntzak salbatuko ote nauen.

Zortzi hilabetean lau liburu argitaratu dituzu.

Gainezka egite bat izan da, nire baitan gertatzen den sorkuntza leherketa handi bat. Ez dauka azalpen arrazionalik, zaila da azaltzen.

Sortzeko behar handi bat sentitzen duzu.

Bai, sekulakoa, hil ala bizikoa. 22 urte nituenean krisi sakon bat izan nuen eta psikiatriko batean egon nintzen. Lehenago puskatuta nengoen, baina une horretan are gehiago puskatu nintzen emozionalki. Haustura dagoenean dago sorkuntza. Nik ez dut sorkuntza patxadatik ulertzen, modu eztian. Sorkuntza handiak minetik egiten direla esatera ausartu nintzateke. Nik, behintzat, horrela bizi dut eta badira nire teoria hori berresten duten kasu asko. Mina dagoenean pertsonaren baitan sorkuntza jario ikaragarri bat ematen da. Izan ere, nik ez dut sorkuntza sufrimendurik gabe ulertzen. Nik minetik sortzen dut, sufrimendutik. Nik beti esaten dut gauza sublimeak lortzeko mugak gainditu beharra dagoela eta ni ez naiz sortzearekin konformatzen; nik zeozer sublimea sortu nahi dut.

Jende askok esaten dit badirela gauza garrantzitsuagoak; familia eta lagunak kasu. Nik ez daukat lagunik, ez daukat bizitza sozialik, nire bizitza egitura ez da ohikoa... Hortik abiatuta, nik desberdin ikusten ditut gauzak. Ez dut inor engainatu nahi; ni sorkuntzarekin ezkondu naiz, sorkuntzara lotuta nago eta hori muturreraino eraman nahi nuke. Nire obsesioa egina dagoena gainditu eta toki berri batetik aritzea da. Transzenditu egin nahiko nuke.

Familiak eta lagunek ez dutela lehentasunik diozu. Aldiz, elkarrizketaren aurretik Kataluniako prozesuaz aritu gara eta interesa igarri dizugu.

Kontraesan asko dituen pertsona naiz. Aparteko estadio batean bizi naiz, abstrakzio batean, baina, era berean, toki fisiko batean bizi naiz, Bartzelonan, eta, noski, badut lotura eguneroko gauzekin. Ni oso katalana sentitzen naiz. Eta Katalunia garrantzitsua da niretzat. Baina horrek ezin nau despistatu. Nik garbi daukat nire egitekoa, nire misioa, sorkuntza dela. Etengabeko dualtasun batean bizi naiz; sistematik kanpo nago, baina, era berean, derrigortuta, sistemaren baitan. Benetan gustatuko litzaidake sistematik erabat kanpo egotea, ni etengabe horrela sentitzen naiz-eta.

Ez dut dramatizatzera jolasten, ni horrelakoxea naiz. Sortzeak salbatuko ote nauen ez dakidala esaten dudanean benetan sentitzen dut.

Ekilibrista bat dirudizu, bizitzaren eta heriotzaren arteko sokan.

Etengabe lehengai ilunarekin jolasean ari zarenean, aparteko indar berezi bat senti dezakezu, sortzeko aparteko bultzada. Baina, era berean, edozein unetan gera zaitezke harrapatuta, egoera arruntera ezin bueltatuta. Horregatik esaten dut ez dakidala salbatzea lortuko ote dudan.

Delirioan harrapatuta geratzeaz eta heriotzaz ari zara.

Bai. Nire baitako etengabeko ideia bat da. Baina nik erabaki dut sorkuntzak eraman nazala eraman behar nauen tokira.

Liburuan hausnarketa zuzenak, behin baino gehiagotan irakurri beharrekoak eta oso ilunak jaso dituzu; heriotza, hutsa, iluntasuna, galderak...

Hausnarketa gogorrak dira, iragazkirik gabe agertzen ditudanak. Lengoaiaren muinera joaten naiz, zuzen-zuzenean. Begirada mota hori ez da beti atsegina izaten. Liburuko hausnarketek etengabeko marka bat uzten dute. Lau aldiz irakurrita ere, laugarren aldian marka uzten segitzen dute. Hori uste dut nik. Baina hori irakurleak esan behar du

Zuretzat idazten duzu.

Lehen unean bai. Nik ez daukat beste aukerarik, sortu egin behar dut bai ala bai. Ez daukat alternatibarik.

Filosofia, Matematika, Fisika, Kimika eta Musika ikasten ari zara. Nola da posible hori guztia aldi berean ikastea?

Tira, ez dakit. Duela gutxi superdotatua naizela detektatu dute. Baina ditudan gaitasunez aparte, ni zenbaki bat baino gehiago naiz. Gaitasunak bakarrik ez dira nahikoa. Gero bada beste parte bat; erabat horretara jarria nago, horretara emana, nire sorkuntzarako balio didalako. Eta hori ere beharrezkoa da.

Ez zara nekatzen, ala?

Asko, ikaragarri. Ni oso nekatuta nago. Lo ere apenas egiten dudan. Denbora guztian sortzen egoteko beharra daukat. Baina minez egon arren –bai min emozionala eta baita min fisikoa ere–, sufritzen egon arren, sortzeko behar larria daukat.

Horregatik esaten dut niretzat benetako artea, letra larriz idazten dena, kolpatzen zaituen eta astintzen zaituen hura dela. Benetako artea mugiarazten zaituena da. Bestea, hori lortzen ez duena, ez da artea nire ustez, beste gauza bat da. Eta esperientzia artistiko horretatik bueltatzen zarenean, dagoeneko ez zara pertsona bera, beste bat zara, bizitakoak marka bat utzi dizulako. Ez du esan nahi lehen baino pertsona hobea edo okerragoa zarenik, baina benetako esperientzia artistiko batek zerbait mugitzen eta sortzen du zure baitan.