19 MAY. 2018 TOLOSATIK MUNDURA Elosegui txapel enpresaren 160. urteurrenean, fabrikara bisita Banan-banan egiten dira txapelak Elosegui fabrikan. Eta banan-banan ikuskatzen dira, akatsak dituzten edo ez egiaztatzeko. Egun, 40 koloreko katalogoa dute, baina nahierara ere egiten dituzte txapelak. Teknologia berriak eskulanarekin uztartuta, egungo garaiotara egokitu dira, arrakastaz. «Txapela» esatea, Elosegui esatea ere bada. Oihane Larretxea de la Granja Ardiaren artilean jaiotzen da Elosegui txapela bakoitza. Australiako arraza merinoak ematen du horretarako kalitaterik onena. Fina, leuna eta sendoa. Artile hori ondoren Errioxan harilkatu egiten da eta Tolosako fabrikara ailegatzen da azkenik. Kolore beixa, naturala du oraindik. Tolosa da proiektu honen bihotza, jaio zenetik, orain 160 urte. Fabrikako atea irekitzen dugu. Tik-tik, tak-tak, tik-tik… makinek orduak daramate lanean goizean goizetik, soinuek zelatatzen dituzte. Eta atea zeharkatu orduko ikusten dira txapelak pilatuta kutxa handietan, prozesuaren zein puntutan dauden oraindik ulertzen ez baldin badugu ere. Eta ordurako sumatzen dugu prozesu magikoa dela, berezia, garaiotan maiz ikusten ez den horietakoa. Antonio Eloseguik fabrika 1858an sortu zuenean ekoizpena oso mugatua zen, baliabideen neurrikoa: langile bakoitzak txapela bat egiten zuen eguneko. Hogei urte geroago langile bakoitzak 15 eta 20 txapela artean egiten zituen eguneko. 150 eta 200 artean 1883. urtearen bueltan, eta, 1918rako, 3.500 unitate ekoizten zituzten eguneko lantegian. Gaur egun, teknologiak eta makinek erritmoak bizkortu dituzte, eta, horrenbestez, baita ekoizpena bera ere. Egunean ehun harilko inguru kontsumitzen dituzte, eta harilko bakoitzetik 10 txapela inguru sortzen direla aintzat hartzen badugu… mila inguru egiten dituzte eguneko. Ander Astigarraga zuzendari komertzialaren eskutik ematen ditugu fabrika barruan lehen urratsak. Harrigarria da makina modernoen alboan ehun urtetik gorako makina zaharrak bete-betean lanean ikustea. Nekaezinak bailiran. Enpresa Antonio Eloseguik zabaldu zuenean bereziki sortutako makinak dira, zehazki txapelak egiteko. Garai hartan fabrika Santa Maria Elizaren alboan zegoen, Oria ibaiaren besoetan. Egun oraindik ere arazorik gabe funtzionatzen dute makina zaharrek; ekoizpen erritmoak handiak direnean jartzen dituzte martxan. Ondare industrial garrantzitsua dute lantegian, balio handiko makinak. Lehen fasea da artilea trikotatzea. Akatsik egin gabe sortzen dute ehuna, urrats mekanizatu eta errepikakorrak eginez. Tik-tik, tak-tak, tik-tik, tak-tak… Txapela forma izango duen pieza sortzen dute, txorten eta guzti, baina dendan ikusiko dugun tamainaren hirukoitza. Artilea arina da oraindik, ez da ehun trinkoa, biguna eta malgua da. Eta artilea baino haria ematen du. Neurriak aldez aurretik zehazten dira; bezeroak egindako eskaeraren arabera, jakina. Hala sortu eta hala pilatzen dira prozesuaren fase guztietan, neurriaren eta kolorearen arabera. 9,5 da txikiena; 16 handiena, txapeldunei janzten zaiena hain justu. Harrigarria da neurriak ez direla zentimetro kopuruaren arabera zehazten, pisuaren arabera baizik. Alegia, txapel bakoitzak pisatzen duenaren arabera neurri bat izango du. ««Ekoizten diren txapel guzti-guztiak banan-banan pisatzen dira. Gramoak dira gure erreferentzia, pisuak ez baitu inoiz engainatzen», azaldu du Astigarragak. Adibidez, 12,5 neurriko txapelak 90 eta 95 gramo artean pisatzen ditu. Fabrikan magia egiten da Txapelez betetako kutxen artetik igaro gara, makinen zaratak lagun. Beheko solairura goaz, Ander Astigarragaren hitzetan, «lantegiko lekurik magikoena», ziur aski, behean ikusiko duguna magiatik gertu dagoelako. Hala, ez da kasualitatea enpresan lanean 36 urte daramatzan Koteri Magoa deitzea. Bihurri ezagutarazi digu bere ezizena. Makina asko daude behealde honetan. Hemen, goitik ekarritako txapelek %40 txikitzen dute beren tamaina, jasaten duten prozesuko tenperatura altuaren, lurrinaren eta uraren eraginez. Txapelak ekoizteko prozesuaz gain, Eloseguiren eskutik hitz asko ere ezagutu ditugu, sektorearekin estuki lotutakoak. Pila edo bola, «batán» gazteleraz, artilea kolpatzeko makina da. Burdinazko egitura sendoa du eta egurrezko bi mazo handirekin bueltak eta bueltak, eta astinduak eta astinduak, ematen dizkie barruan sartutako 300-400 txapelei. Makinok 200 urteko antzinatasuna dute, eta osasuntsu daude. «Garbigailuaren danborra balitz bezala bueltaka imajinatu dezakegu, artileari sendotasuna eta leuntasuna eman arte. Prozesuak lau eta sei ordu artean irauten ditu», kontatu digu. Urari eta lurrinari esker, txapelak dendan izango duenaren antz handia hartu du dagoeneko. Magia ikusten hasiak gara. «Prozesuaren ia atal guztietan erabiltzen da lurrina. Etengabe artilea kolpatzean zuntzak gurutzatu egiten dira eta sendotasuna hartzen du, artilea itxi egiten da. Adibide bera jartzen dugu efektua azaltzeko. Denoi izorratu zaigu artilezko jertseren bat garbigailuan. Txikiagoa eta gogorragoa bihurtzen da. Bada, gauza bera lortzen dugu teknika honekin». Kolorea ematea da hurrengo urratsa. Kolorea emateko unea Kote gerturatu zaigu. Han-hemenka, txapelak tindatzen dabil, eta ez da lan makala. Granatearekin dabil orain, Estatu frantsesetik heldutako eskari bat egiten. Garaietara egokitu dira Eloseguin eta egun kartan 40 kolore eskaintzen dituzte, baina «neurrira» egindako koloreak ere sortzen dituzte. Adibidez, garagardo ezagun batek eskari bat egin die eta berde jakin bateko txapelak nahi dituzte, markarekin identifikatzen den berdea. Hori lortzea ere prozesuaren parte da, dantza talde batek bere kolore propioa eska dezakeen bezalaxe, esaterako. Beste hainbeste gertatzen da, adibidez, erabilera militarretarako hainbat herrialdeetatik jasotzen dituzten eskariekin. Mexikorako txapelak egiten harrapatu dugu Kote, eta Uruguaira bidaliko dituztenak ere ia prest daude. Bi multzo handitan bereizten dira Elosegui txapelak: militarrak eta zibilak. Lehenek ez dute txortenik, bigarrenek derrigor. Bi ordu eta erdiz kolorea ematen zaie. Hasieran ura 35 gradutan dago, eta ondoren pixkanaka tenperatura igotzen doa, gradu bat segundoko, 100 gradura ailegatu arte. Atera eta kolorea bilatzen zena dela ziurtatzen dute. Gerta daiteke txapel batzuk “mozkorrak” egotea. Hala deitzen zaie kolorea modu homogeneoan hartu ez dutenei. Kolorea hartu ondoren zentrifugatzailetik pasako dira, baina txapelak ondoren banan-banan ateratzen dituzte, eta banan banan ikuskatu eta zabaldu. Agustin dabil zeregin horretan, eskuak heze eta artileak uzten duen biloa hatzetan itsatsita. Txapelek forma borobila eta egokia har dezaten ezinbestekoa da ondoren bakoitzaren barruan bi ilargi erdiren forma duten moldeak sartzea. Lehendabizi erdi bat; beste erdia ondoren. Txapelak eskatzen duen neurriaren araberakoa. Modu mekanikoan egiten dute lan bi beharginek. Gaur akaso haien eskuetatik 800 eta 1.000 txapel artean pasako dira. Txapelak moldagarriak dira heze eta bero dauden bitartean, horregatik estaltzen da txapela multzoa oihal lodi batekin, gaztaina beroak bezala. Oraindik heze daudela, lehortegira doaz, hiru orduz. Bi egun oso emango dituzte sikatzen tefloi deituriko produktu iragazgaitza jarri zaien txapelak badira. Txapela multzo bakoitzak bere identitate txartela du, paper batean urrats bakoitza idazten da: neurriak, tenperaturak, denborak… Hartara, kalitate kontrola ailegatzen denean akatsik atzematen bada, errazagoa da okerra non gertatu den identifikatzea. Ile apaindegiaren ordua Beheko solairua utzi eta gora goaz berriro, «ile apaindegira». Makina berezi batzuekin banaka txapelei artilea orraztu egiten zaie soberako ileak ateratzeko. Jarraian, moztu egiten dira. Leun eta goxo daude orain. Ia-ia amaituta, baina oraindik ez. Anak 46 urte daramatza enpresan lanean eta milioika txapel egin ditu. Bere ogibidea maite du. Begi kolpe bakarra aski du akatsik dagoen edo ez jakiteko. Kalitatea egiaztatu, txortena neurrira guraizez moztu eta barrualdean, erdi-erdian, etiketa jarriko die. Txapelok saltzeko prest daude. Astigarragak kontatu duenez, bost kategoria daude: oinarrizkoa (Anak ikuskatu berri dituen forrurik gabeak), erdibidekoa, goi mailakoa, emakumeen koloretakoak eta “1858” deiturikoa, «onenetan onena». Nortasun handiko jantzia Kolore gama zabalak, Astigarragaren hitzetan, ondo erakusten du garaietara egokitzeko apustua. «Denok ezagutzen ditugu txapelak bizi izandako garai ezberdinak. Nire bi aitonek txapela erabiltzen zuten, baina ez nire aitak. Belaunaldi hartan haustura bat eman zen; akaso gutxiago herrietan, baina usadioa galdu egin zen, eta denborarekin areagotu egin da hori. Salmentak jaisten joan ziren eta, hala, Elosegui arreta egungo gazteengan jartzen saiatu da. Gazteak, emakume zein gizon. Hotza egiten badu, edo euria, ohikoa dena, txapelaz estaltzeko ohitura berreskuratu nahiko genuke. Erosoa da, edozein lekutan gorde daiteke, goxo zoaz, eta, gainera, ezberdindu egiten zaitu. Identitatea ematen dizu, hain gurea den zerbait daramazu soinean». Sare sozialek txapelaren irudi garaikidea zabaldu dute, eta pasarelara ere igo dute. Isabel Zapardiez ezkonberrien soinekoak egiten dituen diseinatzaileak lortu zuen antza hain aldenduta dauden bi mundu maisutasunaz jostea. «Txapela txapela da eta ez dugu hortik atera nahi, baina nahi genuke gazteak erakartzea, Euskal Herriarekin hain lotua dagoen jantzi hau berreskuratzea, egunerokoan txertatzea». Erraz jartzen dute: txapel laranjak, urdinak, arrosak, horiak, berdeak… dituzte. Arroparen, aldartearen, egunaren arabera, identifikatzeko, nortasuna indartzeko. Txapela buruan eta ibili munduan. «Nik ere txapela maite dut» Zalantzarik gabe, ez da gauza arrunta familia enpresa batek 160 urte betetzea, nortasunari uko egin eta lanari esker aurrera eginda. Ibilbide luzeak emandakoa “Nik ere txapela maite dut” izeneko erakusketan bildu dute. Tolosako Aranburu jauregian dago ikusgai, ekainaren 2ra arte. Sarrera doakoa da eta arratsaldez bisitatu daiteke, 17.30etik 20.30era igande, jaiegun eta astelehenetan izan ezik. Irudi eta argazki ugari bildu dira, eta ondarearen parte diren beste dokumentu eta objektu asko, besteak beste, Joxe Miel Barandiaranen Elosegui txapela. Ez da urteurrenaren harira egin den ekimen bakarra. Aipagarria Xibarit argitaletxeak egin duen liburu-altxorra. Elosegui enpresaren historia bildu du, eta argazki eta irudi galeria oso baliotsuarekin osatu. Salgai dago Tolosako Badel eta Aranburu liburu dendetan. Antonio Elosegui, ausardiaz enpresa bide berriak irekitzen Antonio Elosegui Lizargarate da ezinbestean aipatu behar den izena Elosegui txapel enpresaz mintzatu nahi badugu. Berak sortu zuen, 1858an, gaur egun Europan gelditzen den txapel fabrika bakarretakoa. Argia zen, bizkorra, eta gauzak aurreikusteko gaitasuna zuen. Enpresari grinatsua zen, ekimen handikoa eta beldurrik gabekoa gauza berriak martxan jartzeko. Arrakasta izan edo porrot egin, bide asko eta aurrekaririk gabekoak ireki zituen. Tolosan jaio zen 1834ko otsailaren 23an eta Tolosan bertan hil zen, 70 urte geroago, zehazki 1905eko urtarrilaren 23an. Monica Zavala Echezarretarekin ezkondu zen eta seme bakarra izan zuten, Jose Leon Elosegui Zavala. Euskal enpresarien artean «mugarria» markatu zuela jasotzen du Pako Lizarralde Beguiristainek enpresaren 160. urteurrenaren harira idatzi duen liburu ederrean: “Boinas Elosegui. Tolosa. Txapela 160 urte”. Nazioartean errekonozimendu ugari jaso zituen, sariak, diplomak, ondo egindako lanaren ordainetan. Miguel Elosegui eta Rafaela Lizargarate izan zituen guraso, zehazki, gurasoek elkarrekin izandako zortzi seme-alabetako bat zen Antonio. Diru arazorik ez zuten familian eta horrek goi mailako hezkuntza eta formakuntza ahalbidetu zizkion. Europan zehar hainbat bidaia egin zituen: Belgika, Estatu frantsesa, Alemania… Bidaiotan bere begiekin ikusi zituen industrian jazotzen ari ziren aurrerapenak. Mekanizazioa eraman zuen Tolosako bere fabrikara eta beste maila batzuetan ere modernizatu egin zuen. Atzerrian ikasitakoa aplikatu zuen. Ideia tradizionalistak zituen Antonio Eloseguik, politikari dagokionez. Bere ibilbidea eta gaitasunak zirela-eta, hainbat ardura eskaini zizkioten karlistek, besteak beste diputatu izateko. Guztiei ezetza eman zien, bati izan ezik: kutuna zuen Tolosako alkatea izan zen. Gutxi iraun zuen, aldiz, ardura haietan, 1867ko urtarriletik 1868ko irailera. Lizarraldek liburuan adierazten duenez, denbora oso gutxi izan zen alkate, baina herriko gabeziez eta beharrez «segituan jabetu zen». Guztiak bere poltsikotik konpontzen saiatu zen. Eloseguiren eskuzabaltasunaren hainbat adibide dokumentatu ditu liburuak. Adibidez, Belate inguruko lur batzuk erosi eta Jesusen Zerbitzariei eman zizkien, komentua ura eta argiz hornituz. Tolosako Miserikordia Etxera ere ur zerbitzua eraman zuen, eta Izaskungo Santutegia berreraiki zuen. Santa Maria parrokiari, berriz, Dolorosa eta Kristo Etzanaren taillak eman zizkion. Kristau fina eta leiala zen. 1889an Ondarraga iturburua aurkitu zuen; horrek sortzen zuen Tolosako herriak jasotzen zuen elektrizitatea. Goxoki bat zen. Eta horretaz ohartu ziren hainbat elkarte eta ingeniari. Diru kopuru handi bat eskaini zioten ustiapenaren truke, baina Eloseguik ez zuen begi onez ikusi, eta, saldu baino, nahiago izan zuen herriari uztea. Hala jasotzen du 1900eko martxoaren 5eko udal akta batek. Antonio Elosegui enpresaria zen, baina batez ere ekintzailea. Hura eta bestea probatu zituen, beldurrik gabe. Egun hain ezaguna zaigun kooperatibismorako saioa ere egin zuen baserritarrekin. Bedaioko baserri batean egin zuen. Liburuak hala dio: «Saio batzuk egin zituen, etekin handirik gabe, baina mugarria jarriz gizon ausarta zelako, bere garairako aurreratua». Zenbait baserri eta lur eremu Elosegui markesarenak ziren. Bada, Gurbil-txiki eta Zumizketa baserrietatik hemezortzi hektarea bereizi zituen sagasti erraldoi bat landatzeko Normandiatik ekarritako 5.000 zuhaitzekin. Milaka sagar ekoitzi zituen, gero sagardoa egiteko. Antonio Eloseguirena zen, hain zuzen, Bedaioko Gurbillaundi baserri preziatua, Gipuzkoako handiena. Sei etxebizitza zituen eta bertan 70 bizilagun bizitzera ailegatu ziren. Eraikina Carmen eta Clara arrebek jaso zuten oinordean, baina azken jabea Enrique Zulueta Picabea izan zen, Eloseguiko markesa. Lurrak ustiatzen zituzten maizterrei saldu zizkien, «arrazoizko prezioan». Aberastasun handiak egin zituen Eloseguik, lanaren lanaz lortutakoak. Elosegui txapel fabrikak, 1930. urtearen bueltan, 280 langile zituen. Horiek nola tratatzen zituen azpimarratu zuten, hain justu, liburuaren aurkezpen ekitaldian. Lana eta soldataz gain, «fabrikan bertan jarritako aurrezki kutxa batean uzten den kopuruaren %5a jasotzen dute, Elosegui jaunak berak emana. Badago beste kutxa bat –dio liburuak–, non langileek 25 zentimo uzten dituzten hamabost egunetik behin, gaixotasunen bat izanez gero fabrikan kobratzen duten soldata izan dezaten. Sendagaiak eta sendagileak Antonio Elosegui jaunak ordaintzen ditu». Vatikanoari bere ekimenak ez zitzaizkion oharkabean pasa eta Leon XII.a aita santuak audientzia berezia eman zion. Langileen alde zein herriagatik eta elizaren alde egin zituen ekintzak nahikoa arrazoi izan ziren horretarako. Inpaktu handia eragin zuen Antonio Eloseguiren heriotzak Tolosan zein bertatik kanpo. Gertaera sozial garrantzitsutzat jo zuten lurralde osoan eta prentsa idatziak ere zabal jaso zuen gertaera. Amaierarako bitxikeria. Gaur egun mundu zabalean hain ezaguna eta maitatua den Elosegui txapel fabrikak izan zuen hastapenetan beste izen bat: “La Casualidad”. Atzerriko formakuntzatik bueltan, oihal industria hartzen ari zen indarraz konturatu zen, eta hortxe ikusi zuen argia: fabrika bat jarriko zuen martxan, baina ez txapelak egiteko, galtzerdiak baizik. Emakume nahiz gizon, haur zein heldu, denek janzten zituzten. Handik gutxira aldatu zuen ideiaz, Europan txapelaren erabilera hedatzen ari baitzen, eta Estatu espainiarrean inork ez zituelako ekoizten. Egun, 160 urte ondoren, zutik jarraitzen du enpresak, prestigio eta xarmaz. Izan ere, egun, garai hartan bezala, Estatu espainiarrean txapelak egiten dituen bakarra da. Txapelen neurriak ez dira zentimetro kopuruaren arabera zehazten, pisuaren arabera baizik. Txikienak militarrek erabiltzen dituzte, eta, handienak, berriz, «txapeldunek» Gaur egun 40 koloretik gorako katalogoa dute. Historikoki txapela aitonekin lotu den arren, gazteak erakarri nahi dituzte egun: txapela janztea nortasuna eta identitatea indartzea da