Gorka Elejabarrieta

Beldurra gainditu

Europaren baitan badira estaturik gabeko herrien autodeterminazio eskubidea aitortu eta errespetatzen duten estatuak eta badira errespetatzen ez dutenak ere. Hartara, badira estatu demokratikoagoak edo demokrazia maila altuagokoak, eta badira demokrazia maila txikiagoko estatuak ere. Autodeterminazio eskubidea aitortzera iritsi direnen artean, guztiek ez dute beti jarrera bera izan, prozesu bat eman da estatuotan, barne demokratizazio prozesu bat.

Estatuen jarrera da prozesu independentisten bidea determinatzen duen ezaugarri nagusia. Eskoziako erreferendumak Erresuma Batuaren oniritzia zeukan. Baina Erresuma Batuaren jarrera eta politika ez dira beti berak izan, galde diezaietela adibidez irlandarrei. Nekez uler daiteke Eskoziako erreferenduma Ostiral Santuko bake akordioa kontuan hartu gabe. Gaurko errealitatea, aldiz, hori da, eta Eskozian independentzia –eta Irlandan batasuna– aldeko gehiengo bat dagoenean gauzatuko da. Independentzia edo batasuna eskuratzea posible da, legala da, ez da utopia bat, aukera erreal bat baizik. Irlanda adibide hartzen badugu, argi dago Ostiral Santuko bake akordiora arteko estrategia errepublikanoak demokrazia eza eta gatazka salatzea zituela oinarri. Erabakitze eskubidea eskuratu ondoren, berriz, bere proiektu politikoan zentratzen da. Bigarren fase horretan herritarren gehiengoaren babesa eskuratu beharra dute, bai ala bai, bestela ez dago aurrerapausorik ematerik. Eta horretarako, mezua, estrategia eta lanabesak ezberdinak dira.

Gure herrian ere antzekoa izan da bidea urte luzez. Gatazka politikoaren erresoluzioak Euskal Herriaren aitortza eta autodeterminazio eskubidearen errespetua ekarri behar zituen. Hori izan da gure helburu estrategikoak eskuratzeko helburu taktiko nagusia urte luzez. Estatu espainolak –epe luze batean behintzat– ez duela horrelakorik aitortuko jabetzea izan zen nire ustez gure askapen mugimenduan estrategia aldaketa bultzatu zuen ezaugarri politiko nagusietako bat. Horrek, estatuaren jarrerak eta jarrera hori aldatzeko ezintasunak, gure prozesuaren oraina eta etorkizuna determinatzen ditu erabat. Beste modu batean esanda: Euskal Herria Erresuma Batuan edo Danimarkan egongo balitz, oso egoera diferentean aurkituko ginateke, dudarik ez izan horretan. David Fernandez katalanak ederki laburbildu zuen bide berria honakoa esatean: «Independentziara eramango gaituen bide demokratiko bat eraikitzerik ez badago, demokraziara eramango gaituen bide independentista eraikiko dugu». Katalanek ondo erakutsi digute bidea zein den, beren prozesuaren gauza on zein akatsekin.

Baina, nahiz eta bidea eta estrategia aldatu ditugun, gurean testuinguruak berdina izaten jarraitzen du eta, ondorioz, gure kasuan lana bikoitza da oraindik. Batetik, proiektu independentistaren aldeko gehiengo zabala eskuratzea. Eta, bestetik –edo horrekin batera–, independentzia lorgarria bilakatuko duen bide bat adostea. Gure buruarekin zintzoak bagara, abertzaleon arteko kalapita gehienak bide horren ingurukoak direla konturatuko gara, eta ez horrenbeste helburuaren ingurukoak. Horren arrazoia estatuan nagusi den demokrazia eza eta horrelako bide batek dakartzan edo ekar ditzakeen ondorio latz guztiak dira. Beldurra. Gurean independentzia eskuratzea ez ei da posible, ilegala da, «ez da gertatuko», utopia bat izaten jarraitzen du, ez da aukera erreal bat… Eta horri buelta ematea, independentziaren aldeko babes zabal bat eskuratzea bezain garrantzitsua da. Esango nuke katalanen lorpen nagusietako bat azken hori dela. Lortu dute independentzia aukera erreal bilakatzea katalanen gehiengoarentzat, bai independentziaren alde daudenen artean bai kontra daudenen artean ere. •