GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

IHES EGITEKO ESKUBIDERIK ERE EZ DUTEN GIZAKI HORIEK


Errefuxiatuak etenik gabe iristen dira mundu aberatsaren mugetara, bizi nahi dutelako. Bruselan egunotan elkartu dira Europar Batasuneko agintariak asilo politika berraztertu eta aurreko gailurretan agindutakoa ez dela bete baieztatzeko. Eta muga horien beste aldean gizartearen beheko aldean dauden herritar asko beldurtuta bizi dira, hedabide arduragabeen eraginez, kanpotar horiekin batera beraien hondamendia ere iritsiko delakoan. Eskuinak –zenbat eta muturrekoagoa izan, orduan eta hobeto– oso ondo baliatu du egoera bere posizioa indartu eta ezkerra ahultzeko. Europan, alderdi asko gaiarekiko jarrera aldatzen hasiak dira, botoei eutsi nahian, baina horrenbeste errefuxiatu eragin dituzten arazoak kontuan hartu gabe. Esaterako, gerren sorreran armagintzak duen erantzukizuna aztertu gabe. Jendeak ihes egiten jarraituko du; eta ezkerrekoak omen diren alderdiek, botoak galtzen. Hori bai, arma lantegiek lanean segituko dute.