Maider Iantzi Goienetxe
GURE ZIRKUA ABIATU DA

Lehen belaze bat zegoen lekuan karpa bat dago eta barruan magia gertatuko da

Iker Galartzaren proiektuak zirku handien erritmoa eta txikien hurbiltasuna eta goxotasuna eskaini nahi ditu, hainbat diziplina erakutsi –alanbrea, trapezioa, malabarak, magia...–, heldu eta umeei oilo ipurdia jarri, irria atera. Lehen zirku euskaldunak Amezketan zabaldu du karpa; heldu den astean Aiara joanen da, eta herriz herri ibiliko da urrira arte.

Umetan sorgindu zuen zirkuak Iker Galartza. «Egunen batean…», pentsatzen zuen, «... halako zerbait posible balitz… Baina oso zaila izango da». Denbora pasa eta behin 40 urterekin bi aukera ikusi zituen: zeukanari eustea –«familiari, lanari eta abar»–, edo gauza berriak sortzeko ilusioari segitzea. «Zergatik ez?». Gogotsu harrapatu zuen eta aitzinera jo zuen.

«Ez nekien ondo zer egin, nola egin… Baina karpatxo bat erosteko aukera izan nuen –Estatu frantsesera, ia Luxenburgora joan zen bigarren eskuko baten bila, aluminiozkoa, arina–, eta uste dut oraintxe dela momentu ona. Telebistan lanean ondo ari naiz, antzerkia ere asko egiten ari nintzen azkenaldian… Nirekiko esaten nuen telebista ez dela betiko izango eta horri begira egotea ere ez zait gustatzen. Nire ilusioak betetzeko gogoa dut».

Telebistan jarraituko du halere. «Nire ogibiderik inportanteena eta bakarra hori da. Zirkuak oraingoz gastuak besterik ez dizkit eman. Hiru urteotan zertxobait aurrezten banuen bafletxo pare bat erosten nuen, gero bi foku, eta halaxe joan naiz gauzak osatzen. Gero badaukat berriz ere antzerkira bueltatzeko gogoa, baina uneotan nire energia guztia zirkuan jarri behar dut. Aldaketak batzuetan halabeharrez izaten dira, baina beste batzuetan batek nahita, eta aldaketak onak dira, hala ez gara usteltzen». Hala hasi zaigu solasean aktore amezketarra begiak pizten dizkion proiektu berriaz. Lagun onez inguratuta hasi du abentura. Etxekoak, Poxpolo eta Konpainiako lagunak eta kuadrillakoak ondoan ditu. «Zeinek esan zirkua muntatzen eta desmuntatzen ikasiko zutenik, baina halaxe ikasi dute. Esker ona adierazi besterik ezin dut egin. Eta guztiak afari batera gonbidatu!».

Joseba Usabiagarekin harrapatu dugu lokalean lanean. Alanbrea, krispetak egiteko makina –krispetak egiten ikasten ari dira, zirkuan eskaintzeko–, trapezioa, koltxoneta, hamaika objekturen artean solastatu gara Galartzarekin.

Errepidera atera eta inprobisatu

Tolosako zezen plazan egin zuten proba joan den irailean, eta primeran atera zen. «Ez diot meriturik kentzen, baina erraztasunak besterik ez genituen aurkitu: eroso geunden, dena eskura genuen, herrian bertan ginen... Orain, errepidera aterako gara eta inprobisatzen jakin beharko dugu. Seguru ezusteak suertatuko direla eta konpontzen joan beharko dugu, asteburua iritsi eta emanaldia egin beharko baita».

Artistaren jaioterrian, Amezketan, altxatu dute karpa asteburu honetarako. «Niretzat oso berezia eta inportantea da. Are inportanteagoa beraiek deitu izana honen berri izan zutenean. Herrian jendea ilusionatuta dago».

Alanbrea, malabarak, eskuz eskuko akrobaziak, trapezioa, magia, pailazoak eta zuzeneko musika eskainiko dituzte atsedenik gabeko emanaldian. «Ordu eta hogei minutuko emanaldi dinamikoa edukiko dugu eta hor erritmoa gelditzeak pena handia ematen dit, jendea eroso dagoenean».

Lehen zirku euskaldunak iturri askotatik edan du. «Zirku handiek duten erritmoa jartzen saiatu gara, baina zirku txikiek duten goxotasun eta gertutasunarekin. Iparraldera gerturatu besterik ez dago, zirku familiar pila bat dago. Familia bateko bospasei kidek dena egiten dute. Horietan faltan ematen dira espezialistak diziplina batzuetan. Lehenengo urtean behintzat, ahalik eta diziplina gehien erakutsi nahi ditut, eta zirkuan oso-oso zaharrak diren numeroak».

Publiko guztiarentzat

«Aspertzen naiz esaten eta jendea animatzen, baina ez dut etsiko. Batek esan zidan atzo: ‘Ea alaba etortzen den umeekin oporretatik zirkura joan ahal izateko, bestela amona eta biok ezin joango gaituk, umerik ez zeukaagu!’. ‘Etorri umerik gabe, fenomeno pasako duzue, barre egingo duzue, oilo ipurdia jarriko zaizue, gauza horiek denak bizitzeko ez dago ume bat ondoan eduki beharrik’, erantzun nion. Gazteak ere etorri zirkura, ez zaizue damutuko».

Galartzari gustatzen zaio publiko heldua eta batzuetan emanaldiak berandu jartzen ditu, 21.30ean, etortzera bultzatzeko, baina ezin da gehiegi arriskatu. Egunero 19.00etan jarri dute eta gaur 21.30ean. «Jende horrek zorte hori edukiko du, gauez zirkuan egon ahal izango da». Ordutegiak moldatzen joango dira. Artista gehienak bertan geldituko dira lotan, Euskal Herriko kanpin dendarik handiena dutela baliatuta.

Diru laguntzarik ez

Eusko Jaurlaritzan hutsune bat dagoela erran diote Iker Galartzari diru laguntzez galdetu duenean. «Arte eszenikoentzat bai, baina zirkuarentzat ez». «Barkatu? Eta gurea ez da arte eszeniko bat? Ez da proposamen kultural bat? Berritzaileak izatea eskatzen ari zarete eta ez duzue hau aintzakotzat hartu behar?». Zur eta lur dago Gure Zirkuaren sortzailea.

«Jaurlaritzakoak esaten zidanean ‘ez dago’, erantzun nion ‘bale, zuekin edo zuek gabe, egingo dugu, jendearen laguntza eta borondateari esker, herritar askori esker’. Lagunak, erremintak ekarri dizkiguten herriko erretiratuak, pintatzen lagundu digutenak, egurra mozten. Dena jende horri esker egin da, eta artistei esker. Ez dute kobratzen beharko luketena, ez da duina».

Herri batzuek ateak zabaldu dizkiete parez pare; bertzeek, berriz, itxi. «Zirkua mundu guztiari gustatzen zaio, baina instituzioetan txurreria, feria eta barraken kategorian gaude –salatu du Galartzak–. Nahi duzu merke jartzea, euskaraz egitea, gure herrian, gure herritarrentzat, lehendabiziko aldiz karpa ibiltari bat Euskal Herrian zehar, nahi duzu ahalik eta leku gehienetara iristea… Baina 260-270 lagun kabitzen dira eta ez dugu sarrera 30 euroan jarri nahi. 10-12 euroan jarriko dugu eta pertsona bakoitzaren euro eta erdi horretatik biziko gara».

Gure Zirkukoak garai bateko komikoen antzera dabiltza. «Hauek beren fokutxoa jartzen zuten eta bazekiten filtro bat jartzen eta autoari gurpila aldatzen. Orain aktoreok nahi duguna da ondo kobratu, ordezkari bat eduki lana bilatuko diguna, bideobook polit bat eduki, eta gero grabatzera platora joan, kafe makina ondoan eduki, eta ondo kobratu eta asteburuak, gainera, libre eduki, Port Aventurara joateko eta hondartzan eguzkia hartzeko… Niri ere gustatzen zait», aitortu du irriz. Baina aurten ez du asteburu librerik urrira arte.

Amezketa, Aia, Zumaia, Ordizia... tantaka ematen ari dira hurrengo geltokien berri, jendea mugitzea nahi baitute. Ostegunetik igandera izanen dituzte emanaldiak, eta, muntaketa eta desmuntaketa lanak kontuan izanda, aste osoa emanen dute herri bakoitzean.

Hobetzen jarraitzeko prest

Bira hau gutxi gorabehera itxia dute, baina aurrera begira interesa duen edozein herritara pozarren joanen dira. Zirkua konpletoa da. Artistek pixka bat denetik egiten ikasten dute eta ikasteko asko dagoela jabetzeko ere balio du. «Badu zerbait hor barruan sartzen zarenean, magia bat, denak goxo jarrita. Lehen belazea eta behiak zeuden lekuan, orain karpatxo bat dago. Gure herrira etorri da eta hor barruan zerbait gertatuko da eta ikusi nahi dut, hor sartu nahi dut. Hor barrura sartzea magikoa da».

Zirkuari barrenetik begira ari zela, kontu kontari jarraitu du ordenagailuan webgunearen izena idatzi bitartean: Gurezirkua.eus. «Nirekiko esaten nuen: polita dago, baina kaiola bat ere ematen du. Maindiretxo batzuekin buelta guztia apainduko banu? Hori hurrengorako. Zirkuak zer du? Beti dago zer hobetu». Argazkiak ere erakutsi dizkigu. Publikoarenganako hurbiltasuna ikusten da. Umeak, gurasoak, aitona-amonak, gazteak… Denak barrez eta hunkituta.

Euskal Herriko zirku artistentzat erakustoki bat da Gure Zirkua. Momentuz artistak bertakoak dira, baina zirkua zerbait bada nazioartekoa da eta denei irekita dago. «Bira bukatzean, karpa jaso eta asmoa da Tolosako zezen plazan jartzea, emanaldietarako: txotxongiloak, ipuin kontaketak, kontzertuak…». Zirkuak aukera hori ematen du eta zabalik daude horretarako ere.

«Asvinenea ezagutaraztea eta jendearengana iristea lortu dugu. Izugarria izan da topagunea»

Asvinenea arte eszenikoen sustapenerako laborategia orain hamabost urte zabaldu zen, Aduna eta Andoain arteko inguru paregabe batean. Maitasun handiz eraikitako txoko honetan hainbat diziplina nahasi izan dira: txotxongiloak, clown-ak, antzerkia, dantza afrikarrak... Azken urteotan, zirku teknika aunitzen topagunea da. Iker Galartzak bertako artistekin lan egin izan du Poxpoloren emanaldietan eta Gure Zirkuarekin hasi zenean laborategikoak bete-betean inplikatu ziren. Aste Santuan Tolosan egin zituzten tailerrak beraiek eman zituzten. «Eurentzat egiten duten lana erakusteko aukera on bat da, eta Gure Zirkuari ere oso ongi datorkio. Talde bezala ongi antolatuta daude eta egonkortasuna ematen digu horrek», adierazi du Galartzak.

Erantsi duenez, lan pila bat egiten dute Asvinenean, baina inor gutxik jakin du horren berri. Ekainaren 11tik 17ra egin zen “Asvinenean topa!” arte eszenikoen lehen topaguneari esker, hori aldatzen hasi da. Garazi Pascual kable gaineko orekan ibiltzen den Asvineneako kideak, Gure Zirkuko artista ere badenak, hala kontatu digu: «Izugarria izan zen, benetan bete dugu helburua: jendearengana iristea, bai artista profesionalengana eta bai herritarrengana. Astelehenean hasi ginen eta pentsatzen nuen lasai ibiliko ginela, pixkanaka etorriko zela jendea, baina lehenengo egunetik lagun pila bat inguratu zen deskubritzera eta probatzera eta klaseak gainezka egon ziren. Astearte goizean hamar pertsona egon ziren klasean, ezin nuen sinetsi! Aste osoa oso ondo joan zen. Ostiralean kabareta egin genuen, jendea etorri zen eta maila handia egon zen».

Larunbatean aje pixka batekin zeuden baina klaseak aurrera atera ziren, eta igandean clown-eko kurtsoa ongi atera zen. Ikuskizun batekin eman zioten amaiera topaketari, eta familiak agertu ziren ume pila batekin.

Xedeak gainditu dituztela azpimarratu du Lasturkoak: «Giroa, maila, espazioa ezagutaraztea, otorduak… Irabaziak atera ditugu bai ekonomikoki bai pertsonalki, espazioarentzat ere bai. Jendeak interesa agertu du bazkide egiteko. Kabaret gehiago antolatuko ditugu, urte osoko klaseak… Irakasleak ere oso gustura gelditu dira eta Asvineneara bueltatzeko gogoa dute. Proposamenak jaso ditugu ikuskizun bat egiteko, beste batek klase bat eman nahiko luke… Benetan iritsi gara nahi genuenera, Asvinenea ezagutaraztera».

Denetariko lagunak etorri dira, adin desberdinetakoak. «Guztiei ireki diegu, probatzeko, eta iritsi da. ‘Ahal dut’, pentsatu, joan eta egin egin dute. Iruñetik, Bizkaia aldetik, Gipuzkoatik, Gasteizetik etorri dira. Maila guztietako jendea egon gara eta denak oso ondo moldatu gara. Partekatu dugu, elkarrengandik ikasi, giroa sortu, jendea ezagutu…». Batzuk lotan ere gelditu ziren. Egunero gutxienez 20 lagun egon ziren denbora osoan Asvinenean eta giro ederra sortu zen.

«Sukaldean ibili direnak, klaseetan parte hartu dutenak, irakasleak, espazioak... Ikaragarria izan da parte guztiek berea eman izana topaketa ongi ateratzeko. Gozatuz, ikasiz eta partekatuz egin dugu, gainera. Osotasun bat egon da eta horrek egin du zoragarria izatea lehen topaketa hau, inprobisatua, zero euroko aurrekontukoa, maitasunez eta gogoz egina. Hori nabaritzen da, eta iritsi da».

Aurrerantzean, zer? Tailerrak, kurtso intentsiboak, kabaretak eta ikuskizunak egin nahi dituzte. Espazioan mugimenduari eusten saiatuko dira, Asvineneari bizia ematen. Gure Zirkuan ere ibiliko da Pascual. Dioenez, bi proiektuek izugarrizko bultzada emanen diote zirkuari leku bat izan dezan. Mila amets dituzte eta horietako bat bete dute jada. «Erantzunak esan nahi du jendea hor dagoela eta zirkua nahi duela».