Juantxo EGAÑA

Gabriel Aresti Zornotzan, Xabier Gereñoren kamera aurrean, 1968. urtean

1968an Euskaltzaindiaren 50. urteurrena ospatu zen. Urte hartako abenduaren 3an, urrian Arantzazun euskara batuaren oinarriak definitzeko egindako biltzarraren ondoren, Euskaltzaindiak bilera bat egin zuen Durangon, Disko eta Liburu Azoka zabalik zegoela-eta. Bilera hartara, besteak beste, Gabriel Aresti eta Xabier Gereño joan ziren. Abenduaren 3 hura egun euritsua izan zen, eta, Durangora joan baino lehen, akademiako bi kideak Zornotzan geratu ziren kafe bat hartzeko, urriko biltzarraz hitz egiteko. Xabier Gereñok, halaber, Gabriel Arestiri elkarrizketa egin zion, 1968ko abenduaren 11n “Zeruko Argia” aldizkarian argitaratu zutena. Zornotzan egindako irudia ere, elkarrizketa hura eta artikulu hau ilustratzen dituena, Xabier Gereñok egin zuen, eta, beharbada, Arestiren irudirik ezezagunenetakoa da. Aresti 1957tik izan zen euskaltzain oso, akademian 26 urterekin sartu ostean.