Amagoia Mujika Telleria
EUSKAL DANTZA UNIBERTSITATEAN

Arriskuan dagoen ondarea ordenatzeko eta babesteko saiakera

Non jasotzen da euskal dantzaren eta musikaren inguruko jakituria? Nola ziurtatzen da transmisioa? Nork josten ditu irakasteko irizpideak? Euskal dantza zoko batean galtzeko arriskuaren aurrean, UPV/EHUk titulazio berri bat sortu du, «Euskal dantza: tradiziotik sorkuntzara» izenekoa, ondare horri aterpea emateko.

Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintza berri eta berritzaile bat egin du 2018-2019 ikasturtean master eta graduondoko propioetan: “Euskal dantza: tradiziotik sorkuntzara” izena duen Unibertsitate Hedakuntza Diploma. Bederatzi hilabeteko ikasturteak teoria eta praktika uztartuko ditu eta hiru modulutan banatuko da, bakoitza hiru hilabetekoa. “Euskal Dantzaren teoria eta historia”; “Tradiziotik sorkuntzara, esperientzia eta ekarpen berriak”; eta “Musika, dantza eta pedagogia” dira moduluen izenburuak eta horietako bakoitza modu independentean egin daiteke. Modulu bakoitzak ikastaro osagarri kalifikazioa du eta 10 kredituko balioa. Hartara, hiru moduluak egiten dituenak Diploma lortuko du eta 30 kreditu.

Eskaintza akademiko berria dantzariei eta musika eta dantza tradizionalen eskoletan dabiltzanei zuzendua dago. Gurutze Ezkurdia, Iñaki Goirizelaia eta Miren Gabantxo dira ikasketen zuzendariak. Gabantxoren hitzetan, «guretzat ikasle potentziala gaur egun herrietako dantza eta kultur taldeetan dabilena eta eskolaz kanpoko jardueratan begirale dabilena da. Zergatik? Horiek direlako egun transmisoreak; modu ez formalean transmisio lana egiten ari direnak. Gure helburua da pertsona horiek beren artean kontaktuan jarri eta adostasun batera iristea».

Miren Gabantxoren ustez, UPV/EHUren eskaintza oso interesgarria da eta hutsune bat betetzen saiatuko da. «Eskaintza ez da berritzailea, iraultzailea baizik. Euskal Herriko Unibertsitatea Espainiako Unibertsitate sistemaren barruan dago. Espainian musika eta dantza ikasketak unibertsitate sistematik kanpo daude; horregatik sortu zen, adibidez, Musikene. Euskal Herrian, gainera, arazoa are larriagoa da, euskal dantza eta musika tradizionala deitzen dena –agian ez da tradizionala, popularra baizik–, kulturaren bazter batean geratu direlako. Ume txikiei erakusten zaie euskal dantza eta euskal musika eskolaz kanpoko jardueretan, baina hortik kanpo, non dago aukera euskal musika eta euskal dantza ikasteko? Kukai salbuespena da, tradizioan oinarritutako dantza garaikidea egiten duelarik. Hori kenduta, apenas dagoen aukerarik. Ez dago modu formalean ikasteko aukerarik».

Hartara, kezka hori abiapuntu, saiakera bat egin dute lehen aldiz euskal dantza unibertsitateak eskaintzen duen sistema formalaren barruan sartzeko. «Unibertsitateak formaltasuna eskaintzen du eta saiakera bat egin dugu orain arte sistematik kanpo egon dena sisteman sartzeko. Eta hori da iraultza», gaineratu du Gabantxok. «Azkenean, zuk ez baduzu sistema akademikoaren barruan, ezagutzaren sistemaren barruan, gauza bat jartzen, hori ez da existitzen eta bazterrean geratzen da, zokoratuta», gehitu du.

Unibertsitateak, finean, ezagutza transmititzeko prozesu bat eskaintzen du eta garrantzitsutzat jo dute euskal dantza transmisio hari horretan txertatzea.

Aterpea emateko beharra

Galdera bota du Gabantxok; «euskal dantzaren inguruko ezagutza eta jakituria non gordetzen dira? Kultura higiezina zailagoa da gordetzen. Ondare fisikoa ez dena askoz ahulagoa da eta euskal dantzen kasuan, are ahulagoa, izan dugun egoera soziopolitikoaren ondorioz. Euskal Herriko Unibertsitatean ez badiogu aterpea ematen, edozein unetan desagertzeko arriskuan dago. Jakituria duten musikari eta dantzari askok adin bat daukate dagoeneko eta hiltzen ari dira. Egoera kritiko batean gaude».

Gabantxoren iritziz, Euskal Herriko kasuan zokoratze eta ahazte horrek beste ertz bat ere badauka: «Mundu globalizatuan bizi gara eta Internet bidez beste kultura eta musika batzuei buruzko informazio mordoa jasotzen dugu, Youtube-ren bitartez, adibidez. Jario horren parean, gurea dena, propioa, erabat isildua eta zokoratua geratzen da».

Euskal dantzari aterpe bat emateko beharretik ez ezik, jasota dagoen hori ordenan jartzeko beharretik ere badu eskaintza akademiko berriak. «Euskal musika eta euskal dantza hankaz gora daude. Bakoitzaren borondatearen arabera eta bakoitzak ikasten duen edo ahal duen moduan egiten dira gauzak. Babesteko eta jasotzeko beharra ez ezik, ordenatzeko beharra ere badago. Eta adostekoa. Musikarien, dantzarien, antropologoen... arteko sarea josi beharra dago. Energia hori guztia galtzen ari gara eta hori bideratu beharra dago», defendatu du.

Irakasleei dagokienez, dantza irakasle, ikertzaile eta koreografo sonatuak arituko dira eskaintza akademiko berrian. Beste zenbaiten artean, Jon Maya, dantzaria eta sari asko jaso dituen Kukai konpainiaren zuzendaria; Juan Antonio Urbeltz, euskal folklorearen ikerlari eta Argia taldearen zuzendaria; Iñaki Irigoien, dantzaria eta euskal dantzaren ikertzaile aktiboa; Oier Araolaza dantzari eta antropologoa; Sabin Bikandi etnomusikologian doktorea eta 2015ean Max saria jasotakoa; Patxi Laborda AIKO taldeko musikaria eta dantza irakaslea; Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektore ohia eta Amilotx dantza taldeko zuzendaria; Baionako Maritzuli konpainiako Claude eta Jon Iruretagoiena eta Jon Gaminde, dantzari eta musikaria. Klaseak, gainera, jardunaldiekin, solasaldiekin eta saio bereziekin osatuko dira.

Ikasleak oinarriak, egiturak, sistemak eta historia ikasiko ditu. Kontzeptu teorikoak eta praktikoak eskainiko zaizkio euskal dantzen sorkuntza eta eraldaketa ulertzen laguntzeko, tradiziotik gaur egunera arte.

Irakasteko modua

Eduki teorikoak eta jardun praktikoa ez ezik, ikuskera pedagogikoa eskaintzeko asmoa ere badu heziketak. Gabantxoren hitzetan, «oso arrunta da norbait nerabezarora iristean, dantza uztea. Horren atzetik badago metodologia kontu bat, irakasteko modua, nork eta nola irakasten duen... Horren harira, interesgarria da irakasteko moduak adostea. Ikuspuntu pedagogikoa ere garrantzitsua da eta hori txertatzen saiatu gara».

UPV/EHUren titulazio berri hau, finean, sektorearen eskaera bati erantzuna ematera dator. «Jende askorekin hitz egin dugu eta kezka horiek jaso ditugu. Baten batek tiratu behar du aurrera. Unibertsitatearentzat zaila da, bertako curriculumaren barruan ez dagoelako halakorik. Arrakala bat sortu dugu eta presionatu egin dugu hau unibertsitatearen aterpean sartzeko, oso modu umilean. Baina ideala litzateke horrek indarra hartzea eta bidean sakontzen segitzea», nabarmendu du Gabantxok.

Mundu anglosaxoian ohikoa da unibertsitateko curriculumaren barruan dantza eta musikarekin lotura daukaten ikasketak sartzea. Hori landuta eta erregulatuta daukate. Bada, beraz, zein ispilutan begiratu.

Matrikulazioa zabalik egongo da urri osoan. Lehenengo modulua orain hastekoa zen, baina atzeratu egingo dutela aurreratu du zuzendariak. «Jende askok deitu digu interesa duela esanez, baina astean bi arratsalde oso eskatzen ditu eta askok ezin dute exijentzia maila horrekin, ezin agendarekin bateratu. Hori antolatu beharko dugu. Baina interesa badago».

Ikasturtea Leioako Hezkuntza Fakultatean eskainiko da, astean bi egunetan, arratsaldez, bost orduko saioetan. Esan bezala, hasiera batean urrian bertan hastekoa zen baina atzeratu egin dute. Matrikularen prezioa 900 eurokoa izango da (hiru moduluetako bakoitza 300 euro).

 

 

«oso jende gutxik daki euskal dantza egiten»

«Umberto Ecok esaten zuen nola sailkatzen den goi mailako kultura eta behe mailako kultura. Euskal dantza eta musika beti geratzen dira behe mailako kulturan, bigarren mailakoak direla uste dugulako. Eta larriena da sinesmen hori euskaldun askoren buruan ere badagoela», azaldu du bere kezka Miren Gabantxok. Gaur egun oso bistakoa den errealitate bat nabarmendu du, «larria da, baina gaur egun jende askok ez daki euskal dantzak dantzatzen eta ez du euskal musika ezagutzen. Hori bai, seguru badakitela Shakiraren dantza bat dantzatzen».

UPV/EHUko euskal dantzaren inguruko titulazio berriaren zuzendarietako bat da Gabantxo. Berak garbi dauka, «merezi duen tokia eman behar zaio euskal dantzari. Gure gizartean dantza beti izan da sozializazio tresna oso indartsu bat eta gaur egun ez da horrela. Espazio publikoan zein espazio pribatuan, euskal musika jarriz gero, oso jende gutxik daki dantza egiten modu popularrean. Hori galdu egin dugu».

Hartara, galera horren inguruan hausnarketa piztea eta euskal dantzen ezaugarriak eta esanahiak ulertzea da unibertsitate diplomaren helburu nagusia.