GAUR8 - mila leiho zabalik

Gure bizimoduaren oinarriaz hausnartu beharra


Saudi Arabiaren Istanbulgo kontsulatuan hil zuten Jamal Khaxoggi kazetariaren kasuak hautsak harrotu ditu nazioarteko iritzi publikoan. Yemengo gerran Saudi Arabiak eta bere aliatuek burutu dituzten gehiegikeriek lortu ez dutena lortu du kazetari disidente horren heriotzak. Munduko gobernuen erreakzioak neurtuagoak izan dira; izan ere, Saudi Arabia petrolio erauzketaren munduko potentzia nagusietako bat da. Baita arma erosle garrantzitsua ere, Cadizeko ontziolako langileek ondo baino hobeto dakiten moduan.

Dena den, herritarrek ere kezka puntu batekin bizi dute egoera. Petrolioaren gainean eraikitako erregimen basati horrek erregaien prezioan eragin zuzena izan dezake. Eta gaur egun Brent upelak 80 dolar inguru balio badu, nazioarteko komunitateak Saudi Arabiari zigorrak ezartzea onartuz gero, prezio hori izugarri igo liteke epe motzean. Egun garesti da ibilgailuen depositua betetzea, baina upelaren prezioa 100 dolarrera edo hortik gora iristen bada, poltsikoan eragin handia izango du. Eta horri beste gogoeta bat lotzen zaio: erregaien prezio oso altuak ekonomian eragin kaltegarria izan dezake, garestitze orokorraren ondorioz. Gauzak horrela, mundu osoak ikaraz ikusten du Saudi Arabiako krisia.

Ekonomian eragin kaltegarria izan lezake baina, beharbada, ingurumenari begira onura izan daiteke. Erregaien prezioak igotzea bitarteko oso eraginkorra izan daiteke CO2 emisioak gutxitzeko; eta horrek tenperatura igoera mantsotu dezake, klima aldaketa baldintzatuz. Hala, paradoxikoki, ingurumenarentzat onuragarria dena ekonomiarentzat kaltegarria da. Gure ekonomiaren garapena, beraz, ez dator bat gure ingurumenaren beharrekin. Kontraesan horretaz aspaldi jabetu ginen, baina lehia horretan ekonomia lehenesten da beti. Tentuz jokatzeko eskatzen dute denek, ez ote dugun ekonomia kaltetuko. Ingurugiroa eta giza eskubideak bigarren mailan uzten ditugu, ekonomiak izan ditzakeen kalteen ondoan. Eta bi aurpegiko jarrera horrek Saudi Arabia bezalako erregimen gogor eta gupidagabeak gaur arte irautea ahalbidetu du.

Kalte ekonomikoak era askotakoak izango dira. Hasteko, erregaiak garestitzearekin batera, ziur asko automobil salmenta gutxituko da. Eta automobil-industria gaur egungo gure ekonomiaren ardatz nagusietariko bat da. Horregatik mimatzen dute horrenbeste gobernuek ekoizpen adar hori: auto zaharrak aldatzeko laguntzak, abiadura muga ahalik eta altuenak, errepide gero eta hobeak, eta abar.

Baina gure ekonomia modu zabal batean aztertuz gero, laster konturatuko gara edozein merkantziak gure eskuetaraino iristeko milaka kilometro egiten dituela: osagai batzuk leku batean egiten dira, beste batzuk beste batean, muntaketa beste nonbait, eta abar. Horrelako sistema ekonomikoa erregaiak merkeak direlako da eraginkorra. Eta Saudi Arabia bezalako estatuek ahalbidetu dute eskaintza merke hori. Horren truke ez ikusiarena egiten dute gainerako estatuek. Garraioa zaila eta garestia balitz, industria askoz hurbilagoa kokatua egongo litzateke eta merkantziek ez lukete horrelako bidaia luzerik egingo. Eta ingurumenak ere eskertuko luke.

Baina hobe da gauza hauetaz ez hitz egitea, noski, bestela gure bizimodua zeren gainean eraikita dagoen hausnartzen hasi beharko genuke. •