10 NOV. 2018 ELIKADURA PROIEKTUA Elikadura burujabetzaren gaineko jardunaldiak Laboreren eta IPESen eskutik Elikadura sistema bertokoa, agroekologikoa eta soziala izatea aldarrikatzen duten hainbat elkarte sortu dira Euskal Herrian azken urteotan. Haietako batek, Labore Bilbok, urtebeteko ibilbidea egin du, eta, proiektua zabaltzeko asmoz, elikadura burujabetzaren gaineko jardunaldiak egin ditu IPES elkartearekin. Xabier Izaga Gonzalez Zer egin dezakete herritarrek Bilbotik, elikadura burujabetza helburu izanik? Nondik eta Bilbotik, biztanle gehien biltzen dituen Euskal Herriko hirigunetik, hain zuzen. Zer egin daiteke merkataritza gune handiak jaun eta jabe diren inguruan, nekazaritza eremuaren berri argazki bidez edo gehienez asteburuko txangoetan baino izaten ez den ingurutik? Galdera horrek gidatu ditu asteon Bilbon izan diren jardunaldiak. Erantzun bat nekazariekiko harreman zuzena sortzea da, eta dagoeneko abian da hainbat lekutan, baita Bilbon bertan ere. Kontsumitzaileen eta nekazarien arteko «aliantza» horrek Labore Bilbo du izena, eta Santutxuko Haro plazako denda bat, egoitza. Beraz, zerbait egin daitekeen konbentzimendutik harago, egiten ari den egiaztapenetik abiatu ziren joan den astearte, asteazken eta osteguneko mahai-inguruak. Santutxuko denda horretan tokiko produktu agroekologikoak saltzen dituzte, eta elikadura ez dute negozio gisa ulertzen, eskubide gisa baizik. Gertuko eta kalitateko produktuak hobesten dituzte, betiere bidezko prezioan. Bidezkoa bai ekoizlearentzat bai kontsumitzailearentzat; gizartearentzat, alegia. Labore Bilbo nekazarien eta kontsumitzaileen elkartearen helburua ez da diru mozkin potolorik lortzea; bai, ordea, etekinak lortzea, kontsumitzaileentzat bezala nekazarientzat ere. Osasuntsu jan, ekoizleari salneurri egokian ordainduta, salneurri justuan, alegia. Ia urtebete bete duen ekimen hori denda bat baino gehiago da. Arrandiarik gabe eta betiere elikadura burujabetza ipar, ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko harreman zuzena sustatu ez ezik, praktikan jarri ere egin du. Horregatik ez da ohiko denda, gizarte proiektua ere bada. IPESekiko elkarlana Labore Bilbok urtebetetsu baino ez badu ere, proiektua ez zen joan den urteko abenduan sortu, ezta bat-batean ere, aspaldiko hausnarketa baten ondorio baita. Amaitu ez den hausnarketa, proiektua garatzearekin batera haren gaineko gogoeta etengabea baita. Horren adibide dira aste honetan izan diren jardunaldiak, Labore Bilbok berak eta IPES elkarteak antolatuta. IPES elkartea ezaguna da, eta ibilbide luzea du. 1977tik euskal herritarrak prestatzeko materialak landu izan ditu, herritarrak «janzten» jardun du, euren hitzetan. Berrogei urte pasa eman dute, eta jarraitzen dute, «prestatzeko jantzigintza herritarra» antolatzen. Norberaren ingurunea ezagutu eta eraldatzeko, edozein arlotan, guztientzako prestakuntza; diotenez, aniztasunak ematen baitie «jantzien neurria». Elkartea zabalduz joan da, baita lan egiteko modua berrituz ere. IPESen egoitzan hiru langile finko daude, baina jende ugari mugitzen da bertan batetik bestera, hirurogei kolaboratzaile inguru baititu hainbat lantalde eta saretan; horiez gain, dozenaka eragile zenbait proiektutan elkarlanean. Bilboko egoitza horretako artxibategian «perla andana» topa daiteke, eta orain digitalizazio eta zabaltze lanetan dabiltza buru-belarri. Askotariko gaiak landu dituzte berrogei urteotan, euskal herritarren prestakuntza eta euskal kultura sustatzea xede: euskal gaiak, emakumea, ezker pentsamendua, nazioartea... Partekatutako kezka IPES elkartearen kezketako bat elikadura burujabetzaren gainekoa da; kezka, beraz, Labore Bilborekin partekatzen du. Euskal Herriko lehen sektorearen egoera giltzarri da: «Azalera handiko denden kateetan kontsumitzaileok ordaintzen dugunaren parte txiki bat baino ez da itzultzen lurra lantzen dutenen eskuetara». Multinazionalen merkatu sarea ikaragarri indartu da zazpi herrialdeetan, denda txikien kalterako, saltoki handiak erraztasun guztiak dituzten bitartean. Euskal Herriko janariaren %90 kanpotik dator, eta janariaren kontrola daramaten erakundeetako arduradunek harreman zuzena dute hainbat multinazionalekin. Horiek horrela, bi elkarteek bat egin dute gero eta garrantzi handiagoa duen kontu baten inguruan lan egiteko, arazoak aztertu eta irtenbideak bilatzeko, baita gizartera zabaltzeko ere, guztiei parte hartzea eskainiz, gizarteari eragiten dion arazoa baita eta gizarteak berak eman behar baitio irtenbidea. Jardunaldiak Labore eta IPES elkarteek orain dela bi urte jardunaldi batzuk antolatu zituzten, Laboreren sorrera laguntzeko, hain zuzen ere, eta oso balorazio positiboa egin zuten. Elkarlan haren segida lirateke, beraz, “Elikadura burujabetza: zer egin dezakegu herritarrok Bilbotik?” lelopean antolatutako jardunaldiak. Alternatiba izan nahi duen proiektu bat bultzatu nahi dute, eta horretarako hirian elikadura burujabetzaren kontzientziazioa areagotu eta sakondu beharra sumatu dute. Izan ere, jardunaldiok gogoeta pizteko antolatu dituzte. Santutxun ez ezik, Bilboko beste auzoetan ere. «Hiria nolabait urrun dago baserrietatik, baina, beste hainbat tokirekin alderatuta, euskal hiriak ez daude horren urrun, eta Bilboko jendea herrietara joaten da, herrietako jendea Bilbora joaten den bezala, eta kultur zentzuan ere hurbil daude», diotsa GAUR8ri Miren Saez Labore Bilboko eta Etxaldeko Emakumeak taldeko kide eta jardunaldien antolatzaileetakoak. Hurbiltasun hori baliatu eta sendotzeko ideiatik sortu zen Labore Bilbo, nekazarien eta kontsumitzaileen elkarte gisa. «Denda itxurako zerbitzu bat antolatu zen, denda hutsa ez ezik, elikadura burujabetza bultzatzeko proiektua ere badena, eta, azken batean, beste eredu bat ardatz duena». Jardunaldiak asteartean hasi ziren, Kafe Antzokian. Ane Zabala moderatzailearen gidaritzapean Malu Egiluz Etxaldeko Emakumeak taldeko kidea, Unai Aranguren, EHNE-Via Campesinakoa eta Iñigo Bilbao ENBA Euskal Nekazarien Batasunekoak heldu zioten lehen gaiari: “Nekazarien eta kontsumitzaileen arteko aliantzak nola bultzatu?”. Ekoizleen lan baldintza duinak Esan zutenez, lehenik baserritarren egoera ezagutu beharra dago, haien beharrizanak, egoera hori hobetzeko. Elikadura burujabetza sustatzea eurentzat herri bakoitzak nahi duen elikadura sistema definitzeko eskubidea izatea da, eta sistema hori abian jartzeko behar diren tresna guztiak eskura izatea. Laborek aldarrikatzen duen elikadura sistema bertokoa, agroekologikoa eta soziala da. Hiru hitzotan laburbiltzen dute nahi duten eredua. Bertokoa, hemengo produktuak bultzatzen dituztelako, baina ez edozein produktu, baserritarrek, arrantzaleek edo artzainek egindakoak baizik, ekoizle txikiek; izan ere, ereduak jasangarria izan behar du, ingurumena errespetatzen duena, dibertsifikatua, eta naturaren erritmoaren araberakoa. Eredu agroekologikoa. Bertoko produkzioa sustatu nahi dute bertoko baserritarren lan baldintzak defendatuz, haien papera aitortuz, «haiek ekoizten dutena jango dugulako, eta hori gure bizitzaren oinarrian dago. Arrantzaleek, baserritarrek, artzainek zaintzen dute jendearen elikadura, eta, beraz, bizitza. Eta horrelako eredu batean ekoizten dutenean, konfiantza ematen digute». Kontsumitzailearen osasuna zaintzeko ez ezik, gure kulturaren eragile gisa eta ingurumenaren zaintzaile gisa ere beharrezkoak direla uste dute, horregatik aldarrikatzen dute ekoizle horien lan duina. Lan baldintza horiek duinagoak izanda, haien garrantzia aitortuta, erakargarriagoa izango litzateke jardun hori, gazte jende gehiagok ekingo lioke eta hain beharrezkoak diren ekoizleen kopurua handiagoa izango litzateke, behar den moduan. Izan ere, gogorarazi zutenez, Euskal Herrian jaten denaren oso ehuneko txikia da hemen ekoitzitakoa. Emakumea, baserriaren sostengu Hain zuzen ere, bigarren mahai-inguruko gaiko protagonistak gazteak eta emakumeak izan ziren, nekazaritzaren etorkizunaren bermatzaile gisa: “Gazteak eta emakumeak, nekazaritzaren etorkizuna”. Nekazaritzaren eta kontsumo ohituren aurrean zein den gazteen eta emakumeen papera aztertu zuten Indautxuko Elcano kaleko udal aretoan Alazne Intxauspe, Amets Ladislao eta Amaia Lekuek. Horiek ere baldintza duinagoak lortu beharra mahaigaineratu zuten: bidezko salneurriak eta behar dituzten lurrak eta tresnak eskuratzeko aukera. Horretarako politika publikoak bultzatu beharra dagoela esan zuten, Euskal Herrian behar den guztia ekoizteko lurrik ez baitago, industriara begirako gehiegizko landaketak edo garraio azpiegiturak direla eta. Bertoko elikadura sistema nahi bada, hori aztertu egin beharra dagoela aipatu zuten. Emakumeari dagokionez, Amaia Lekuek gogorarazi zuen emakumeak sostengatu duela euskal baserri txikia, bertoko praktikak erabiliz, bere isilpeko lanarekin. Hiru hizlariek beren bizipenak partekatu zituzten, eta esan zutenez, kontuan izan beharra dago baserriko emakumearen egoera. Oro har baserritarrek zailtasun handiak dauzkate eta emakumeen zailtasunak bikoiztuta daude, baina baita ikusezin bihurtuak ere. Badira ekoizteko proiektuak abiatzen dituzten emakumeak, baina, ohiko oztopoez gainera, gizate patriarkalak eurei jartzen dizkienak ere topatzen dituzte. Nekazaritza sektorea gizonena izan dela esan zuten, eta emakumeek ere lan egin arren, gizonek hartu izan dituztela beti erabakiak. Horra, bada, emakume horien beste erronka bat, erabakiguneetan egotea, alegia. Hirugarren mahai ingurua gure edizioa ixteko garaian izan zen; edonola ere, Miren Sanz Laboreko kideak dioskunez, Marie Cristine Elizondo eta Arturo Villanuevak Ipar Urruñako esperientziak partekatzekoak ziren Santutxuko Labore dendan. “Ipar Euskal Herriko aire freskoak ezagutzen” lelopean elikadura burujabetza ikuspegi ezberdinetatik aztertzeko asmoa zuten. «Iparraldeko errealitatea desberdina da; esate baterako, politika publikoei dagokienez», dio Mirenek. Urtebete eta «oso pozik» Santutxuko denda zabaldu zutenetik urtebete betetzear, haren ibilbidearen balorazioa eskatu diogu Miren Saezi. «Oso pozik gaude», dio galdera entzun orduko, «bazkideen parte hartzea gero eta sendoagoa delako, gero eta jende gehiagok parte hartzen duelako». Laborek aldarrikatzen duen elikadura sistema, esan bezala, hiru hitzek laburbiltzen dute: bertokoa, agroekologikoa eta soziala, eta azken horretan kokatzen dute ekoizleen egoera. Labore elkarte bat da, denda bat, baina proiektua sakonagoa baita, «harago doa». Denda abian jartzeak lan handia eskatu zien, eta orain oso pozik daude gero eta produktu gehiago dauzkatelako, 800etik gora, hain zuzen, eta baita gero eta hornitzaile gehiago, 100etik gora. Bost bitartekari baino ez daude, gainerako guztiak ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko harreman zuzenak dira. «Lorpen polita da, horixe zen gure hellburua, ekoizle txikien produktuak hirira ekartzea. Jakina, hori lan handia da, batez ere hasieran», jarraitu du Mirenek. Produktu horien erdiak baino gehiago Bizkaikoak dira, eta gehien-gehienak Euskal Herrikoak. Dagoeneko bi langile dauzkate, eta luze gabe beste bat hartzeko asmoa dute. Bestetik, bazkideen lantaldeak sortzen ari dira, eta, Mirenek dioenez, badute «borondatezko esfortzu txikia» non egin. Komunikazio lantaldea harremanak sortzeaz arduratzen da, eta alde soziala dinamizatzeaz. Azken hilabeteotan, astero hiltzaldi bat antolatzen hasi dira, eta laster buletin bat abian jartzeko asmoa dute, informazioa zabaltzeko, esate baterako zein diren sasoiko produktuak eta haien onurak azalduz, kozinatzeko modu ezberdinak erakusten dituzten errezetak eskainiz… Dastatzeak ere egiten dituzte, Laboreko produktuak eta ekoizleak ezagutarazteko. Datorren urtean bisitak antolatu nahi ditutzte etxaldeetan, produktuak eta ekoizleak bertatik bertara ezagutzeko. Ia 300 bazkide hasi ziren Bilboko Laboren, eta, Mirenek dioenez, espero baino polikiago emendatzen doa kopuru hori. Orain 420 inguru dira, eta gehiago izatea dute erronketako bat. Horixe da aste honetako jardunaldiak antolatzearen motiboetako bat, Santutxutik kanpoko jendea ere proiektura gerturatzeko. Izan ere, ez dago erosketak egiteko beste auzo batzuetara joateko ohiturarik. Hori kontuan izanda, beste alternatiba batzuk pentsatzen ari dira gainerako auzoetan presentzia handiagoa izateko. Bazkideak ere, asebeterik Uda baino lehen nolabaiteko inkesta egin zuten bazkideen artean, haien aurreikuspenak bete diren jakiteko, eta oro har jendea oso pozik agertu zen. Mirenek dioenez, nabari da pozik daudela, biltzarretan jende askok parte hartzen baitu. Bertan hartzen dituzte erabaki nagusiak. Oso garrantzitsua omen da parte hartze horri eustea, proiektuaren alde guztiak landu behar dituztelako. Nabaritzen dutela dio, halaber, bazkideek argi daukatela zein den helburua: norbere erosketan erabakitzeko aukera izatea, zer eta nola erosi nahi duten. Hasieran esfortzu nagusia denda abian jartzea zen, orain alde soziala garatzeko pilatzen dute indarra. Beren ikuspuntua partekatzen dutenekin aliantzak sortzea ere oso garrantzitsua dela dio. REASekin harremanetan dira, ekonomia sozial aldatzailea bultzatzeko, baita Fiare Banku Etikoarekin edo, jakina, IPES elkartearekin ere. Antzeko proiektuekiko harremanei ere eusten diete; esate baterako, garraioa elkarrekin antolatzeko, ikasitakoa partekatzeko: «Bidean ikasten joaten zara». Hala, Labore Oarso, Labore Txingudi edo Landarerekin ere harremanetan dira. Baita Errigorarekin ere, eta ekimen nafar horren saskiak Labore dendan egoten dira ikusgai. Halaber, agroekologia eta elikadura burujabetza bultzatzen dituzten baserritarren zenbait sindikaturekin ere lan egiten dute, eta horiek proiektuan parte hartzen dute. Badute baserritarren batzorde bat ekoizpenarekin eta prezioekin zerikusia duten erabakiak hartzeko. Labore. Denda, gizarte proiektua, bizi eredua. Laborek, betiere elikadura burujabetza ipar, ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko harreman zuzena sustatu ez ezik, praktikan jarri ere egin du. Gizarte proiektua ere bada «Euskal Herriko janariaren %90 kanpotik dator, eta janariaren kontrola daramaten erakundeetako arduradunek harreman zuzena dute hainbat multinazionalekin» Alternatiba izan nahi duen proiektua bultzatu nahi dute IPESek eta Laborek, eta, horretarako, elikadura burujabetzaren kontzientziazioa areagotu eta sakondu nahi dute hirian Badira ekoizteko proiektuak abiatzen dituzten emakumeak, baina baserritarren ohiko oztopoez gainera, gizarte patriarkalak eurei jartzen dizkienak ere topatzen dituzte