Ainara Lertxundi
IMELDA, BI ALDIZ BIKTIMA

Aitaordeak bortxatu ostean izan berri zuen alaba hiltzen saiatzea egotzita hogei hilez izan dute preso El Salvadorren

Imelda Cortezen auziak hautsak harrotu ditu El Salvadorren. 12 urterekin aitaordeak lehen aldiz bortxatu zuen. Eta hala egiten jarraitu zuen urte luzez. 20 urterekin etxeko komunean izan zuen umea hiltzen saiatzea egotzita atxilotu eta epaitu berri dute. Aske gelditu da hogei hilez preso egon ostean.

Abortua erabat debekatuta dago El Salvadorren, berdin du amaren bizitza arriskuan den edo haurdunaldia bortxaketa baten ondorio den. Zigorra, kartzela da.

Imelda Cortez 20 urteko neska gaztea da. Jiquilisco izeneko herrian bizi zen, Usulutan departamentuan. 12 urte besterik ez zituen aitaordeak lehen aldiz bortxatu zuenean. Urte luzez jarraitu zuten bortxaketek. Anaiei min egingo ziela egiten zion mehatxu aitaordeak isilik egon zedin. 2016an haurdun gelditu zen. Ikasten ari zen oraindik. Urrutiko batxilergoa egiten ari zen. Desgaitasun kognitibo txikia du.

Bere buruari ukatu egin zion Cortezek haurdun egon zitekeenik. Preso den 71 urteko aitaordeak bere adina dela-eta seme-alabarik ezin zezakeela eduki esan zion eta Cortezek hala sinetsi zuen. Horrez gain, hilero botatzen zuen odola hilerokoa zela uste zuen. «Nik benetan usten nuen ez nengoela haurdun, hilabetero zikintzen nuen. Nire buruari behin eta berriz esaten nion ez zela posible haurdun egotea eta hala zela sinetsita nengoen», adierazi zuen El Salvadorreko “Factum” aldizkarian eginiko elkarrizketa batean.

Abokatuek azaldu zutenez, odol isurketa horiek enbrioia umetokian jartzean edo infekzio baten ondorioz gerta daitezke. «Haurdunaldia ukatzea uste duguna baino ohikoagoa da. Haurdunaldiaren hogeigarren astean, haurdun dauden 475 emakumeetatik bati gertatzen zaio, eta, jada erditzeko dauden 2.500 emakumeen artean, bati. Errealitate horrek ikuspuntu desberdinetatik jorratu beharreko erronka legalak eta etikoak planteatzen dizkizu», nabarmendu zuten Angela Jenkinsek, Simon Millarrek eta James Robinsek “Journal of the Royal Society of Medicine” aldizkarian, 2011ko uztailean argitaratu zuten artikuluan.

Cortezen auzian, bortxaketa sistematikoak, pobrezia, baliabide gabezia eta inpunitatea ere gehitzen dira. Biolentzia testuinguru horretan haurdunaldiaren ukazioa gerta daiteke, adituen hitzetan. Baina, fiskalarentzat, haurdunaldia ukatzeak bere erruduntasuna frogatzen zuen.

Ospitalean bertan galdeketa

2017ko apirilaren 17an, tripako min handia nabaritu zuen Cortezek. Astebete zeraman kaka egin gabe. Ziztu bizian komunera joan eta «zerbait botatzen» zuela nabaritu zuen, zer izan zitekeen jakin gabe. Odoletan eta oso minduta zela ikustean, etxeratu berri zen amari deitu zion. Amak bere koinatari laguntza eskatu zion eta autoa zuen bizilagunarengana joan ziren, ea ospitalera eraman zezakeen galdetzera. Tarte horretan, konortea galdu zuen Imeldak. Jiquiliscoko erietxean zegoela, medikua erditu berri zela konturatu zen. Amak plazenta erakutsi zion. Ohean etzanda zegoela, galdeketa egin zion medikuak.

Non erditu zen galdetu zion. Hasiera batean, erditu zenik ukatu zuen. Medikuak Poliziari hots egin zion eta Cortez atxilotu egin zuten. Poliziek eta soldaduek etxeko fosa septikoan topatu zuten erditutako haurra, negarrez. Umetxoa ospitalera eraman zuten. Haurdunaldiaren 38 eta 40 asteen artean jaio zen, beraz, ohiko epean. Medikuek egin zuten txostenean aditzera eman zutenez, egoera onean zegoen, azala arrosa kolorekoa zuen eta hidratatuta zegoen. Abokatuek txosten hori erakutsi zioten epaileari Cortezek ez zuela haurraren kontra deus ere egin frogatzeko, baina, aldiz, ez zien jaramonik ere egin.

«Haurra osasuntsu aurkitu zuten. Auzi amorragarria da, benetako biktima, Imelda, gaizkile bat bezala tratatu baitute. Ez dituzte bere oinarrizko eskubideak errespetatu. Sexu biolentziaren biktima izanik, laguntza psikologikoa eman beharrean, atxilotu, espetxeratu eta epaitu egin dute», salatu du Paula Avila-Guillenek, Women’s Equality Centerreko zuzendaria Latinoamerikan.

2017ko apirilaren 21ean, haurra jaio eta lau egunera, Jiquiliscoko Bake Epaitegiak Cortezen aurkako prozesu penala abiatzeko agindu zuen. Giza eskubideen defentsan lan egiten duen Center for Justice and International Law (CEJIL) elkarteak salatu duenez, auzian defentsa eskubidea eta prozedura egokia izateko eskubidea urratu dira. «Justifikaziorik gabe agindu zuten Imelda Cortezen behin-behineko espetxealdia; ez zegoen ez ihes egingo zuen ez ikerketa oztopatuko zuen arriskurik. Bederatzi aldiz atzeratu zuten adituen balorazio psikologikoa, Cortez espetxetik Medikuntza Legaleko Institutura eramateko baliabiderik ez zen aitzakiapean. Aurretiko bista zazpi aldiz bertan behera utzi zuten balorazio psikologikoa falta zelako eta kartzelatik epaitegira eramateko baliabide faltagatik. Azkenean egin zioten azterketa psikologikoaren arabera, Cortezek desgaitasun kognitibo arina du; aldiz, prozeduran ez zuten hori kontuan hartu. Aurretiko bistan, epaileek auziarekin jarraitzea erabaki zuten sexu biolentziaren biktima dela aintzat hartu gabe. Ez zuten DNA proba onartu. Umearen aita Imeldaren aitaordea zela eta haurdunaldia bortxaketa baten ondorio zela frogatzen zuen proba hain zuzen ere. Epaileek ez zuten kartzelaren ordezko bestelako neurririk onartu», nabarmendu du CEJILek. «Fiskaltzak ez zuen modu berean jokatu Cortezen aitaordearekin. Aurten atxilotu dute Cortezen aldeko erakundeen presioagatik», gaineratu du. Cortez bera hilabete luzeotan egon den espetxe berean, San Miguelen, dago preso, adin txikiko bat bortxatzeagatik.

Astelehenean, Hugo Noe Garcia epaileak aske utzi zuen, hilketa saiakera delitua bertan behera utzita: «Erditzea bera une traumatikoa izan zen berarentzat, are gehiago, sexu biolentziaren biktima izanik. Odol asko isuri zuen, konortea galdu arte. Egoera horretan den emakume bat ez dago delitu bat egiteko baldintzetan». Epaitegiaren aurrean, Cortezen senide, lagun eta abortuaren aldeko mugimenduetako ordezkariak zain zeuden. Txalo artean eman zioten ongi etorria.

Cortezen askatasuna exijitzeko adierazpena 62.000 pertsonek sinatu zuten. Epaitegi aurrean zeuden hedabideei eginiko lehen adierazpenetan, Cortezek jasotako elkartasuna eskertu zuen eta orain bere asmoa ikasten jarraitzea eta alaba zaindu ahal izateko lanean hastea dela esan zuen. «Nire alaba zaindu nahi dut, berak ez baitu gertatu zaidanaren errurik», adierazi zuen.

Auziak hautsak errotu ditu El Salvadorren eta nazioartean, eta abortuaren eztabaida berriro mahai gainean ipini du. Gobernuz kanpoko erakunde askok abortu terapeutikoa onartzea exijitzen dute. Epaiak esperantzari ateak irekitzen dizkiola adierazi dute.

2000 eta 2011 artean, gutxienez 129 emakume epaitu zituzten El Salvadorren abortua erabat debekatzen duen legea eskutan. Egun hamazazpi emakume daude preso haurdunaldia eteten saiatzea leporatuta. Askotan erditzea etxean gertatzen da edo larrialdi obstetriko baten ondorioz. Emakumeen profila beti errepikatzen da: gazteak eta pobreak.