«Sare sozialetako argazkien ondorioz eraso matxistak ematen dira ikastetxeetan»
Mundu errealean bezala, mundu digitalean ere bota ditu sustraiak matxismoak. Eta erabat horretan eta horretara bizi diren nerabeak ez dira lokatz horietatik salbu, Esti Linares ikerlariak bere tesian jaso duenez.
Bideo jokoak, sare sozialak eta Youtube. Nerabeak. Baloreak. Eta indarkeria matxista errepikatu, hedatu eta indartzeko tresnak. Esti Linares ikerlaria institutuetan aritu da eztabaida taldeak sortu eta tesia lantzen. Ondorioak edonor arduratzeko modukoak dira. Indarkeria matxistak bere lekua areagotu du, baita sarean ere. Ikergaiaz aritu gara berarekin berbetan, lantoki duen Deustuko Unibertsitateko gela batean, gazte artean.
Errealitate matxista digitala aztertu duzu. Zer dago hitz horien atzean?
Batez ere gizartean dagoen matxismoa errepikatu egiten da teknologia berrietan; bideo jokoak, youtuberrak eta sare sozialak. Sexismoa islatzen ari da bertan, batez ere nerabeen artean.
Nerabeen munduan murgildu zara zu.
Ikasleekin eztabaidaguneak sortu ditut, eta teknologia berrietan ematen den sexismoa ikertzeari ekin diogu. Batetik, mutilek eta neskek gaur egun dituzten konpetentzia teknologikoak aztertu ditugu; informatika ikasteko izena ematen dutenak batez ere mutilak dira, eta horren atzean leudekeen arrazoiak ikertu ditugu. Bestetik, nerabeek dituzten jarrerak aztertu ditugu. Bideo jokoetan zergatik jokatzen dute batez ere mutilek? Atzean genero eskemak daudelako.
Iceberg bat irudikatu duzu ikerketan. Teknologien arloan, zer da puntan ikusten dena eta zer dago azpian?
Azpian batez ere jarrerak eta estereotipoak daude. Kode batzuk barneratuta ditugu, eta gero estereotipoak ematen dira teknologien alorrean. Normaltzat hartzen dugu errealitate berri hori. Horrek sortzen du puntan dagoena. Zer dago puntan? Zibererasoak. Emakumeak emakume izateagatik jasotzen dituzte zibereraso sexistak edo sexualak. Adibidez, neska batek bera biluzik agertzen den argazki bat bidaltzen dio mutil bati, eta, honek, neskaren baimenik gabe, lagunen artean zabaltzen du. Gero eta gehiago gertatzen ari da hori. Horren ostean, neska horrek irainak, isekak eta komentario sexistak jaso ohi ditu sarearen bitartez. Sare sozialetako argazkien ondorioz eraso matxistak ematen dira ikastetxeetan.
Zibererasoetatik eraso sexualetara ere ematen dira urratsak?
Badago eztabaida taldeetan behin eta berriro errepikatzen eta ateratzen den kasu bat. Neska batek bere Instagram kontura argazki intimoak igo ostean, institutuan jaso ohi dituen eraso sexualak dira nabarmenenak. Neska hori putatzat etiketatu ohi da. Zurrumurruak hedatzen dira, eta geldiezina den egoera bat sortzen da.
Gaiok ikertzen hasi zineneko hipotesiak baieztatu egin zaizkizu?
Susmo batzuk guztiz egiaztatu ditut. Matxismoa egon bazegoela pentsatzen nuen, eta erabat baieztatu ahal izan dut hori, youtuberren diskurtsoetan adibidez. Era berean, matxismoa beste kanal batzuetatik ere erreproduzitzen da. Baina ikerketan zehar gai berriak ere topatu ditut. Adibidez LGTBI kolektiboak pairatzen dituen erasoak. Kasu honetan, youtuberra gay, lesbiana edo transexuala denean, homofobia eta transfobia islatzen duten erasoak eman ohi dira. Susmo batzuk banituen ere, horren zehatz ikustea ikaragarria izan da. Eta eraso horien normaltasunak harritu egin nau.
Era berean, oso diskurtso eraldatzaile eta alternatiboak badaudela ere konturatu naiz. Gero eta neska gehiago ikusten ditut sarean matxismoaren kontrako mezuekin. Aldaketa egon badago. Youtuberren artean ere, espazio alternatiboak sortzen ari dira, eta bestelako erresistentzia batzuk daude, zorionez.
Zein da nerabeen eta ohiko hedabideen arteko harremana?
Bitxia da, baina beraientzat tradizionalak diren hedabideekin ez dute inolako harremanik. Ez dira existitzen. Une bakoitzean zer ikusi erabakitzeko ahalmena oso garrantzitsua da gazteentzat. Orain youtuber bat edo beste gauza bat ikustea alegia. Telebistan, aldiz, telesail bat edo bestea ikustea ordutegiaren arabera finkatuta dago oraindik ere. Gainera, beraiek bizi duten errealitatea eta telebistatik nagusitzen dena zeinen ezberdinak diren nabarmentzen dute beti. Alegia, nerabeek beste errealitate bat bizi dute, hedabideetan islarik ez duena.
Bideo jokoen kasuan, nagusiki mutilentzat pentsatutakoak dira gehien-gehienak. Nola da posible neskak ere gustura arituko diren bideo jokorik ez egotea gaur egun?
Azterketa sakonagoa izateko, kapitalismoa aztertu beharko genuke. Interes batzuei erantzuten die une honetan merkatuak. Zergatik dira ezagunagoak youtuber batzuk besteak baino? Marka batzuek bultzatzen dituztelako dira ezagunagoak zenbait youtuber. Bideo jokoetan ere aukera zabala da, milaka eta milaka daude. Eta badira espazio berdintsuak eraikitzen dituzten jokoak ere. Baina bideo jokoen artean badago sektore bat kode eta eskema “supermaskulinoetan” eraiki eta garatutakoa; gerra, indarkeria, indartsuena izatea… Joko oso salduak dira, publizitate asko dago beraien atzean.
Orain arrakasta itzela lortu du “Fortnite” jokoak. Nerabeak, batez ere mutilak, horretan ari dira egun. Beraien kulturaren parte bilakatu da, horrekin jokatu behar dute, egunero. Izugarriagoa da “GTA 5” jokoa, dena dauka: arrazakeria, matxismoa, sexismoa, indarkeria… Bertan emakumeek prostituta baino ezin dute izan. Eta hori da joko salduena. Horretan jokatzen direnak dira “guayenak”.
Eta sortu da alternatibarik? Feminismoak badu diskurtsorik edo praktikarik alor honetan?
Gutxi, eta, gainera, nagia ematen du. Ez da ia ezer landu, eta sekulako esparrua dago hor. Eta hor badago paradigma berri bat. Bide jokoetan gero eta gehiago jokatu, orduan eta zaleago. Eta askok bere profesioa bide horretatik lantzea erabakitzen du. Beraz, alternatibak sortzeko funtsezkoa da neskak ere bideo jokoetan aritzea. Baina jokatzeko, gustuko bideo jokoak egon behar direnez…
Ziberkontrola ere nabarmen igo da gaztetxoen artean, ezta?
Eztabaida taldeetan oso gauza bitxia atera zen. Neskek beraiek aitortzen zuten gehiago kontrolatzen zituztela beraien bikotekideak. Garrantzitsua da ondo azaltzea. Beraien kontrola oso pasiboa zen: mutil lagunaren azken konexio ordua, argazkietan norekin ateratzen zen begiratu, joandako lekuak… Baina ez zuten mutilen bizitza “osoa” kontrolatzen.
Dependentzia emozionaletik kontrolatzen dituzte beraien mutilak. Maitasun erromantikoa dago horren guztiaren atzean. Mutil laguna galtzearen arriskua edo beldurra daukate. Eta, era berean, mutil lagunengandik jasotako kontrolaz aritzen ziren neska batzuk: noiz aterako ziren, norekin, zer egiten zuten, nola janzten ziren... Egiten duten kontrola baino handiagoa jasaten dute neskek.
Neskak gehien eta gusturago ari diren sare soziala Instagram dela esan daiteke, baina badu kontrako efektua ere sare honek.
Batez ere haien gorputzengan du eragina. Sare sozialak erabiltzeko moduak eta moduak daude, gauza onuragarriak eta itzelak egin daitezke, baina sarritan kontrara bihurtzen zaizkigu. Instagram batez ere itxura da. Itxura, itxura eta itxura. Genero estereotipo eta kanonak sortzen ditu. Institutuetan nerabeekin lan eginda konturatu naiz neskek zenbat sufritzen duten indarkeria sinbolikoagatik. Une oro beraien gorputzekin txarto sentituz, ez dakite emozioak nola kudeatu. Sortzen diren erreferenteek, jarraitzaile asko eta asko dituzten instagramerrek adierazten duten “postureoa” da jarraitu beharreko kanona. Hortik kanpo bazaude, sufritzea besterik ez dagokizu. Eta normalean beren gorputzak gorrotatzera heltzen dira.
Kosifikazioaz, Interneten emakumeen gorputzak objektu bilakatzeaz aritu zara zure tesian.
Kosifikazioa hori da, emakume baten gorputza objektu bezala tratatzea. Gorputza objektu soilera murriztea. Publizitatean aurretik ikusi izan dugu. Instagramen, berriz, areagotu egin da hori guztia. Eta horrela sentitzen zara. Hori eskatzen dizu gizarteak, eta horrela jokatu ohi dute emakumeek bertan. Txikitatik ikasitako prozesua da; Barbie panpinekin hasita, gorputzak gizartean duen eragina barneratuta daukagu. “Zure gorputza izango da gauzarik garrantzitsuena”, mezu hori jaso ohi dugu txikitatik. Horregatik gorputza zaindu beharra dago, eta horrelako gorputzik ez baduzu, kanpo geratuko zara.
Feminismoak ahalduntzerako aldarriak egiten dituen honetan, zein litzateke neska gazteen aukera teknologia berrien alorrean?
Jabetze horretan badaude argiak eta itzalak. Badira gero eta gehiago jabetzen direnak, beraien burua feministatzat dutenak, eta horrela jarduten saiatzen dira, baita sarean ere. Matxismoa ikusten duten bakoitzean salatzen dutenak dira. Aktiboak dira. Feminismoa ideologia bezala eta mugimendu bezala gaia lantzen ari da, eta postura oso positiboak ikusten dira sarean bertan. Neskengan badu eragina feminismoak, baina ez ordea mutilengan. Eta hor erresistentziak sortzen dira.
Mutilek ez dute pribilegiorik galdu nahi, eta horretarako prest egon behar da. Bestetik, gaur egun botatzen diren mezuak aztertu behar dira. Maskulinitate berrien mezua batez ere helduei igortzen zaie, baina maskulinitate berriok gazteentzako balio ote duten duda egiten dut.
Eta zuk ze bideo joko, sare eta erreferentzia aholkatuko zenituzke?
Bideo jokoei dagokionez, nik beti “Just dance” aholkatzen diet, barruan daramagun dantzaria ateratzeko. Horrez gain “Minecraft” ere asko gustatzen zait. Azken finean, ez dago genero rolik eta espazio mistoak eraiki daitezke. Beste joko batzuetan emakumeak eta gizonezkoak dauden arren, sortzen den espazioa ez da mistoa. Kode maskulinoetan daude eraikita.
Eta, youtuberren artean, batez ere Psico Woman aholkatuko nuke. Oso indartsua da, eta Instagramen ere aritzen da. Jarraitzaile asko ditu eta oso mezu zuzena dauka.
Euskal Herrian topatu duzu erreferentziarik?
Niri ere eskatu didate youtuberra izateko, baina ez dut urrats hori eman oraindik. Soy Una Pringada izango da Euskal Herrian jarraitzaile gehien dituen neska; Barakaldoko Esty Quesada. Kapitalismoari barre egiten dio, bere desadostasunak agertzen ditu sarean. 200.000 jarraitzaile baino gehiago ditu gaur egun.
Hezkuntzan gaiok ondo lantzen direla uste duzu?
Urtean bi ordu eskainita ezinezkoa da. Gauza asko aldatu behar dira, lehenik eta behin, ematen diogun garrantzia bera. Hitzaldi bat eskaini eta jarrera guztiak lantzea ezinezkoa da. Uste dut egokiena guzti honi buruzko ikasgai bat lantzea izango litzatekeela. Finlandian gaiok ikasturte osoan zehar jorratzen dituzte. Beharra badago, aniztasun sexuala lantzeko, harremanei buruz aritzeko, hezkidetza, arrazakeria, berdintasuna lantzeko. Sustraitik lan egin behar da, eta modu egonkor batean. Teknologia berriek gero eta garrantzia gehiago dute eta arretaz landu beharko genituzke.