19 ENE. 2019 IKUSMIRA AURRERABIDEA ATE JOKA ETA INDIOAK KEXU Izaga, Xabier Trena aurrerabidea da. Omen. Indioek baino ez zuten trenaren aurka egin, «mundu berri» hartan. Mundu zahar honetan, berriz, lau baserritarrek. Aurrebidean aurrera egiteko tresna hori ez zelako beren aurrebidea. Gaur egun inork ez du ukatzen trena tramankulu ona dela. Baina aurrebidean aurrera egiteko tresna hori ez da aurrerabidea. Atzo Gasteizko trenbidea lurperatzeko proiektua aurkeztu zuten. Polit askoa. AHTri esker gauzatuko dute halako batean, akaso, proiektu hori, Bilbora eta Donostiara, eta akaso Iruñera, aitaren batean iristeko tren bizkorraren proiektuaren baitan, hilean hilean aurrekontua emendatzen duen proiektua. Metropoliko ministroak euskal gizartearen premiekiko konpromisoa agertu zuen; hainbat indiok, ordea, oraindik ez dakite zein diren beren premiak. Milioi batzuen banaketaren berri eman zuten agintariek: ehunka batzuk Metropoliaren bizkar, beste batzuk Gasteizko Gobernuaren, Aldundiaren eta Udalaren kontura. Den-dena ordainduko dute eurek. Zeren kexu dira indioak? Xabier Izaga Gonzalez