Maite Ubiria Beaumont

Demografia-kurbak isla zinez krudela du kartzelan

Frantziako espetxe ikuskariak bere urteko txostena aurkeztu berri du. Adeline Hazanek Hexagonoko kartzeletan dituzten herritarrek pairatzen duten egoerari buruz ohar larriak egin ditu, beste behin ere. Ohiturari jarraituz, hedabide nagusiek 2018ko dosierrean jasotako zifrarik potoloenak aipatu dituzte. Frantses Estatuan dauden 188 kartzeletan 71.000 preso daude. Alta, 60.000 plaza baizik ez ditu aspaldi gainezka egin zuen kartzela-parkeak. Justizia Ministerioak iragarritako erreformaren irismena ezbaian jarri ondoren, ikuskariak espetxe ereduaren porrota nabarmendu du, «kartzela gizarteak dituen arazo guztien jasotzaile bilakatu baita».

Egun bateko ekaitza eta urte osoko barealdia. Horrela laburbil daiteke txostena plazaratzen den bakoitzean gertatzen den erantzuna. Izan ere, interesa izanez gero, espetxean dauden pertsonen egoerara hurbiltzeko hainbat tresna eskura jarri ditu, aurten ere, ikuskariak. Hurbilpen gizatiar batez, hurbilpen kritiko batez, manikeismorik gabeko gerturatze batez ari naiz. Txostenak argiki erakusten baitu kartzela gero eta unibertso itxiagoa bilakatu dela. Alegia, aukerak oso murritzak direla Errepublikaren atzeko patio ilunetan gertatzen den eskubideen galera iraunkorra bertatik bertara ezagutzeko.

Salaketa eta gomendioz beteriko txosten luzean atentzio berezia ematen du presoen batez besteko adinak azken hamarkadetan izandako etengabeko gorakadak. 1980ko hamarkadan Frantziako ziegetan 37.000 preso zeuden eta %1ek baizik ez zuten 50 eta 60 urte arteko adina. 1997an preso-multzo hori %3koa izatera heldu zen. Iazko txostenaren arabera, «erretreta adina» gertu duten presoen kopurua dezente emendatu da: %11 dira egun, zehazki. Demografia-kurbak gizartearen egoera orokorrari eragiten dio, baina kartzelan duen islak ondorio larriak ditu. Hazanek bi helduleku aukeratu ditu egoera aztertzeko. Alde batetik, ondorioztatu du frantses kartzelek ez dutela adineko presoek dituzten beharrei erantzuteko baldintza aski, dela osasun, mugikortasun edo eguneroko ibilmoldearen ikuspuntutik. Bestetik, aipagai izan ditu baldintzapeko askatasuna edo zigorraren etenaldia eskuratzeko zailtasunak.

Agerikoa da azken urteotan frantses gobernuek bultzatu dituzten lege erreformek norabide bakarreko politika hobetsi dutela: karrikatik espetxera daraman norabidea, alegia. Espetxe administrazioak emandako datuen arabera, egun 70 urtetik gorako 2.205 preso daude kartzeletan. Hazanek premiazkotzat jo du «zigorraren zentzua aintzat hartuta, eta, gizatasuna ardatz, espetxealdia eteteko neurriei buruz gogoeta egitea». Hainbat tresna badira horretarako. Horietako bat da 2002an Badinter txostenak marraztu zuen zigorra eteteko prozedura. Alta, gehienetan neurria heriotzaren atarian diren presoei baizik ez zaie aplikatzen.

Legea eskuetan, politika mendekari horrek justiziaren zentzua guztiz bihurritu du. Hiru euskal herritarrek ere pairatzen dute justiziaren galbideratze horren bertsiorik latzena. Ion Parot (68 urte), Xistor Haranburu (65) eta Jakes Esnal (68) dira. Espainian preso dagoen Unai Parot (61) bezala, hilabete honetan sartuko dira kartzelaldiaren 30. urtean. Baldintzapeko askatasuna behin eta berriro ukatu zaienez, Macronen mahaigainean ezarri dute bizi arteko zigorra bertan behera uzteko erabakia. •