Jon ELGETA
JANARIA GOZATZEKO, EZ GAIXOTZEKO

Kutsatutako elikagaiei aurrea hartzeko nazioarteko ahaleginak Etiopian eta Suitzan

Etiopian joan den otsailean eta Suitzan hil honetan bertan, mundu osoko adituak elkartu dira, gizakiok jaten ditugun elikagaiek kalterik egin ez dezaten. Munduko populazioa etenik gabe gora doala-eta, aspaldidanik entzuten dugu janari asko ekoiztu beharko dela horrenbeste milioi pertsona elikatu ahal izateko, baina kezka horri beste bat erantsi zaio azken bolada honetan: elikagai horiek ez daitezela kutsatuta egon.

Addis Abeba Etiopiako hiriburuan orain aste batzuk egin zen Elikagaien Segurtasunari buruzko Nazioarteko Lehen Konferentzia. Mundu osoko 130 herrialdetako ordezkariak bildu ziren: zientzialariak, gai horren inguruan lanean ari diren erakundeak, kontsumitzaileen ordezkariak, elikagaien ekoizleak, gizarte zibileko makina bat elkarte eta sektore pribatua. Bertan ibili ziren zenbait herrialdetako ministro batzuk ere: Nekazaritza, Osasuna eta Merkataritza sailetakoak, batez ere.

Hitzordu haren harira, hedabideek kontatu ziguten bakterioek, birusek, parasitoek eta gai kimikoek kutsatutako elikagaiek urtean 420.000 pertsonaren heriotza eragiten dutela, beste 600 milioi lagun gaixotzeaz gain. NBE Nazio Batuen Erakundeko espezialistek kalkulatu dute herrialde pobretuetan sekulako kalte ekonomikoa eragiten dutela alferrik galdutako jakiek: 95.000 milioi euro inguru.

Fenomeno moderno horren biktima nagusiak baliabide gutxiko herritarrak dira, eta horien artean, umeei tokatzen zaie parterik txarrena: bizirik ateratzea lortzen badute, beren garapena erabat baldintzatuta izango dute, haurtzaroan kutsatutako elikagaiak jatearen ondorioz. 5 urtetik beherako 150 milioi haur leudeke baldintza horietan, adituen arabera, ikusezinak diren mikrobioen eraginez.

Iaz bertan, Afrikako potentzia ekonomikotzat dugun Hegoafrikan, listeria bakterioak jota 180 pertsona hil ziren, horien erdiak ume txikiak. Hedabideek jakinarazi zuten kutsadura prozesamendu planta batean sortu zela, eta instalazio haietatik janariak 15 herrialdetara esportatzen direla.

Osasunean eta garapenean horrenbesteko eragina duen arazo baten kalte ekonomikoak zenbatzea ez da gauza erraza. Adituek 95.000 milioi euro aipatu dituzte. Elikagai kutsatuak jateak ekartzen duen gaixotasunak alde batetik sufrimendu zuzena eragiten dio gaixotu denari. Ondoren, lanera edo eskolara ez joateak garapen sozioekonomikoa oztopatzen du. Gainera, toki horretako osasun sistemari gehiegizko zama ezartzen zaio, bestela ere oso baliabide gutxi izaten duen herrialdean. Era horretan, ekonomiak, merkataritzak eta turismoak ere sufritu beharra izaten dute. Elikagaien segurtasunaren alorrean nazioarteko estandarrak betetzeko gai ez diren estatuek mundu mailako merkatuan aukera ekonomiko asko galtzen dituztela ere nabarmentzen dute ekonomialariek.

Elikagaiek kontsumitzailearen osasuna kaltetu dezaketen faktorerik ez izatea da helburua, edo arrisku maila onartzeko modukoa izatea (zerora iristea ia ezinezkoa baita). Arriskuak era askotakoak izan daitezke: mikrobiologikoak, kimikoak zein fisikoak. Eta kasu gehienetan, gizakiontzat ikusezinak dira, bakterioekin, birusekin eta pestiziden hondarrekin gertatzen den moduan.

Txikiak izan arren, gauza horiek eragiten duten kaltea ikaragarria da, batez ere herrialderik pobretuenetan, eta horregatik egin zuten Addis Abeban bi eguneko konferentzia otsailean, Afrikar Batasunak eta NBEko hiru erakundek antolatuta. Guztiek helburu bera zuten: elikagai osasuntsuak gizaki guztiengana iristea bermatzeko neurriak diseinatu eta abian jartzea.

«Geure janaria behar bezala zaintzea partekatutako ardura da. Guztiok dugu geure zeregina. Elkarrekin aritu behar dugu lanean nazioarteko agendan zein agenda politiko nazionalean elikagaien segurtasunak leku gehiago izan dezan», adierazi zuen Etiopian Jose Graziano da Silva NBEko Elikadura eta Nekazaritza Erakundeko zuzendariak.

Jandakoak gutxienez kalterik ez egitea. Horixe da lehen urratsa, janariaren nutrizio ahalmenari begiratu aurretik lortu beharrekoa. Grazianoren ustez, gaur egungo munduan, elikagaiek kalterik ez egitea kate trofikoko etapa guztietan izan beharreko oinarrizko helburua da: ekoizpenetik eta uztarotik hasita, prozesamendu, biltegiratze, banaketa, prestaketa eta kontsumoraino.

Zerk eragiten du gaur egun elikagai askok kutsatuta bukatzea? Grazianok esandakoaren arabera, herrialde pobretu askotan herritarrak hirietara joaten dira bizitzera, presaka eta korrika urbanizatutako eremuetara, eta horrek ez du batere laguntzen gauzak behar bezala egiteko. Gainera, dieta berrien alde egin dute kontsumitzaile askok, dieta zaharrak eta horien inguruan zuten jakinduria alde batera utzita. Eta ez da ahaztu behar klima aldaketa, orain arteko kalkulu gehienak berregitera behartzen duen fenomenoa. Arazoak horiek izanik, Grazianok uste du hemendik aurrera gai kimiko gutxiago erabili beharko direla nekazaritzan, janariak era zorrotzagoan etiketatu beharko direla, antibiotikoak modu egokian erabili eta exijitzen diren estandarrak bateratu. Izan ere, parasito eta gai toxikoek leku jakin bateko janariak kutsatzean, berehala zabaldu daiteke arazoa inguruko eskualdeetara, batez ere elikagai gehienak inportatzera behartuta dauden herrialdeetan.

«Elikagaiek nutrizio eta gozamen iturri izan behar dute, ez gaixotasunak eta heriotzak ugaltzeko arrazoi», adierazi zuen Tedros Adhanom Ghebreyesus Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendariak.

Politikari etiopiarrak gogorarazi zuenez, segurtasunik gabeko elikagaiek mundu osoan urtero milaka pertsona hiltzen badituzte ere, gizarteak ez dio arazoari behar adinako jaramonik egin. Orain arte bederen.

Adhanom doktorearen iritziz, gizaki guztiok gure esku janari seguruak eduki ahal izateko diru asko inbertitu behar da araudiak prestatu eta gaurkotzeko, laborategiak finantzatzeko, zaintza sistema egokiak abian jartzeko eta monitore zorrotzak lanean ipintzeko. «Geure mundu globalizatu honetan, elikagaien kaltegabetasuna guztion ardura da», nabarmendu zuen Addis Abeban.

 

«Hemen negozioa dagoela ulertu behar dute agintariek»

Renata Clark Nazio Batuetako Elikadura eta Nekazaritza Erakundeko Elikagaien Kalitatea alorreko buruak uste du une hau «txikikeriak» alde batera utzi eta aurrera begiratzekoa dela: «Elikagaien kaltegabetasuna ikaragarri konplexua den sistema baten barruan lortu beharrekoa da, modu askotan eta aurrekaririk gabeko erritmoan aldatzen ari den sistema baten barruan. Espezialistek ezin dute kaxoi batean sartuta geratu; begirada altxatu eta, besteekin batera, benetako konponbide iraunkorrak aztertu behar dituzte».

Adituek eskatzen dituzten urratsak egiteko diru asko beharko da. Baina diru hori gastatu gabe utziz gero, etorriko diren kalteak konpontzea askoz ere garestiago aterako zaigu. «Hemen negozio garbia dagoela esan nahi diet agintariei, elikagaien segurtasunean inbertitzean, negozio egiten dugula. Dirua izateak esan nahi du inbertsio pribatuak erraztea, zaildu beharrean, eta kontsumitzaileak babestea, pobreenak barne», nabarmendu du.