27 ABR. 2019 Porno hegemonikoa deseraikitzen Amaia Urrejola Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan Sexuak tabua izaten jarraitzen du, baina, hala ere, pornografia ugari kontsumitzen dugu. Eta nahiz eta pornoan inoiz baino aniztasun gehiago egon, jendarteak, batez ere, betikoa kontsumitzen jarraitzen du: porno heteronormatiboa eta androzentrista. Gehien egiten dena da, demanda handiena duelako eta gizartearen isla delako. Sozietate kontserbadore batean bizi gara, eta, sexualitateari dagokionez, ugalketa paradigma matxista nagusitzen da. Ondorioz, sexualitate maskulinoa protagonista bakarra da pornografian eta eszena oro sarketan eta zakilean zentratzen dira. Helburua gizonen eszitazioa, gozamena eta asebetetzea dira. Sexualitate femeninoa desagertuta dago eta emakumeak gizonen zerbitzura daude. Lehendabizi, pornoa, produktu kultural gisa, fikzioa da. Hots, fantasia bat irudikatzen dute, tranpa eta trukoz betetakoa. Bertan agertzen direnak aktoreak eta modelok dira, ez pertsona errealak. Goitik behera depilatzen eta makillatzen dituzte eta gorputz normatiboak dituzte. Esku eta aho txikiak dituzten emakumeak eta zakil izugarri handiak dituzten gizonak aukeratzen dituzte. Haziaren eiakulazioetarako koko esnea erabiltzen dute eta bost minutuko eszena bat grabatzeko orduak ematen dituzte. Beraz, arazoa ez da pornoa ikustea, inolako filtro kritikorik gabe berau sinestea baizik. Izan ere, irreala da. Horregatik, sexu harreman heterosexualen inguruan espektatiba eta beharrizan faltsuak eraikitzen dira, baita konplexuak ere. Gainera, nahiz eta emakumezkoen eta gizonezkoen sexualitatea diferentea izan, berdina bezala eta desparekotasunez josita agertzen da. Hala nola, emakumeak eta gizonak aldi berean eszitatzen dira, gizonek gogoko dituzten jarrera eta jokabideekin. Zakila prest dagoenean sarketa egiten da eta gizonek eiakulatzen dutenean eszena amaitzen da. Ez da kontuan hartzen emakumeak erabat eszitatuta dauden ala ez penetraziorako; nahikoa da koitoan oihuka azaltzen badira. Horrekin batera, egoera umiliagarrian eta menderatu gisa, soilik emakumea irudikatzen da. Baina fantasiak ez dira desioekin nahastu behar. Egoerekin fantaseatzeak ez du esan nahi errealitatean hori egin nahi dugunik. Laburtuz, porno hegemonikoa gizonek egina eta gizonentzat egina dago. Horrez gain, sentsazioak probokatzea baino, eszitazioa bakarrik bilatzen da. Begirada maskulinoarentzat diseinatuta dauden gidoiak dira; beraz, ez daude oso elaboratuak. Ez baitira beharrezkoak testuinguruak ezta elkarrizketak, denak morbosoak direlako. Eta irudi guztiak esplizituak dira, ez dago imajinaziorako batere lekurik. Erotismoak eta sentsualitateak protagonismoa galdu dute, iradokitzea baino exekutatzea garrantzitsuagoa bihurtu baita. Arazoa ez da pornoak eszitatzea, baizik eta, orokorrean, pornografia hegemonikoak gizonak bakarrik eszitatzen dituela, ez duelako emakumeen sexualitatearen aberastasuna aintzat hartzen. Bukatzeko, argi dago pornoa ez dela pedagogikoa, baina sexu pedagogiarako berau lantzea beharrezkoa da. Pornografia mota asko daude, sexualitatea adierazteko eta disfrutatzeko askotariko ereduak aurkezten dituztenak, hain zuzen. Hortaz, pornoa iraultzailea eta urratzailea ere izan daiteke. Funtsean, pornoa debekatu beharrean, deseraiki egin behar dugu eta merkatuan dauden askotariko alternatibak ezagutarazi. •