04 MAY. 2019 Nire «ni» digitalari probetxu administratiboa ateratzen Rosa Arruabarrena Santos UPV/EHUko Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea Errealitatea da jada herritarrek gailu digital bat baino gehiagotarako sarbidea izatea. Ondorioz, bere beharrei erantzuteko, web-zerbitzuen garapena geldiezina izaten ari da, hauen artean entitate publikoetako nahiz pribatuetako egoitza elektronikoak ugaldu direlarik. Baina, zer zerbitzu eskaintzen dituzte bulegora bertaratu gabe? Edonork eska ditzake? Egia esan, egoitza elektroniko hauei esker, dagokion bulego fisikora bertaratu gabe hamaika tramite administratibo kudea ditzakete herritarrek, besteak beste, erroldatze-ziurtagiria norberaren Udalaren ataritik, lan-bizitza agiria Gizarte Segurantzatik, data jakin batean norberaren zerga-egoera Foru Aldunditik, ibilgailuen titulartasun-aldaketa edota isunen ordainketa Trafikotik, helegite eta erreklamazioen aurkezpenak edozein autonomia-erkidegoan, eta abar. Bestalde, bulego fisikoetan gertatzen den bezala, bulego birtual hauetan ere prozesatu beharreko informazioaren sentikortasuna kontuan hartuta eskatutako identifikazio digitala aldatuko da; edo bestela esanda, egoitzaren atarian zenbat eta akreditazio gehiagorekin kautotu, orduan eta “sentikorragoa” den informazioa atzitu ahal izango da. Egun, herritar arrunten akreditazio maximoa ziurtagiri digitala da, eta bulego fisikoan “pertsonalki” nortasun agiria edo pasaportea aurkeztearen baliokidea litzateke. Hori bai, nortasun agiria eta dokumentu sinatua baliokide ez diren bezala, ziurtagiri digitala eta sinadura digitala ere ez dira ez berdinak ez baliokideak, nahiz askotan nahasten diren terminoak izan. Egia esan, ziurtagiri digitala pertsona batek agiri bat digitalki sinatzeko behar duen osagaietako bat da. Sinadura digitalak, berriz, eskuz idatzitako sinadura erabat ordezkatzea ahalbidetzen du. Baliozko sinadura digitala duen dokumentu elektronikoaren ezaugarri aipagarrienak haren hartzaileari sinadura berak ematen dion baliozko informazioa da: (1) autentifikazioa: mezua igorri duena identifikatzen du; (2) ezin arbuiatzea: igorleak ezin du ukatu mezua bidali ez duenik; (3) informazioaren integritatea/osotasuna: igorletik hartzailera mezua ez dela aldatu bermatzen du. Ziurtagirira bueltatuz, ziurtapen-agintaritza (Certification Authority edo CA) batek jaulkitako eta sinatutako dokumentu elektronikoa da ziurtagiri digitala eta pertsona bat identifikatzeko balio du. Horren bitartez, bai identifikatu, bai digitalki sinatu, bai mezuak zifratu ahal izango ditu. Prozesuotarako, egungo teknologiek batez ere kriptografia asimetrikoa deritzona erabiltzen dute; hau da, mezuak bidaltzeko pertsona beraren bi gako erabiltzen dituztenak, bata pribatua eta bestea publikoa. Gakoetako bat informazioa zifratzeko erabiliko da, eta, bestea, mezua deszifratzeko. Ziurtagiri digitala lortzeko, CA batean agertu behar da, adibidez, polizia-etxean, non nortasun agiri elektronikoa (DNIe txartela) egiten duten. Beste CA bat Moneta eta Zigilu Nazionalen Fabrika da, CERES ziurtagiria errazten duena; edo Kataluniako Herri Administrazioek, idCAT ziurtagiri digitala; edo Camerfirma; edo hurbilago ditugun IZENPE SA eta ONA. Hala ere, beste identifikazio elektroniko ahulagoak badaude, adibidez, erabiltzailearen IDa eta pasahitza eskatzen dutenak soilik, edo IDa, gakoa eta koordenatu-sistema edo itsasontzien joko bidezko identifikazioa. Horiek erabilita ere hamaika zerbitzu eskura daude egoitza elektronikoetan, bidaia-denbora aurrezteko edota ilarak eta ordutegi mugatuak ekiditeko eta herritarren administrazio izapideak eta kudeaketak arintzeko. Etekina atera iezaiozu zure identifikazio digitalari! •