18 MAY. 2019 Ariketa fisikoa mailua da Oier Gorosabel - @Txikillana Fisioterapeuta Inoiz aipatu dugu hemen azken urteetan puri-purian dagoen eztabaida: «norena» da ariketa fisikoa? Talka nagusia Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien (JFKZ) arloko profesionalen eta fisioterapeuten kolektiboaren artean dago, eta batak besteari ariketa fisikoa bereganatu nahi izana egozten dio. Izan ere, denok dakigu kirola osasunarekin lotuta dagoela. Horrela bada, JFKZko profesionalek pertsonen osasunean eragiten dute kirolaren bitartez; eta, fisioterapeutok, ariketa fisikoa erabiltzen dugu osasuna bultzatzeko. Non dago muga? Noiz ari gara sartzen bata bestearen eremuan? Ni neu, lehian daudenen artean nagoenez, ezin naiz guztiz neutrala izan. Baina berriki Vicente Lloret lankideak eztabaida bideratzeko puntu interesgarria azaldu du, nire ustez profesionalon posturak hurbiltzeko oso egokia izan daitekeena; gure pazienteen/bezeroen mesedetan, bistan da. Kolektibo askotan gertatzen da (ez bakarrik JFKZko profesionalen eta fisioterapeuten artean) jardun profesionala tresna bakarrera mugatzeko joera; nolabait, tresna hori profesio osoaren ikur bihurtzeraino. Lloretek ariketa fisikoa mailu batekin parekatzen du. Batzuek mailuaren erabilpen esklusiboa aldarrikatzen dute, baina mailua jende askok erabiltzen du: arotzek, zirujauek, iturginek, igeltseroek... Gauza bertsuetarako gainera; gauzak kolpatzeko, alegia. Halere, profesio bakoitzaren muina ezberdina denez, helburua ere ezberdina izaten da; eta igeltseroak, iturginak, zirujauak eta arotzak ez dira mailuaren erabilpenari buruzko eztabaidan ari. Zergatik gurean bai, ariketa fisikoari buruz? Fisioterapeutak mugimendu arazoen diagnostiko eta tratamenduan espezialistak gara. Horretarako tresna asko erabiltzen ditugu; horietako bat da ariketa fisikoa, kontsultan eginikoa zein pazienteari etxerako agintzen dioguna. Ariketa helburu terapeutikoarekin erabiltzea aspaldiko kontua da: hasierako fisioterapia zentroek gimnasio itxura handiagoa zuten beste ezerena baino. Baina kontuan hartu behar da, era berean, eztabaida hau batez ere plano teorikoan, bulegoetan, politika mailan ematen ari dela. Kirol munduan lan egiten duen edozeinek daki, praktikan, zorionez, kolaborazioa dela nagusi JFKZko profesionalen eta fisioterapeuten artean. Bakoitzak bere arloan, elkarlanean, mailua (barka, ariketa fisikoa) erabiltzen dugu guztiok, kirolariaren berrabiltze hobea lortzeko. Izan ere, ariketa fisikoa –izan terapeutikoa edo ez–, ez da ez fisioterapeutarena ez JFKZko profesionalarena: pazientearena, kirolariarena, bezeroarena da. Gu mailuaren erabilpenaren gidariak baino ez gara. Mailua nork erabili behar duen, edo nork erabiltzen duen ongien eztabaidatzeak helburu nagusi horretatik desbideratzen gaitu, osasunarekin zerikusirik ez duten arrazoiekin lotuta. Bakoitzak tresna hori dakien bezala erabili behar du, ez lehian baizik eta elkarlanean; horrela lortuko ditugu JFKZko profesionalek eta fisioterapeutok emaitzarik onenak. • www.abante.eus