25 MAY. 2019 IKUSMIRA ZAINTZAILEA ZAINDU BEHAR DU ALDUNDIAK Amagoia Mujika Telleria Borroka ez da erraza. Askotan errazagoa da ezer ez egitea, zapaldua zarela sentitu arren, arnasa ahal bezala hartu eta segitzea, beste egun batez. Zaintzailea izateko programatua izan zarenean, zapaldua izateko otzandua izan zarenean, isila izateko hezia izan zarenean, beti konformatzen erakutsi dizutenean, errazagoa da egiten segitzea. Akaso Gipuzkoako Aldundiak pribatizatutako zaintza sistemak, publikoa omen den horrek, ez zuen aurreikusi aukera bat: zaintzaileak, nazkatuta, zapalduta, txikituta, planto egitea. Nahikoa da esatea. Protesta egitea. Beren eskubideak aldarrikatzea. Eta akaso ez zuelako hori aurreikusten –erabat feminizatua eta historikoki itzalpekoa izan den alor bat delako– galduta dago orain Aldundia, noraez harroan. Gure aiton-amonak hartzen dituzten egoitzetako langileak borrokan ari dira, zaintzaileak zaindu behar dituelako sistemak. Ez dago kalitateko zaintza ziurtatzeko beste modurik; zaintzailea ondo egotea. Kontu serioa da gero, inor gutxi libratzen baita zaindua edo zaintzailea izan beharraz. Beraz, har dezala behingoz serio Aldundiak. Bitartean, berriro lezio ikaragarria eman digute zentroetako langileek; zaintza behar duena kulunkatzeko gozotasuna esku batean eta beren eskubideak exijitzeko irmotasuna bestean. Amagoia Mujika Telleria