Nerea Goti
infraganti

ESTHER ETA JAVI

Norvegiatik Santiago de Compostelara bitarteko Donejakue bidea egiten ari dira Esther Garcia eta Javi Agirre, bizikletaz. Organo donazioaz kontzientziatu eta gaixotasun kronikoetan kirolak duen garrantzia nabarmendu nahi dute. Agirrek lehen pertsonan daki giltzurrun transplante bat zer den. Kirolak eta bizitzak eskaintzen dituen aukerei erreparatzeko deia luzatu nahi dute biek, 5.000 BAI egitasmoaren bitartez.

Kilometroei soilik ez ezik, hotz handiari ere aurre egin behar izan zioten Javi Agirre eta Esther Garciak Norvegian, batez ere gauetan, noiz eta bizikletan kilometro mordoa egin ostean atsedenerako tarte gozo izan behar ziren uneetan. Zero azpiko sei gradu ere izan zituzten egun batzuetan. Tenperatura aldaketak handiak izaten ziren egunetik gauera, eta txingorra eta haize zakarra bidaide hartuta ere egin behar izan zuten bidean aurrera. «Kalean ez zen inor ikusten Norvegian», nabarmendu dute, eta zebiltzan gutxiak «harrituta eta jakin minez» geratzen ziren herri batetik bestera bitarteko errepide luzeetan aneka eta guzti zebiltzan bi euskal txirrindulariak ikustean.

Uneotan Alemanian dira jada bi txirrindulariak, eta hainbesterainoko hotza jasan beharrik ez badute ere, euri jasen artean lo egin behar izan dute zenbait aldiz, kanpin denda txikian, noiz atertuko zain. Dagoeneko 2.000 kilometro baino gehiago eginda, abenturaren erdira hurbiltzen ari dira.

Egitasmoaren egunez eguneko kontakizuna 5.000 Bai izeneko blogean eta izen bereko Facebook orrialdean jarrai daiteke. Donazioez eta bidean aurkitzen dituzten anekdotez hitz egiten dute protagonista biek, argazki eta bideoen bidez bitakora koaderno baten modukoa osatuz.

Abenturaren protagonista diren Esther Garcia eta Javi Agirre durangarrak dira. Jantzita daramatzaten elastikoetan, “emailea naiz” eta “transplantatua naiz” mezuak irakur daitezke, ingelesez. Javi Agirre da transplantatua, eta, Esther Garcia, emailea. Duela aste batzuk hegaldi bat hartu eta Trondheim Norvegiako hirian abiatu zuten bi gurpil gaineko 5.200 kilometrotako ibilaldia. Janzten dituzten elastikoak lagun transplantatu batek diseinatu ditu.

Organo donazioa bultzatu nahi dute bidaian zehar eta, aldi berean, transplanteak zein gaitz kronikoak dituzten gaixoen kasuan ariketa fisikoak duen garrantzia nabarmendu nahi dute. Biak lotuta doaz, azaldu digutenez; bizitzaren aldeko apustua egiten denean, donazioa beharrezkoa da eta kirolak sekulako laguntza ematen dio gorputzari zein buruari.

Giltzurrun transplantea

Arratsaldea da, telefonoz deitu diegu eta atsedenerako prestatzen harrapatu ditugu Esther Garcia eta Javi Agirre. «Teknologia berriekin errazagoa da komunikazioa egun, etxekoekin egunero hitz egiteko aukera duzu», komentatu du Garciak. 20 urteko alaba dute Donostian ikasten, eta hura izan da bidaia egitera animatu dituenetako bat. Euren esperientzia besteei laguntzeko lehen planoan jarri nahi dute, donazioen beharraz kontzientzia zabaldu eta kirola egiteak prozesuan duen eragin positiboa nabarmentzeko. «Norberaren bizipenak kontatzea eta beldurrak, kezkak, zalantzak eta sentimenduak konpartitzea kontzientziazio kanpainarik onena izan daiteke», nabarmendu dute.

Javi Agirreri giltzurrun transplante bat egin zioten duela lau urte eta erdi. Betidanik kirolaria izana zen durangarra, eta, bat-batean, gaixotu eta giltzurrunetako funtzioa galtzen hasi zen. «Goizetik gauera dialisia egin beharrean ikusi nuen nire burua. Ez nekien gaiaz ezer, ez nekien zer nuen aurrez aurre», azaldu dio GAUR8ri. Gaixorik zenean ere ez zion utzi kirola egiteari. Ikuspuntu praktiko batetik begiratu zion gaixotasunari. «Bajan nengoen eta, orduan, honakoa esan nion nire buruari: ‘Orain nire lana dialisira joatea da, horretarako ordaintzen didate’. Horrela planteatu nuen».

Kirolaren magia

Egoera kezkagarria bazen ere, giltzurrun transplantearen zain egon zen denboran aukera bat bazeukala pentsatzen zuen. “Gogorra da, baina irtenbidea badauka. Aldiz, badago askoz egoera txarragoan dagoen jendea, aukerarik ez daukana”, pentsatzen zuen, sendabide gabeko minbiziak jotako lagunei edo bihotzeko transplantea behar dutenei erreparatuta.

Dialisia egin eta hurrengo egunean kirola, bizikleta gainean ezin bazen, gimnasioan. Dialisiaren eta kirolaren arteko binomio horretan mugitu zen durangarra transplantea heldu arte. Bazekien ebakuntza gelatik pasatu behar zuela eta «horretarako prestatu» behar zuela pentsatu zuen: aukera heltzean sasoian egon behar zuen «bizitzak eskaintzen zion oparia» jaso ahal izateko. Dialisia jasotzen ari zen garaian ezinbesteko laguntza izan zuen kirola gaixotasunari aurre egiteko. Ez da erraza gorputzaldi txarreko uneetan kirolari ekitea, baina sekulako garrantzia dauka Agirrek nabarmendu duenez. «Dialisian oso txarto pasatzen du askok, giltzurruna behar bezala ez dabilenean likido-erretentzioa izaten da, tentsioa jaisten da», azaldu du.

Argi dauka kirolak izugarrizko laguntza eman ziola, horregatik, 5.200 kilometroko abentura honetan kirola egiteak gaixoengan duen garrantzia nabarmendu nahi dute. Osasun fisikoaz gain, kirolak seguruenik beste asko ere eman dio Agirreri, baina, argi azaltzen duenez, «egiaztatuta» dago kirolaren praktikak gaixoarentzat duen onura. Zehaztu duenez, giltzurrun arazoen ondorioz likido-erretentzioa ematen da, eta, kirola egitean, izerdiak likido horiek eta toxinak garbitzen laguntzen du.

Proiektuan buru-belarri sartuta den honetan, «disfrutatzen» ari da Agirre. Hori bai, egunero hamar bat pilulako medikazio pauta jarraitzen du, hori oztopo ez duen arren bizikletari 15 kilo inguruko anekak jarri eta pedalei eragiteko.

Ez da bizitza osorako

Bizitzen ari diren esperientzia kontatzea da Esther Garciaren eta Javi Agirreren bidaiaren beste zati bat. Izan ere, hitzaldiak ematen dituzte eskatzen dieten tokian. Norvegian eskola pare batean izan ziren. GAUR8ri azaldu diotenez, jakin mina sumatu zuten, transplantatuen egunerokoa ez baita oso ezaguna.

Hitzaldietan kontatzen dute, esaterako, ongi funtzionatzen ez dutenean, giltzurrunak ez direla kentzen; emaile baten giltzurruna jartzen diote gaixoari, baina ez bizitza osorako. «Giltzurrun berria zure organismoarekin bateragarria izan arren, gorputz arrotz bat da. Badakizu ez dela bizitza osorako izango. Hogei urte inguruko iraupena ematen diote transplanteari», azaldu du Agirrek.

Bizitzak aurrera egiten duen bezala bidaiak ere jarraitzen du. Erabakita ez duten bakarra, Euskal Herrira heltzean Donejakue bideetatik zein aukeratuko duten. •