Idoia Eraso
infraganti

PONTX PAILAZOA

Pontx pailazoak 14 urte besterik ez ditu. Agertokietatik at Joanes Echeveste deitzen da eta, azken urteetan ezagunen artean eta ikastoletako festetan ikuskizunak eskaini ondoren, Herri Urratsen salto handia egin zuen saratarrak Euskal Herri mailara. Pirritx, Porrotx eta Marimotots bidelagun izan ditu, eta haien azken diskoan entzungo dugu.

Etxetik kanpoko lehen emanaldia 6 urterekin egin zuen, Sarako ikastolaren festan, 200 lagunen aitzinean. Betidanik «antzerki mundua, kantua eta dantza maitatu» dituelako bilakatu zen pailazo Joanes Echeveste. Etengabe ikasiz eta gaitasunak garatuz joan da koskortu ahala, eta egun toki ugaritatik jasotzen ditu deiak bere ikuskizuna aurkezteko. “Ze saltsa!” lan berria Azkainen aurkeztuko du ekainaren 9an herriko ikastolak antolatu duen jaian.

“Mendian” zuen izena aurreko antzezlanak eta azken emanaldia Herri Urratsekoa izan zen, maiatzaren 12an. «Ipar Euskal Herriko ikastolen festa handian izateagatik biziki urduri nintzen, baina biziki ongi pasa zen. Giro ederra zen, jendeak egiazki ongi hartu zuen, eta parte hartu zuen», gogoratu du. Aintziraren ondoan zegoen agertokiaren inguruan dozenak haur zutik jarri zituen, eta berarekin kantari eta txaloka aritu ziren. Bukaeran, arrakastaren seinale, haurrak, gurasoek lagunduta, berarengana hurbildu ziren argazkiak elkarrekin ateratzeko.

Senperekoa une garrantzitsua izan zen Pontx pailazoaren ibilbidean, baina ez zen ez lehena ez azkena izan. Hemendik goiti horretan segitzeko asmoa du Joanes Echevestek, eta Pontx bere izaeraren parte dela ere esan daiteke, pailazoaren jatorriari buruz errandakoan oinarrituta: «Bakarrik atera da. Betidanik entzun izan dut pailazo guztiengandik eta aktoreengandik denok dugula pailazo bat gugan, eta hortik atera da. Nik, beharbada, banuen Pontx barnean».

“Atera” bada ere, gibelean lana ere izan da. 6 urterekin jendaurrean abiatu ibilbideari jo eta ke segitu dio Joanesek. 6 eta 9 urte bitartean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun zatiak egin zituen jendaurrean, adibidez Zugarramurdiko festetan edo ikastolakoetan, «eta nola ez, etxean, nire kabuz, nire logelan, denbora pasa».

2016an sortu zuen Pontx, eta hor hasi zen Joanes ipuinak, testuak idazten. Lan horretan gustuko dituen hiru pailazoen lanen egitura atxikitzen badu ere, «nire modura egiten saiatzen naiz».

Hasierak pailazo ezagunen obren zatiak antzezten zituen. Ondoren, bera sortzen hasi zen eta saio bakoitzean erabat aldatzen zituen dekorazioa, testuak, kantuak. Garaian aski erraza zen, baina gero kolegioak eskatzen duen lanaren eta eragiten duen denbora faltaren ondorioz ideiarik gabe gelditzen hasi zen: «Azkenean gelditzen zara beti bueltaka. Ideiak hartzen nituen bizkor-bizkor, beraz, azkenean beti ideia berdinak ziren, eta kantuak eta mezuak ere bai».

Horren ondoren etorri zen “Mendian”: «Sortu nuen zinez nire egitura, nire istorioa, nire arazoak, soilik hartu nituen Pirritx eta Porrotxen kantuak. Aldiz, lehen, hilabetero prestatzen nuelarik, benetan ziren beraienen oso antzekoak».

Katxiporreta

Bidelagun izan ditu Pirritx, Porrotx eta Marimotots urteotan zehar, hasieran beraien ideien bitartez, eta gero beraiekin zuzeneko harremanean. 2013an, Zeraingo Irrien Lagunak aterpetxera joan zen, eta bertan ezagutu zuen Porrotx. Gaztetxoei gomita luzatu zien ikuskizunen aurretik pailazoengana hurbiltzeko. Joanesek gonbidapena onartu eta taldea ezagutzera joan zen. «Saioak hasi aitzin joaten nintzen, eta kontatu nien nola ibiltzen nintzen. 2015ean erran zidaten beraiekin igotzeko agertokira, azken dantza egitera. Geroztik beraiekin naiz harremanetan; ikusgarrien denboran beraiekin egoten naiz atzealdean eta azken dantzak egiten ditut».

Harremana sortu zenetik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen lan egiteko era ezagutzen joan da. Gomendioak ere ematen dizkiote: «Interesgarria da, haiekin hasi nintzen 11-12 urterekin, eta orain 14 ditut. Ikasi dut beraiekin gibelean badela lana, prestakuntza handia. Gerorako balio didaten gauza anitz ikasten ditut». Eman dioten sostengua ikusita, esker oneko hitzak besterik ez ditu Joanesek. «Betidanik nire galdera eta kezkei erantzun diete, beti hor izan dira. Baionan eta Hendaian ikuskizunak egin zituztenean, mikrofonotik erran zuten Herri Urratsen izango nintzela. Niretzat onuragarria izan den publizitatea egin dute».

Pailazo ezagunen proiektu berrian ere hartuko du parte. Grabatzen ari diren CDan, «nire ahotsa eman dut, ipuintxo bat kontatzen». Aukeron atzean, bera laguntzeko nahia dagoela uste du: «Oso pertsona irekiak dira, eta laguntzen dute ahal duten modura». Elkarte ugarirekin lan egiten dutela eta jende anitz lagundu azaldu du. Hori bai, bere ageriko berezitasuna ere aipatu du: «Ni naiz nire adineko bakarra».

Joanes eta pailazoa

Herri Urratsekoa Euskal Herriaren eta bere kolegioko lagunen aitzinean Pontx aurkezteko momentua izan zen Joanes Echevesterentzat. Klasekideek, aste batzuk lehenago izan zuten pailazoaren joan-etorrien berri, ikastetxean egin zuen aurkezpenean: «Nire lagunek orain arte ez zekiten. Senpereko festa aitzin Porrotx etorri zen kolegiora. Proposatu zidan goiz batez etorri eta biok saio txiki bat eskaintzea nire mailako kideen aurrean. Egin nuen eta biziki onuragarria izan da niretzat». Herri Urratsera lasaiago joan zen horrela: «Egia da ez dela ohikoa pailazoarena egitea 14 urterekin, eta ez nuen arazorik izan nahi. Ongi ikusia izan nahi nuen eta anitz lagundu nau Porrotxek».

Bada, elkarrekin ikuskizun txiki bat egin zuten ikaskideen aitzinean Porrotxek eta Pontxek, eta, ondoren, sudur gorria kenduta, Porrotxek bere ibilbidea kontatu zuen. Gero hitza eman zion Joanesi: «Nire gogoa erran nuen, zergatik nintzen pailazoa, zer sentitzen nuen, zer maite nuen... Bost minutuz bukatu nuen, ez baitut ibilbide biziki luzea. Jendeak onartu zuen, eta bukatzeko bi esketx eta bi dantza egin genituen. Pozik atera nintzen».

Geroztik dena positiboki bizi du: «Galdera asko egiten dizkidate, interes handia izan da, Herri Urratsera hurbildu dira... Laster emanen ditudan beste emanaldietara ere etorriko direla erran didate».