GAUR8 - mila leiho zabalik

Makilak


Pozarren, makila eskuetan, ikusi ditugu han eta hemengo alkateak izendatu berritan. Batzuentzat euskal makila izango dena, besteek “euskal” adierarik gabe, aginte-makila soil-soilik nahiago. Sinbolismo handikoa eskuetan dutena. Makila errespetua, justizia, agintea, zintzotasunaren ikur unibertsala izan da euskaldunontzat.

Ez dakit sinbolismo bera aitortuko zioten alkate izendatu berriek eskuetan zutenari, baina sinbologia unibertsalaren gainetik, norberaren esanahi partikularrak utziko duen arrastoa edo aztarna izango da lekuko. Ikusi ditugu umiltasunez herritarrei men eginaz aitortza egin dutenak, tartean baita ere koherentziari zaputz eginda harrokeriaz altxa dutenak; baita besteen aurka jarduteko, zu kendu ni jartzeko, beste helbururik gabe, jaso dutenak ere.

Eta horretan, nago, makilak ez duela denen buruan esangura bera. Izango da askorentzat herritarrek berarengan jarritako konfiantzaren ikur, herriaren aurrean hartutako konpromisoaren seinale.

Halere, aurreko garaiek erakutsi digute, zenbaitek agintekeria eta jauntxokeriaren marka bilakatu nahi izan dutela. Edo norberaren interesen aldeko aukera baliatzeko erabili dutela, edo “egoa” puzteko bitartekoa izan dutela, edota emandako hitzari eta agindutakoari muzin egin diotela.

Halakoetarako badu gure mitologian makilak abilezia berezia, “makilakixkiren” magiaz gehiegikeria, gezur eta oker guztien aurrean apalduko dituena.

«Eta hala bazan eta ez bazan...» lau urteren buruan herritarron aukerak hor iraungo du makilari dagokion ohorea itzultzeko. •