Xabier Izaga Gonzalez
Entrevista
Roberto Gonzalez de Viñaspre
euskaltzaina

«Arabako hegoalde horretan euskara bertako toponimian bizi-bizirik dagoela ikusi nuenean, aurkikunde kate pozgarri eta zirraragarri bat izan zen niretzat»

Iazko otsailetik euskaltzain oso, joan den maiatzaren 5ean irakurri zuen Trebiñun sarrera-hitzaldia, aldarrikapen ukitu nabarmena izan zuena, bizileku izan duen Euskararen Herriko lur haren omenez.

Euskaltzain oso izendatu zuten iazko otsailaren 23an Bilbon sortutako trebiñar eta, beraz, arabar hau. Joan den hilean egin zuen sarrera-hitzaldia, Trebiñu eta euskara gai zituela. Horretaz, bera buru duen Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeaz eta duela bi aste izan zen onomastika jardunaldiaz mintzatu zaigu, abegikor eta grinatsu, umetako oroitzapenak aurreko astekoak bezain argiro aletuz.

Euskal toponimia eta oro har euskararekiko interesa oso gazterik piztu zitzaizun. Zer sentitu zenuen euskaltzain oso izendatu zintuztenean?

Ezin kabituzko poza. Baina ez hainbeste alde pertsonalagatik-edo, baizik eta batez ere nolabait Arabako hegoaldeari egindako euskalduntasun aitortza moduan. Araba osoan ez, baina gehienean euskara aspaldi galduta, euskal lurraldeen artean azken alaba, azken semea, edo txiroa zen sentipen hori bizi izan da. Zorionez, gauzak ikaragarri aldatu dira, hobera. Kontua da oraindik ere Araba barruan inguru konkretu batzuk euskaratik baztertuxe bezala sumatzen direla. Trebiñu, zer esango dut? Gaur egunean hainbesteri, Trebiñun bertan ere, euskararekin berezkoa duen lotura, lotura historiko hori aipatuta, harritu egiten zaizkigu, badagoelako halako mekanismo humano bat Burgosekiko menpekotasun administratibo horrekin lotu eta horren abstrakzio moduko bat eginda, dagoen lekuan dagoela ere, nolabait Gaztelako zatia dela pentsarazten diena. Eta Gaztelako izate hori, huts-hutsean –zoritxarrez ez da gutxi–, arlo administratibora mugatzen da. Gainerako guztian, arlo soziokulturalean eta hizkuntzaren aldetik batera doa eta batera joan da beti Arabarekin.

Zure izendapen horrek badu, beraz, bere karga sinbolikoa, baina zure merezimendua ere aintzat hartuko zuten.

Baina, benetan, ez da apaltasun faltsua, ez da gehien gogobetetzen nauena. Ez dut ukatuko, jakina, baina niretzat… gogoan dut Lagrango amamak umetan, gu orduan Bilbon bizi ginela, esaten zidala «yo también soy vasca». Eta nik baietz pentsatzen nuen, baina urrun ikusten nuen. Eta ikusi nuenean Arabako hegoalde horretan euskara bizi-bizirik dagoela bertako toponimian, aurkikunde kate pozgarri eta zirraragarri bat izan zen niretzat. Eta hortik aurrera, haurtzaroa eta gaztaroa alde batera utzita, Arabako euskararen historia ikertzen aurrera joan naizenean, aurkikunde bakoitza aldi berean neurri bereko zirraragarritasuna izan da, hasierako sentipen hori izan dut, normaltasun batean txertatu dudan arte.

Bizitza erdia Trebiñun emanda, sarrera-hitzaldia bertako Done Petri elizan egin zenuen, mukuru beteta zegoela.

Horretan benetan harrotasun puntu bat sentitu nuen, zentzurik onenean ulertuta. Ekitaldi kulturala zen goitik behera, baina baita familiarra, lagun artekoa eta, ez dut ukatuko, bazuen aldarrikapen ukitu nabari bat; azken batean, Trebiñuk hizkuntza aldetik baduelako errealitate ukatu bat, Gaztela Leondik ukatua. Horien arabera, han euskara ez da existitzen, ez da existitu eta ez da inondik inora onartua.

Eta ukazio horren aurrean, ukaezina dena erakusteko egin zenuen zure aldarrikapena.

Hori da. Hor daude datuak, agerian, ukatu ezinezko errealitatea izanik, eta alde nolabait zientifikotik ari naiz, ikuspuntu objektibo batetik, ez naiz ari ideiez, sentipenez… Eta badakigu gainera noiz arte iraun duen bizirik euskarak Trebiñun, eta zer euskara mota egiten zen.

Behin baino gehiagotan esana dut, baina bakarrik denbora behar dut horretarako. Ez dakit noiz iritsiko den, baina egunen batean… Toponimiaren bidez, dokumentuetan ere iritsi zaizkigun datuen bidez eta deskubrituko ditugunen bidez, Trebiñuko euskararen hiztegi historiko moduko bat osatu daiteke, ikuspuntu kultural horrekin eta toponimiarekin oso lotua. Iruditzen zait hori litzatekeela Trebiñuko euskararen errealitate historiko hori ageriago uzteko modu bat. Proiektuak dira.

Gogoko gaia, gogoko lekuan: Trebiñu, Euskararen Herrian.

Euskararen Herria. Intentzio guztiarekin aukeratutako izenburua da. Kontuan hartu… nire ikerketa esparru honen barruan toponimiaren aldetik lerratu naiz gehienbat, toponimiaren bidez dudalako Arabako euskararen historia aztertzeko modurik eraginkorrena. Zorionez, tarteka testuren bat agertzen zaigu, Lazarragarena eta abar ere hortxe daude, baina informazio iturri oparoena toponimian dugu eta, hain justu ere, nik bide horretatik aurkitu nuen euskararen izatea nire inguruan.

Aldaketa handirik nabaritu duzu euskaltzain oso izendatu zintuztenetik?

Aldaketarik nabarmenena da lehen Euskaltzaindiko zeregin akademikoetan lan handia nuela eta [barrez] hori ez zaidala hain justu murriztu, biderkatu baino. Kontua da horrelako gauzetan oso gustura lan egiten dudala, baina denbora falta dut arazoa. Hori da aldaketarik nabarmenena. Asko dago egiteko onomastikaren esparruan, eta horrekin lotuta egon daiteke duela bi aste izan genuen onomastika jardunaldia eta hortik datozen lanak. Hiru lan garrantzitsu aurkeztu genituen, baina askoz gehiago da abian duguna, eta gure horizontean hurbil ikusten duguna. Zeregin ugari dago.

Batzordeko talde-lana eramankorra da?

Nik uste dut edozein esparrutan, lan eremuan ere bai, lana hobea izateko faktore batzuk behar direla, eta horietako bat elkarrekiko konfiantza da, eta giro egokia. Hori gabe nik uste dut ezer gutxi egin daitekeela. Eta guk hori badugu gure artean. Ez dakit gauza hauek kanpotik nola ikusten diren, baina gainera, hor gauden guztiona ekarpen altruista da; azken batean, dakiguna eta gure onena ematen ahalegintzen gara euskararen mesederako eta gizartearen onurarako. Honekin ez dugu inolako dominarik paparretik eskegi nahi, euskararekiko maitasunagatik egiten da.

Ikertzaile asko zarete?

Onomastikaren arloan, toponimiaren ikerketan bagabiltza batzuk Onomastika Batzordearen inguruan eta beste batzuk beren kabuz; egia esan, oso gutxi gara, eta jende gaztea ere behar da. Ikusten dut onomastikaren esparrua ez dagoela gaur egunean unibertsitate munduan oso txertatuta, esan dezagun horrela, eta hori pena da. Edonola ere, bada bere ekarpena egiten dabilen jenderik. Onomastika Batzordearen lehentasunezko egitekoen artean ikertzaile hauekiko harremana bultzatzea eta sendotzea dago. Komunikazio zubi bat eraiki behar dugu, eta horretan ari gara. Gero, nor bere arloan eta bere independentziarekin arituko da, baina nik uste dut egiten den ahalegina baliagarria izango zaigula indarrak batzeko, behar denean eta posible denean, nor bere aldetik, batzuetan modu isolatuan, ibili gabe. Datorren udazkenean bilera egingo dugu, jakin behar dugu zeintzuk diren ikertzaile horien kezkak, edo asmoak, zer lehentasun ildo ikusten dituzten, gureak ere erakutsi…

Zer irizpide dituzue toponimo bat proposatzeko?

Oso konplexua da, eta oso zabala, baina pixka bat oro har esanda ulertu behar dugu gure toponimoak, gure leku-izenak, eta ez naiz orain ari hainbeste herrien edo hirien izenez, leku-izenez baizik, lursail ttikiez eta, milaka eta milaka diren horiez. Izugarrizko altxorra dira, izugarrizko ondarea. Gure aurrekoengandik iritsi zaizkigu, gehienbat ahoz, baina dokumentatuta ere bai, paper zaharretan, XVI. mendetik aurrerakoak, eta dokumentuetan ere badago jarraitutasun bat. Normalizatzeko orduan, jarraitutasun horri erreparatu behar zaio. Lehengoengandik hartu dugu eta, jakina, lehen euskara ez zen ofiziala, hizkuntza estandarra ere azken hamarkadetan eduki dugu, baina orain behar ditugun tresnak baditugu eta izen horiek arautu behar dira, grafia aldetik edo osaera aldetik. Gero gugandik aurrera iraun beharko dute, hala behar du ondare horrek, osasuntsu eta duintasunez iraun, idatzizko erabilera normalizatua ere izan dezan. Bestetik, erregistroa ere errealitate bat da; esate baterako, Idiazabalgoek zergatik ez dute Izal esango? Ahozko erregistroa da, ondo dago, nahi badute. Baina idatziz Idiazabal beharko du. Garbi eduki behar da bi erregistro direla.

Zer hartzen da kontuan, orduan? Jarraitutasuna. Toponimoaren jarraitutasuna. Tradizioari erreparatu behar zaio, eta tradizioa ahozkoa eta idatzizkoa da. Baina kontuan hartu behar dugu idatzizkoa egonkorragoa, kontserbadoreagoa dela berez. Gaur egunean kontrakzio baten bitartez, esate baterako, ibarla, ibarrola, alegia, batek esan dezake horrela esaten dela betidanik. Jakina, betidanik… demografoek esaten dute belaunaldi baten iraupena 30 urtekoa dela, eta horixe, edo 40 urte izan daitezke «betidanik» hori.

Idatzizkoak, baldin badago, balio handiagoa du, beraz?

Printzipioz, idatzizkoak indar gehiago du, ez bada ahozkotik asko aldentzen. Hori ere ez da ona. Forma osatuagoa izango da era batera idatziz, ahoz erabiltzen duenak ezagutu ahal izango duena. Eta, zer esanik ez, toki batean izen bat XVI. mendean dokumentatu dutela esaten badute, badakitela nola esaten zen, baina gaur egungo erabileratik oso urrun badago, datu hori utzi beharko dugu balio historiko-linguistiko bezala eta ezin izango dugu besterik gabe ekarri gaur egungo erabilerara. Orekak bilatu behar dira.

Asko erabili izan diren izen batzuk, hala nola Biasteri edo Eskuernaga, baztertu egin ditu Euskaltzaindiak.

Euskaltzaindiak, eta edozein erakunde akademiko edo zientifikok, zintzotasunez lan egingo badu, atzera egiten jakin behar du datu berriek erakusten badute hasieran hartutako erabakia ez zela zuzena. Kontrakoa pentsaezina iruditzen zait.

Euskaltzaindiak lehenengo udal izendegia argitaratu zuenean trantsizio garaia zen eta eskari sozial handia zegoen, izenen euskal bertsioa behar zuen jendeak. Leku batzuetan, hortxe dago, bizi-bizirik, baina Arabako hegoaldera etorri gara, igual euskara orain dela mende asko galdu den inguruetara; orduan, presazko lana egin behar izan zen. Biasteriren kasuan, baziren datu batzuk eta uste izatekoa izan zen garai hartan Biasteri Guardiaren izena zela, baina gerora, handik urte batzuetara, dokumentu berriak agertuta, gehiago eta baliabide gehiagorekin ikertuta, eta oraindik gehiago ikertu behar da, ikusi genuen oker geundela. XVI. mendeko dokumentu batean agertu zen, kartografia zaharrean, mapan Guardiaren gainean. Horrek eman zuen bide okerra. Gerora konprobatu zen Biasteri Binasperi-ren forma okerra dela. Binasperi Lantziegon, Guardiatik hurbil dagoen herri txikitxo bat da, Viñaspre, nire deitura bezala.

Zergatik Guardia eta ez Laguardia?

Toloño mendilerroaren iparraldean, Lagranen, esate baterako, erlatiboki berandura arte hitz egin da euskaraz. XVIII. mendearen erdian-edo galduko zen. Horko datuetan arakatuz toponimo bat agertu zen: Guardiabide. Bigarren osagaia ‘bide’ denean, askotan aurretik herri baten izena esaten digu eta, beraz, orduko euskaldunek nola esaten zioten herri horri. ‘Bide’ hitzari zer herri izen dagoen itsatsita aztertuta, asko aurreratu dugu Arabako herrietan, baita Nafarroan ere.

Eskuernaga, aldiz, Euskaltzaindiak inoiz ontzat eman ez duen izena da. Horrek ere badu bere historia. Villabuena XVII. mendean pasatu zen hiribildu izatera, eta izena aldatu zioten. Ordura arte Villaescuerna zen. Kontua da Eskuernaga ez dela inoiz dokumentatu, ez du inolako tradiziorik. Euskaltzaindiak ez du inoiz proposatu.

Onomastika jardunaldian 500en bat pertsona-izen neutro onartu dituzue. Oraindik badago lege arazorik?

Bai, modu ohargarrian ireki nahi izan dugu bide hori, eta datozen hilabeteetan askoz gehiago onartuko ditugu. Izen mistoen aldetik zerrenda hori nabarmen zabalduko da. Ez horiek bakarrik, izen txikigarriak ere badaude.

Espainiako 1957ko Erregistro Zibilaren Legeak «sexuari buruz okerra eragiten duten izenak» debekatzen ditu. 2011n lege berria etorri da, baina osorik indarrean jartzea falta da, eta puntu konkretu horri dagokionez, atzeratzen ari da. Momentuz, iragarri duten azken atzerapena 2020ko ekainera artekoa da. Pentsatzekoa da noizbait etorriko dela aldaketa, baina hori ez dagokio Euskaltzaindiari. Kontuan har dezagun, gainera, Euskaltzaindia Euskal Herri osorako dugun erakundea dela, eta Frantziako Estatuan legeria bestelakoa dela alde horretatik. XX. mendearen azken hamarkadatik ez du debekurik jartzen sexu kontu hori dela eta; dena dela, haurraren izena gurasoek aukeratuko dutela badio ere, Erregistro Zibileko funtzionarioa behartuta dago desegokia iruditzen zaiona –ez du zehazten– epaileari jakinaraztera, eta hark erabakitzen du. Hemen, Euskal Herrian, argi esan beharra dago Euskaltzaindiak ez duela izenik debekatzen, hori ez da bere esparrua. Euskaltzaindiaren zeregina eta betebeharra da esatea euskarazko izenek euskara estandarrean nolakoak izan behar duten. Eta gero, jendeari aukerak eskura jartzea, espiritu ireki eta dinamikoarekin.

Euskaltzaindian, Patxi Uribarrenen lekua bete duzu. Hura ere izan zenuen gogoan sarrera-hitzaldian.

Bai, hala da, eta esan nahi nuena nahiko modu grafikoan esan nuen: biok aulki bera partekatzen dugu, oso modu onean. Ekitaldi askotxotan batera ibiltzen gara; esate baterako, oso polita izan zen azken Korrikaren bukaeran, Gasteizen, Euskaltzaindiaren izenean Patxik eta biok egin genuen kilometroa, elkarrekin lekukoa eramanda. Benetan pozgarria.