13 JUL. 2019 IKUSMIRA KRISIA SORTZEA AGINDUTAKOA EZ BETETZEA BAINO HOBEA OMEN Tzortzinis | AFP D. Lazkanoiturburu Nork du benetako errua? Egoera gordin bati aurre egiteko agindutakoa bete –edo betetzerik izan– ez duenak ala egoera gordin horretara bultzatu gaituenak? Iragan igandean Greziako hautesleek erantzuna eman zuten hauteskundeetan, Kyiriakos Mitsotakis eskuindarra lehen ministro izendatuz. Alexis Tsipras zigortu zuten, baina berak gidatutako Syriza ezkerreko koalizioa ez zen izan galtzaile bakarra. Lesbos eta gainerako irletan errefuxiatuen alde diharduten gobernuz kanpoko erakundeak beldur dira gobernu berriak kanporatze prozedurak agindu dituelako. Urriak badira ere, bizirauteko gizarte laguntzak behar dituen jendeak ere aurki sumatuko ditu Mitsotakisek iragarritako zerga jaitsieraren ondorioak. Syrizari gauza asko egotzi ahal zaizkiolako, baina ez behintzat Grezia hondoratu izanaren erantzukizuna. Horrek izen propioak ditu eta, Papandreu sendiarenarekin batera, Mitsotakis beraren familiarena ere leku nabarmenean dago zerrendan. Grezia gaixoa.