GAUR8 - mila leiho zabalik

Emakumeen besapeak


Lerrook idazten ditudan bitartean, Espainiako Legebiltzarrean etenda geratu da hurrengo lehendakariaren inguruko eztabaida eta PSOE eta Unidas Podemos bulego batean giltzapetu dira ministerioak eta botere banaketa adosten ahalegintzeko. Horren aurrean, alderdi eskuindarren kezka –Espainia alderdi komunista eta independentistei salduko dietela eta Nazioa hautsi egingo dela oihukatzeaz gain– lehendakariordea izan daitekeen emakumearen besapea hilez beteta egotea da antza. Kezka horren atzean, zabor matxista guztiaz gain, badago boterean onartzen den emakume eredua haustearen gaineko beldurra ere. Hau da, emakume hori, balio patriarkalen arabera funtzionatuz gero, onargarria izan daiteke; bestela, dudarik gabe, arriskutsua da.

Emakume boteretsu baten edo boteretik gertu dagoen emakume baten aurrean, berehala jartzen da martxan diskurtso eta makinaria matxista emakume horren irudia deuseztatzen ahalegintzeko. Gure presentzia publikoa, Cesarren emakumearena bezala, itxuran baino ez da oinarritzen, gizon boteretsuaren laguntzaile edo sostengu moduan, asko jota. Eta gure arrakastak maila pertsonalean baino ez dira neurtzen. Horregatik, Bartzelonako PPko diputatuak, Cayetana Alvarez de Toledok, Irene Montero “señora de Iglesias” izendatzen du. Eta hori ez da inolaz ere kasualitatea edo bigarren mailako gaia; emakumeek eremu publikoan izan beharreko moduaren inguruko eztabaidak baditu-eta ondorio larriak. Izan ere, eremu publikoan emakumezkoen balioa gutxitzeak (kristalezko sabaia, langabezia tasa altuagoa, behin-behinekotasun altuagoa... denak datu objektiboak eta eztabaidaezinak), zuzenean eragiten du emakumeen kontra ematen den indarkerian. Azken finean, merkatuaren logikan oinarritzen den gizarte batean emakumearen balioa gutxiesten bada, onargarriagoak dira emakumeen kontra ematen diren indarkeriak.

Horren aurrean emakumeoi askotan ematen zaigun erantzuna izaten da eremu publiko hori konkistatu egin behar dugula, boteretu egin behar garela. Bada, azken boladan zalantza handiak ditut nik neuk horren inguruan. Are gehiago UPV/EHUk antolatutako “Alianzas estratégicas para el cambio: el empoderamiento como herramienta de acción transformadora” udako ikastaroan parte hartu nuenetik. Jone Martinez Palaciosek emandako hitzaldiarekin bat nator; ba al du zentzurik emakumeen boteretzeari buruz hitz egiteak feminismo antikapitalistaren lerroetatik? Edo, beste modu batean esanda, boteretze hori eraginkorra izan al daiteke testuinguru neoliberal batean?

Zaila iruditzen zait sistema patriarkal-neoliberalak eskaintzen dizkigun tresnekin benetako aldaketa eragitea. 80ko hamarkadatik, batez ere, hori izan baita neoliberalismoaren diskurtsoa edo indibidualtasunaren fantasia; nik eragin dezaket, nik egin dezaket. Coaching-ak esaten digu autoestimua landuz gero arrakasta lortuko dugula. Tamalez, testuingurua ahazten dute. Nik nire burua nahi duzun guztia boteretu dezaket, jokalari azkarrena izan naiteke, baina, partidaren arauak manipulatuta daudenean, ziur partida galduko dudala.

Horrenbestez, zer egin beharko genuke emakumeok gure boteretzea eraginkorra izateko? Ba, hasteko, boterearen kontzeptua bera logika patriarkaletik aldendu eta, Luisa Posada Kubissak aipatutako ikastaroan esan zuen bezala, boteretzea zentzu kolektiboan ulertu hemendik aurrera. Besapeak nahi ditugun moduan eramatea eta testuinguruan indarra jartzea baino ez zaigu gelditzen. •