Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Aspertzean hasten dena

Anjek Bittor gonbidatu du etxera jolastera. Kaxa handi batean gorderik duen auto txikien bilduma koloretsua atera du, eta haiekin lurrean jolasean hasi dira. Laster aspertu da hiruzpalau urte zaharragoa den Bittor, eta Anjeren amarengana jo du aspertzen ari dela esatera.

Amak, beste gelatik, Anjeri eskatu dio traste hau eta beste hura ateratzeko. Alferrik!, ezin, antza, Bittorri sortu zaion asperdura baretu. Han joango da gutxira mutikoa lagunaren amarengana «aspertzen ari naiz eta zerbait egin beharko duzu» esatera.

Eskolak itxita dauden uda sasoi honetan, akaso, dagoeneko aspertu zaizkigu inguruko haur eta gazteak eta jaso duzue Anjeren amak jaso zuen gisako kexarik. Honezkero, igual, hamaika saiakera eginak dituzu asperduraren kontra, eta zu ere gogaitzen hasia zara egoeraz.

Saiatuko bagina zerrenda bat egiten haur eta gazteei, bai eskolan, bai kalean eta bai etxean ere, zer ezin zaien gertatu adieraziz, gutako zenbatenetan uste duzu agertuko litzatekeela ASPERTZEA? Neska-mutilak txarretik eta gaitzetik babestu nahi horretan, asperdura bihurtzen ari da saihestu beharretako bat. Eta geroz eta okerrago bizi dute, eta bizi dugu, aspertzea. Baina zergatik mugitzen ote ditu hainbeste gure barrenak haur eta gazteen asperdurak, zerekin konektatzen du? Zer gertatzen zaigu guri asperdurarekin?

Alvaro Beñaran psikomotrizista eta pedagogoaren arabera, «aspertuta egoteak esan nahi du eskura ditugun estimuluek ez gaituztela asetzen». Asperdurak frustrazioa eta ezinegona sortzen ditu, eta, hain zuzen ere, hor dago gatazken sorburua –edota Bittorren kexaren abiapuntua–. Beñaranen ustez, asperraldien frustrazio tontorrei eusten ikasiko balute, eta bagenu, ondoren, martxan jarriko litzateke gure sormena.

Oroituko bagenu guk geuk ere gure denbora librearen askatasunean ikasi eta garatu genituela gure hazkunderako positiboak izan ziren hainbat eta hainbat gaitasun; jakingo bagenu, hainbat ikerketaren arabera, aspertzeak autonomia pertsonala, norberaren pentsamendua, irudimena eta abar sustatzen dituela; ohartuko bagina haur edota gazte bat aspertzen ari bada, eta inork ez badio esaten zer egin, berak aurkituko duela, azkenerako, entretenitzeko moduren bat... jabetuko ginateke berebiziko garrantzia duela neska-mutilek ez izatea beren aisialdi guzti-guztia programatuta. Izan ere, behar-beharrezkoak dituzte beren kasa gauzak egiteko aukerak, beren buruei beraiek ipintzea helburuak; egitasmo eta planak asmatzea. Eta gaitasun horiek eskuratzeko erarik hoberena, hori guztia esperimentatzea da.

Norberak bere buruarekin bat egin ahal izateak eta asperduratik aterako gaituzten jarduera eta ekintzak bilatzeak, malguagoak izatea ahalbidetuko digu, kognitiboki toleranteagoak, sortzaileagoak, eta, beraz, ausartagoak.

Sormena eta kreatibitatea ez ditugu soilik arterako edo ikerkuntzarako behar. Gure eguneroko bizitzarako behar ditugu, batez ere, era guztietako arazoak ebazten laguntzen digutelako, egunerokotasunean sortzen zaizkigunetatik hasita. Asperdura sormenaren eta irudimenaren bezpera dela jakiteak, mereziko luke eraiki dugun zaintzaren kulturaren eredua berraztertzea. Haur batek, zalantzarik gabe, ahalmen asko ditu indartsu egiteko, aukerak eskaini behar dizkiogu.

«Aspertuta nago!» esaten diguten hurrengoan, saia gaitezke aukera gisa ikusten, ez lehenbailehen erremedioa jarri beharreko gaixotasun kroniko gisa. Gure barne ezinegona baretzen saiatzen garen bitartean, eman diezaiogun aukera neska-mutilei alderrai ibiltzeko, zer sortu aritzeko. Denbora hartu eta denbora eman elkarri, sormenaren eta irudimenaren itsasoan murgiltzeko! •