Juantxo EGAÑA

euskal errefuxiatuak, 1939an, venezuelarantz

1939ko ekainaren 25ean “Cuba” itsasontzia Le Havre-ko portutik abiatu zen Venezuelarantz. 82 euskal errefuxiatu zihoazen bertan. Agurra hunkigarria, “Agur Jaunak” kanta abestu baitzuten. Uztailaren 9an La Guairako portura iritsi ziren, Caracastik 30 kilometrora. Venezuelako hedabideek argazki ugaritan jaso zuten gertakari hura. Euskal errefuxiatuak hara iritsita, lehenengo egunetan lore eskaintza bat egin zuten Simon Bolivarren gorpuzkiak gordetzen dituen panteoian. 1939ko uztailaren 28an, Le Havretik Venezuelaranzko bigarren espedizioa irten zen. 139 errefuxiatu ontziratu ziren “Flandre” ontzian, haien artean Eusebio Ibarrola ELAkoa eta Juan Olazabal EAJko kide nabarmena. Artikulua ilustratzen duen argazkiak “Flandre”-ren irteera islatzen du, eta haren egilea Jesus Elosegi tolosarra da. Venezuelaranzko hirugarren bidaia Bordeletik abiatu zen, “Bretagne” ontziak 59 euskal errefuxiatu zeramatzala. Talde haren arduraduna Francisco Elortegui izan zen, 36ko gerran Euzkadiko Gudontzidiaren Laguntzako Ontzitaldeko komandante izan zena.