07 SET. 2019 Fibrolisi diakutaneoa Oier Gorosabel - @Txikillana Fisioterapeuta Duela hamar bat urte hedatu zen Euskal Herrian: eskuarki kako metaliko batzuk erabiliz eginiko teknika da, muskulu eta aponeurosien arteko narritadura eta atxikimenduak ezabatzeko erabiltzen duguna. Halere, teknikak urte batzuk baditu: 1940ko hamarkada amaieran garatu zuen Kurt Ekman fisioterapeutak, bere nagusi James Cyriaxen metodoaren aldaera bezala. Izan ere, oinarri bera duten prozedurez ari gara: zuntzen eta ehunen artean izan behar diren irristatze-planoak libratzea, alegia. Plano horien arteko atxikimendu anomaloak gertatzea nahikoa arrunta da: izan kirol jardunak, izan lesioen sendatze prozesuek, odol zirkulazioa geldotu dezakete. Horrek ekar dezakeen metabolito pilaketaren ondorioz, egiturok elkarren artean itsasteko joera dute; horretara, planoen arteko irristaketa oztopatu daiteke. Prozesu hori muskulu-eskeletu sistemaren min eta desoreka askorekin lotuta dago, eta arazoa tratatuz aurrerakada handia egin daiteke. Fibrolisiaren eragina hiru arlotan nabari da: mekanikoa (orain arte azaldu duguna), zirkulatorioa (histaminaren askapenaren ondorioz) eta erreflexua (ehun konektiboan izaten diren puntuen inhibizioa). Fisioterapian, muskulu eta aponeurosien arteko mugikortasuna hobetzeko hainbat modu daude: luzaketak, masaje mota desberdinak, teknika miofaszialak, fibrolisi diakutaneoa... denak dira balekoak eta, ohi bezala, batzuek edo besteak aukeratuko ditugu egoeraren eta arazoaren kokapenaren arabera. Ezin dut esan teknika onena zein den: bai ostera, bata askoz ere hobea balitz, denok hura erabiliko genukeela, besteak baztertuz. Fibrolisi diakutaneoari dagokionez, esan beharra dago Ekmanek sortutako kontzeptua nahiko sinplea zela: muskulu eta aponeurosiak kakotuz, luzatuz eta marruskatuz osasunaren hobekuntza nabarmena lortzen zuen. Ekmanen ondorengoek, berriz, kontzeptua zabaldu egin dute, terapeutikaz gain diagnostikorako ere erabiliz, efektu fisiologikoei buruzko teoria garatuz... eta copyrighta ezarriz. Horrek, praktikan, ekarri du “fibrolisi diakutaneo” izena formakuntza ofiziala jaso dutenek baino ezin dutela erabili. Baina, esan bezala, teknikaren oinarria sinple xamarra denez, anatomia eta fisiopatologia jakitea nahikoa da berau modu egokian baliatzeko; hori dela eta, kako "ofizialez" gain, erabilera bertsua duten beste hainbat modelo ere agertu dira jada (zerbait apailatzea ere ez da zaila: fibrolisirako postreko labaina bat erabiltzen duenik ezagutzen dut, edo kakotzea esku hutsez egiten duenik). Izan ere, osasun prozedura bat patentatzearen etikotasuna eta zentzua oso eztabaidagarria da... Hori alde batera utzita, baina, garrantzitsuena zera da: muskulu eta aponeurosiak kakotzeak masaje klasikoaren aldean abantaila asko dituela eta, panazea ez bada ere, esku terapien osagarri bikaina dela. Beste teknika askoren modura, oraindik ausazko entsegu kliniko gutxi daude bere ebidentzia maila handitzeko, baina hori konpontzeko bidean da; bitartean, fisioterapeutok eguneroko lanean frogatzen ari gara muskulu-eskeletu sistema tratatzerakoan fibrolisi diakutaneoak duen eragin sakona. • http://www.abante.eus