Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

ALFONBRA GORRIA MEREZI DUTE

Jon Urbe / FOKU
Jon Urbe / FOKU

Zalantzarik gabe. Gipuzkoako adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan lan egin dutenei alfonbra gorria jarri beharko genieke, jendarte ondradu baten izenean. Gero eta zaharragoak gara, gero eta zaurgarriagoak, zaintza eta konpainia gero eta beharrezkoagoak ditugu. Aldiz, bakardadea da gora egiten duen bakarra. Berez korapilatuak diren gure bizitzetan zaintzarena gehitu behar, korapilo mingarria eta mingotsa, ondo zaindu nahiaren eta ezinaren arteko soka tenkatua. «Adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan ondo egoten dira», esaten dute ezina samurtu nahi duten ahotsek. Ahalik ondoen egoten dira bertako zaintzaileek dena ematen dutelako, beti erlojuaren kontrako zaintzan aritu arren. Urteak daramatzate 5.000 langile inguruk beren lan baldintzak hobetzeko borrokan. Eta lan baldintzak hobetzeak zuzenean gure zaharren zaintza hobetzea dakar. Zuzen-zuzenean. Badirudi Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duela ikusi nahi, ezta entzun nahi ere. Langileen %95 emakumeak dira eta, esanda bezala, zaintza da beren lana, hainbeste mendetan etxean ezkutatu den lehen lerroko beharra. Horixe, entzunak eta ikusiak izatea ez ezik, alfonbra gorria ere merezi dute.