GAUR8 - mila leiho zabalik
analisia

Greta eta klima

Nazio Batuetan egin duen agerraldiaren ostean ugaldu egin dira Greta Thurnberg klima larrialdiaren aurkako borrokan ikur den gaztearen gaineko laudorio eta kritikak


Oihartzun handia izan du asteon Greta Thunbergek klimaren krisiaren inguruan Nazio Batuen Erakundearen gailurrean eman duen hitzaldiak. Sekulako errieta bota zien gazte suediarrak bertan bildutako politikariei. New Yorken baino Ozeano Atlantikoaren beste aldean klasean egon behar zuela gogoratu ondoren, honakoa egotzi zien munduko 60 bat agintariri, gehienak europarrak: «Nola ausartzen zarete hona etorri eta nahikoa egiten ari zaretela esaten? Entzuten gaituzuela diozue, egoeraren larritasunaz jabetzen zaretela, baina egoera benetan ulertuko bazenukete, ez zineten hor geratuko, ezer egin gabe».

Ez zaio arrazoirik falta. Izan ere, orain arte munduko hainbat gobernuk sinatu dituzten akordioetan –Parisko Ituna barne– jasotako konpromisoak ez betetzeaz gain, aldaketa klimatikoa areagotzen duten emisioetan gora egin dute etengabe estatu gehienek.

Ikurra

Urte sabatikoa hartu eta abuztuan belaontzian zeharkatu zuen Atlantikoa Thunbergek, bere bidaiaren arrasto karbonikoa gutxitzeko. New Yorkeko nazioarteko ekitaldiarekin amaitu den bidaiari esker, indartu egin da Thunbergen irudia klimak bizi duen krisi gordinaren aurkako borrokaren ikur bezala. Irudi bezala eta baita ahots gisa ere, belaunaldi berriek beren etorkizunari buruz duten kezkari boza jarri diolako.

Thunbergek duela urtebete pasa, 2018ko abuztuaren 20an, ekin zion bere borrokari. Egun hartan egin zuen Suediako Parlamentuaren aurrean lehen «klimaren aldeko ikasle greba». Orduan, bere irudia, bizkarretik behera erortzen zaizkion ilekorda luze eta guzti, munduko aldizkari nagusien azaletan agertu zen, “Time Magazine”-tik “Vogue”-ra. «Suediak Parisko Itunarekin bat egin arte hemen jarraituko dut», ohartarazi zuen telebistan iazko urte bukaeran. Ordutik hona, bere izenak Eskandinaviako herrialdeko mugak gainditu ditu eta aurten Bakearen Nobel saria eskuratzeko hautagaien artean ere egon da.

Thunbergen borroka, “Fridays For Future” izenpean, mundu osora hedatu da. Suediatik Australiara, Europatik Ameriketara, gaztedia eta batez ere ikasleak mugiaraztea lortu du ostiralero.

Hala ere, badago Thunbergen ibilbidea eta nolabaiteko lidergoa kritikatu duenik, baita ere Nazio Batuetako Erakundean izan duen agerraldiaren ondoren. Donald Trump AEBetako presidenteak ohikoa duen ironia sinplista erabili du Twitterren. Greta Thunbergek negar malkotan esan zuenez «nire ametsak eta haurtzaroa lapurtu dizkidazue zuen hitz hutsekin», Etxe Zuriko buruak «etorkizun benetan oparoa nahi duen gaztetxo oso alaia dirudi, ikusteko oso polita», idatzi du, Thunbergen haserre aurpegia azaltzen duen irudia itsatsita.

«Gaztetxoa» ez da isilik geratu eta Trumpen hitzak erabili ditu Thunbergek Twitterren bere azalpen pertsonala emateko. «Etorkizun benetan oparoa nahi duen gaztetxo oso alaia». Bere gaztetasuna zalantzak hauspotzeko aitzakia moduan erabiltzen dutenentzat ere badu erantzuna Thunbergek, pasa den uztailean Parisera egin zuen bisitan gogoratu zuen bezala. «Zuek ez zaudete inolaz ere gu entzutera behartuta, izan ere, umeak besterik ez gara», erantzun zien ironikoki gazteek emergentzia klimatikoaren aurkako borrokaren buru izateko zilegitasunik ez dutela diotenei. Gazteagoa ematen duen arren, 16 urte ditu jada Thunbergek, kontzientzia kritikoa izateko adina bai behintzat.

Izaera

Ikono baten genesi, gazteen ikur, Greta Thunbergek Moloch klimatikoari aurre egiteko belaunaldi baten grina bultzatu duen arren, mespretxua ere jaso du, «eko-ebangelismoaren txotxongilotzat» duten sektore negazionisten artean batez ere. Michael Knowles Fox News AEBetako telebista kate ultrakontserbadoreko komentaristak argi du «klima histerian erori den gaixo mental baten aurrean» gaudela. Ez da bakarra. Beste batzuen ustez «utopia hiltzaileek autismoa duen nerabe baten nerbioak hautsi dituzte».

Thunbergi 12 urterekin diagnostikatu zioten Asperger sindromea. Berak azaldu duenez, «nire buruak era pixka bat desberdinean funtzionatzen du eta mundua beste ikuspegi batetik ikusten dut, laburbiltzeko, zuri-beltzean. Oso zuzena naiz, eta gauzak diren bezala esaten ditut. Hori bai, zeozer egitea erabakitzen dudanean, ondo egiten dut». Bere izaera tematia duen sindromearen ondorio dela zehaztu du, erakusten duen indarra beste ondorio bat den moduan.

Azkarra, oso

Eskolan, «8 edo 9 urte» zituenean, hasi zen klimaren inguruko gaiekin interesatzen. «Nire irakasleek esan zidaten papera aurreztu eta argiak itzali behar nituela. Zergatik galdetu nienean, aldaketa klimatikoa bezala ezagutzen zen zerbait zegoela erantzun zidaten». Orduan utzi zion haragia eta esnea jateari eta produktu berriak erosteari, «behar-beharrezkoak ezik».

Gretaren familia haurra depresioan erori zenean jabetu zen auziak berarentzat zuen garrantziaz: krisi klimatikoaz larrituta, 11 urterekin gaixotu egin zen eta jateari, eskolara joateari eta hitz egiteri utzi zion, aitak gogoratu duenez. Orduan diagnostikatu zioten Asperger sindromea.

Thunberg oso-oso azkarra da, sindromea duten gehienen antzera. Munduan zehar bidaiatzen ari dela eta, eskolara joateari utzi behar izan dio aurten eta urruneko ikastaroa jarraitu du. Hala ere, izugarrizko notak atera ditu. Bere aurkariek, ordea, erabiltzen dituen hitzak kritikatzen dituzte. Zentzuzko diskurtso bat egin beharrean krisi klimatikoaren larritasuna areagotzea egozten diote eta urtarrilean Davosko Forumean esan zituenak ekartzen dituzte gogora: «Zuek ikaratzea nahi dut, nik egunero sentitzen dudan beldurra senti dezazuen».

Thunbergek aberastu egin ditu, baina, bere argudioak azken hilabeteetan. «Egin iezaiozue kasu zientzialariei», eskatu zuen aurreko astean Washingtonen, AEBetako Kongresuan.

Gehienetan bere hitzak «zuzenegiak» direla gazteak berak onartzen badu ere, bere izaera ulertzeko ez da Thunbergek duen Asperger sindromea soilik kontuan izan behar. Thunberg bezalako pertsonaiak ulertzea zaila da Suediatik kanpo. «Azken hamarkadotan Suediako hezkuntza programak izaera kritikoa bultzatzen du, ezagutza hutsaren gainetik», dio Katarina Baarlingek, Uppsalako Unibertsitateko politologoak.

Severn Cullis-Suzuki biologo kanadarrak argi du Thunbergi «indartsua delako» egiten zaizkiola hain kritika gogorrak. «Iraultzara deitzen du, eta horregatik isilarazi nahi dute», gaineratu du 1992ko Rioko gailurrean 12 urte zituen biologoak.

Azken asteetan beste esparru ideologiko batetik iritsi zaizkio kritikak, «kapitalismo berdearen txotxongiloa» dela diotenen aldetik zehazki. Bere kanpaina soilik mediatikoa dela dioenik ere bada, eta Barack Obamak eta aita santuak gaztea hartzean egin dizkioten laudorioak aipatu dituzte. Dudarik ez klima larrialdiaren aurkakoa kanpaina mediatikoa dela, baina egungo ia borroka guztiak dira horrelakoak. Badirudi ere garaiotako antsietate existentzial eta arazo larriek bat eginda, Thunbergen hitzak, irudia eta izaera guztiz aproposak direla jendea mugiarazteko, argi dago-eta gazteak eta bere borrokak mundua astindu dutela milioika nerabe kalera ateraz, bere ausardia hauskorrarekin eta bere ahots gazteak islatzen duen grinarekin. Hori da bere aurkariek jasan ezin dutena.

Eta, gainera, ez dago bakarrik. Greta asko daude munduan: Lilly (Ralyn Satidtanasar, 12 urte) Thailandian, plastikoaren aurkako gerran; Leah Namugerwa ugandarra (15 urte); Maria Jose Bejarano de Oliveira, 18 urteko indigena; Artemisa Barbosa Ribeiro, 17 urteko Xakriaba herriko gaztea, Thunbergekin izan dena AEBetan, Militzia Lizbeth Flaco Suira panamarra....