ANE GEBARA
Irakasle ikasketen amaierako lanaren bidez hurbildu zen gasteiztar hau ipuinen mundura, eta istorioak kontatzeko jardun «ederra» lan bihurtu zitzaion. Besteak beste, Virginia Imazekin, Pello Añorgarekin edo Itziar Rekalderekin ikasi du. Bere istorioak arte bisualetara eraman ditu eta, azken aldion, baita antzerki mundura ere.
Egunkari honetako Kultura atalak “4pArTE” proiektuaren berri eman zuen joan den astelehenean, Ane Gebara ipuin kontalariak ikusgai jarri duen arte bisualen esparruko lehen lana, hain zuzen. Horretaz, aurrekoez eta gerokoez hitz egin dugu berarekin, te baten bueltan harrapatu dugun honetan.
Atearen sinbologiarekin jokatu «edo jolastu» nahi zuela dio Anek eta, Gasteizko ARTgia aretoak eman zion beka baliatuta, ikusgai jarri ditu lau ate, lau emakumeren bizitzetarako sarrerak. Behin sartuta, entzuten diren istorio gehienak sentsazio txikietatik tiraka sortu direla dio, «zaila egiten baitzaigu egoera sinple eta aldi berean hain garrantzitsu horietan sartzea». Horregatik, «aldare batean» jarri nahi zituen egoera sinple horiek, entzuleak momentu horietara sartzeko. Istorio asmatuak dira, baina eguneroko sentsazio errealetatik sortuak.
Badu loturarik, horrenbestez, azken urteetan jardun nagusia izan duenarekin, ipuin-kontaketarekin, hain zuzen. Horixe du neurri handian lanbide; horixe bere proiektuen oinarri eta jarduerarik gustukoena, bere ustez narrazioa gauzarik sinple, borobil eta egiazkoena baita.
Irakaslea da Ane, baina eskolaz kanpoko jarduerak baino ez ditu eman, ipuinak kontatzeak eta horretarako bere burua prestatzeak eraman baitio denbora gehiena. Aurten, berriz, zerbait finkoago egiten hasi da, ipuin-kontalari lanbidearekin batera, psikomotrizista gisa. «Psikomotrizitatea beste mundu potente bat da», dio halako gogobetetasuna erakutsiz, «mundua gorputzaren mugimendutik ulertzea beste ate bat da». Aneren ogibide bion arteko lotura ere nabarmena da: «ipuinean etengabe mugitzen dugu gorputza, burua... eta psikomotrizitatean gure gorputzaren mugimenduen askatasun horretatik sortzen dugu ideia, gure izaera».
Ipuin tradizionalak
Haur Hezkuntza ikasi zuen, eta karrera amaierako lana ipuingintzaz egitea bururatu zitzaion, ipuin tradizionalaren aldeko lan bat. Beste batzuek haren aurka egin zutela dio, batez ere haien alderdi sexista salatuz. Berak uste du ipuin tradizionalek indar eta sakontasun handiak dituztela.
Ikasketak amaituta, Mexikon eman zuen denboraldi luzean txotxongiloen mundua ezagutu zuen, eta, Gasteizera itzuli zenean, ipuinak kontatzen hasi zen, lehenengo ilobekin, eta halako batean Mara-Mara liburu dendan. Lotsatu samar. Edonola ere, ez zuen oso txarto egingo, luze gabe deitu baitzioten bere istorioekin haurren begiak borobiltzeko.
Ipuin-kontalari handiak ezagutu zituen ondoren, hala nola Pello Añorga edo Virginia Imaz. Donostiarrarekin ikastaro bat egin ondoren, argiago sumatu zuen bere bidea, eta bere burua prestatzen jarraitu zuen, ipuinen lanketa handiagoa egiten, publikoarengana iristeko estrategiak lantzen, beste askoren kontaketak entzuten, oso garrantzitsua iruditzen baitzaio entzutea: «gaur egun gero eta gehiago kostatzen da». Bere lanaz gero eta kontzienteago egin eta ipuinak bere modura kontatzen hasi zen, genero ikuspegia islatzen ere saiatuz.
Hitz soila nahiago badu ere, batzuetan album ilustratuak erabiltzen ditu, gaur egungo bisualtasunaren indarraren jakitun. Irudi bakar batekin istorio oso bat konta dezake; edonola ere, istorio baten xehetasun batetik beste istorio bat atera daitekeela dio.
Ipuin-kontaketa, magia
Umeak inguruan adi-adi ikusten dituenean, gozatu egiten du, «ohian batean edo ipuinaren espazio horretan erabat sartuta, gertaeren arabera aurpegiera aldatzen, batzuek belarriak edo begiak estaltzen, gertaera horiek benetan bizitzen, ipuineko beldurra sentitzen dutelako… hori da ipuinaren magia», azaldu du grinatsu. «Hori ikusten duzunean, lana ondo eginda dago. Eta oso bisuala da, zeren begiradak konektatzen direnean, ipuineko jolas horretan gaudela nabaritzen duzu». Bere ustez, ipuina ikasketa handia da: «Ez gaude basoan, baina beldur hori benetakoa da. Gainera, gainditu egingo dugu, eta horrelako egoera batetik irabazle ateratzea ikasketa polita da. Askotan oso zaila da gaizto bati, alegia arrisku bati, aurre egitea, baina ipuin baten bitartez aurre egin eta irabazi baduzu, hurrengoan beste gaizto bati ziurtasun handiagoarekin aurre egingo diozu. Ezin badugu imajinatu ere egin gaiztoei nola aurre egin… Bada, ipuinak aukera hori ematen digu». Gutxienez fikzioan sentsazio horiek bizi izanda, «benetan bizi izaten baitira», norbanakoa pixka bat aldatzen dela uste du: «Beti esaten dut mundua aldatzeko kontatzen direla ipuinak».
Hilean behingo saioak ohiko kontu bihurtu zitzaizkion pixkanaka Aneri, lan profesionalerako aukera gehiago eman arte. Orain astean behin edo bitan egiten ditu saioak, normalean ikastetxeetan edo liburutegietan, auzoetako jaietan… Aisialdian, edonola ere.
Orain kontatzen dituen ipuin batzuk duela hiru urte hasi zen kontatzen, lantzea asko kostatzen zaio eta. Hala ere, gero eta baliabide gehiago ditu, gero eta erraztasun eta trebetasun handiagoak, eta gero eta hobeto ezagutzen du publikoa. Kontaketa sinplea du gustuko eta sinpletasun hori jendearentzat ederra izatea: «Hitz egitea hain gauza primario eta oinarrizkoa denez, modu natural, polit eta sinplean egitea opari xume bat bezalakoa da», azaldu du.
Ideiak erruz
Iazko apirilean, Gazte Sortzaileak bekari esker, “Harriek kontatu didatena” ikuskizuna estreinatu zuen Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, Itziar Rekalderen laguntzarekin. Helduentzako ikuskizuna da, Arabako hainbat istorio zaharretan oinarritua. Aurrez sentitzen zituen lotsa eta helduen epaiaren beldurra gainditu eta arrakasta handia lortu zuen. Gogoan ditu Rekalderen hitzak: «Igerilekura ez, amildegira salto egin behar dudala esan zidan».
Ez du ideiarik falta izaten, eta neurri batean beken bitartez ematen die bide bere proiektuei, horretarako behar duen denbora eta dirua lortuta: «Horrela lortzen dut neure buruarekin serio jartzea, epe bat bete behar baitut». Oraindik orain beste proiektu bat garatzen hasi da, berriro ere Gazte Sortzaileak beka lortuta, antzerki mundura salto eginda.
«Niretzat bizitza oso jostagarria da, eta oso gozagarria. Azken aldi honetan antzerkiarekin jolasten hasi naiz», dio. Asteartero Jason Gerra aktorearekin biltzen da Gasteizko Monstrenka kolektiboan, eta haren zuzendaritzapean hasi da bere lana garatzen. Umorea lantzeko asmoa dute, Josune Velez de Mendizabalekin batera. «Biak adituak dira, badute beren ibilbidea, eta onartu egin naute», dio poz-pozik.
Ez du, baina, ipuinak baztertzeko asmorik: «Antzerkian beste bat izan zaitezke, baina narratzean zu zara, zu eta zure ahotsa. Biluzte ariketa bat da, ez duzu ezer jantzi behar, ez duzu agertoki handirik behar, naturaltasuna besterik ez. Horri eutsita, gauza magiko bat sortzen da. Nire ahotsetik, nire gorputzetik, nire pentsamendutik kontatuko dut eta argi geratuko da gutxi gorabehera nolakoa naizen».
Ane Gebara, kasualitatez kontalaria, magia sortzailea. •