GAUR8 - mila leiho zabalik

Mundua ez da hain handia


Hala da, azken buruan, mundua ez da hain handia. Milaka kilometroko distantziara egon daitezke, itsaso eta hizkuntza ezberdinak izan, baina bada lotzen dituen hari bat, badira inspiratzen dituzten ereduak, kutsakorra den aldarte global bat.

Bada zerbait hor nonbait. Bartzelonan izan ala Quiton, Beiruten ala Santiagon, Port au Princen ala Hong Kongen, Aljerren, Londresen ala Bagdaden, protestaren haizeak harrotuta dabiltza oso. Milioika manifestari, hildakoak, zaurituak, kale borroka, larrialdi egoerak… protesta mundu-mailakoa da, hainbat sistema desafiatu dituena. Eta taktika berriak erabiltzen dituen belaunaldi berri bat da protagonista.

Ez da erraza, ezta erratzeko arriskurik gabea ere, hain protesta ezberdinak lotzen dituzten faktore komunak bilatzen saiatzea. Masa mugimenduok berezko kausa eta ondorioak dituzte, berezko helburu eta metodoak, baina badituzte dinamika partekatuak ere. Modu batean ala bestean, urteetan berotzen egondako presio-eltze ekonomiko eta politikoak lehertu egin dira. Txinparta Whatsappeko mezuei ezarri nahi izan dioten zerga izan liteke, edo epai bat, edo metro txartelen garestitzea, edo gasolinari dirulaguntza publikoak kentzea. Baina, azkenean, beren hizkuntza propioan eta egoera zehatzetan, «iraultza! iraultza!» oihukatzen bukatzen dute guztiek. Eta ez zehazki “irribarreen iraultzen” zentzuan.

Protestokin, baina, hipopotamoarekin gertatzen dena gertatzen da. Ur gainean begi eta belarri txikitxoak ikusten zaizkio, baina, gero, ur azpian, gorputz erraldoia du. Albistegietako iskanbilen irudi errepikatuetatik haratago, erroan, desberdinkeria ekonomiko beldurgarriak eta herri bezala politikoki adierazteko askatasun falta ageri dira. Sumindutako jendeak sistema politikoa tranpa bezala ikusten du: zepoan atrapatuta baleude bezala ikusten dituzte beren buruak. Beren ahotsak kontuan hartuak izatea eskatzen dute, baloratuak izatea. Eta gobernuek ez dute entzuten, eta, entzutean, soilik biolentziarekin zerikusia duten hots eta kontuak entzuten dituzte. Dena ordenu publikora, eskuliburu antiterroristaren erabilerara, mugatuz.

Borrokok, gainera, elkar inspiratu egiten dira sarri. Nola antolatu eta helburuetara nola gerturatu elkarrengandik ikasten dute, nahiz eta jakin ez direla berdinak, ez dituztela agenda eta estrategia berdinak. Baina badago, horixe badagoela, beren borondatea adierazteko nahikoa espazio politikorik ez duten herrion artean nolabaiteko elkartasun bat, edo, nahi bada, sinpatia bat.

Katalunia eta Hong Kongen artean egin da ikusgarri hori, baita Madril eta Pekinen hitzetan ere. Bruce Lee handiaren hitzak –“ene lagun, izan zaitez ur”– ongi ikasi dituzte nonbait. Egoera berrien aurrean ura bezain arin, jariakor eta moldakor izateko beharra. Aireportuak hartu eta kolapsatzea, mezularitza enkriptatua oinarri izanik erabiltzaileen fidagarritasuna eta konfiantza bermatzen duten aplikazioak erabiltzea, laser-erakusleak baliatzea edo buruan kasko horiak jartzea, adibidez, Kataluniako lagunek Hong Kongen ikasi dutela dirudi.

Denok ikas dezakegu elkar fidatzen den jendearen ekintzen balioaz. Askotan kontua ez da erakunde berri, hierarkia eta lidergo kontua, irauna eta segida duten dinamikak asmatzearena baizik. Estrategia baten jabe, erantzuna eta olatua altxatzen dutenak. Protagonista, antolaketarako eta erresistentziarako inoiz egon den potentzial handiena duena: giza jende arrunta. •