GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevista
Mariasun quiñones Goikoetxea
Realeko atezaina

«Nahi dugulako aritzen gara futbolean baina horrek ez du esan nahi gure eskubideak duinak izan behar ez direnik»

Realeko atearen zaindari da Quiñones. 23 urterekin izena hartu du klubean eta sektoreko lehen hitzarmenaren borrokan aurpegia eman duenetariko bat izan da.


Oinarrizko aldarrikapenak jaso ezean, greba egingo zutela ohartarazi zuten urrian futbolariek. Azaroko hirugarren asteburuan egin zuten geldialdia. Urte historikoa izan da emakumezkoen futbolarentzat. Luze iraun du negoziazioak eta aurreakordioa lortu dute urtea bukatu aurretik. Futbolari guztientzat bermea izango da. Gertutik jarraitu du guztia Realeko atezain Mariasun Quiñonesek (Hondarribia, 1996) eta bere ikuspegia azaldu du, Realaren lehen Kopaz ahaztu gabe.

Realak historiako lehen garaikurra irabazi du 2019an.

Koparen lorpenarekin borobil geratu zaigu 2019a. Oso urte polita izan da, berezia. Maiatzean lortutako Kopa gure oroimenean geratuko da. Historia egin dugu, polita da gainera kalera ateratzea eta irribarrez ikustea jendea. Orain jendea gogotsu dago, neurketa ikusteko irrikaz dago, Reale Arena berria ireki dugunean jendeak oso ondo erantzun du. Eta hori oso positiboa da. Gu oso pozik gaude, gure lana da. Bidean gaude berdintasun maila hori lortzeko asmoz.

Realak aprobetxatu du Kopak eragindako olatua, eta urtea bukatzeko, hitzarmeneko aurreakordioa sinatu duzue.

Bai, ez dira gure taldearen emaitzak soilik. Gizarteak eragindako aldaketa da. Jendeak ikusi du futbola nesken arloan ere polita dela, gure lana egiten dugula eta merezi dugula. Hitzarmen horretan guk eskatzen genituen gauzak oinarrizkoenak dira, ezin dugu ahaztu jokalari askok eta askok bizi izan dutena. Futbola utzi, lesioak, autobuseko bidaia amaigabeak… Gauza asko izan dira historian zehar ez ditugunak kontatu, ez direnak publikoki argitaratu, eta orain datozen gazte horiek asko eskertuko digute egindako lana.

Nik nire gaztetasunetik hitz eginda eskertu behar diet aurretik eduki ditudan erreferente guztiei, beraien lanagatik gaude gaur egun gauden lekuan.

Urte bat baino gehiago iraun du negoziazioak. Nola bizi izan duzu hau guztia?

Luzea egin zaigu. Hilabete asko izan dira, bilera asko, eztabaida asko. Gurea borrokatzeko asmoz joan gara bileretara, asko eztabaidatu dugu. Baita gure artean ere. Non jarri marra gorria, nondik pasa, nondik ez pasa. Gauza asko egin ditugu. Ez geunden prest oinarrizko hitzarmen hau gutxienekoa baino beheragoko zerbait izateko.

Langileak gara futbolariak izateaz gain. Edozein lanbidetan langileek hitzarmena dute, eskubideak dituzte. Guk zergatik ez? Lana egiten dugu, instalazioetara joaten gara, pila bat ordu pasatzen ditugu. Nahi dugulako aritzen gara futbolean, bai; gustatzen zaiguna egiten dugulako. Baina horrek ez du esan nahi gure eskubideak eta behar horiek pixka bat duinak izan behar ez direnik.

Gainera profesionaltasun maila bat eskatzen dizuete.

Gutxieneko baldintzak behar ditugu jokalari guztiok. Ez bakarrik Bartzelonan edo Atletico Madrilen jokatzen duten jokalariek. Guk ere gurea egiten dugu. Talde guztiok erakutsi dugu lehiatzeko gai garela. Iazko Kopan, esaterako, Sevilla heldu zen finalaurrekoetara; ligan kili-kolo ibili zen baina Kopan urrutira iritsi ziren. Neurketa guztiak oso ezberdinak dira eta horrek aberastasuna ematen dio.

Negoziazioan talde guztietako jokalariak batu zarete. Kolektibo bezala, indartu egin zarete?

Aurkariak izateaz gain lagunak gara, kideak gara, lankideak gara. Futbola futbola da eta klubak enpresak dira. Lan berdina egiten dugu eta gure artean hitz egin behar dugu. Bakoitzaren kasuak ezagutu, egoera ezberdinei nola aurre egiten dioten jakin… Baldintza hobeago edo onenetan lan egitea bilatu behar dugu. Hau oso positiboa da guztiontzat; honek esan nahi du guztiok oinarri berdina dugula.

Grebak zerikusi handia izan du aurreakordioaren lorpenean?

Bai, nik uste dut presio puntu bat sortu geniela. Ez bakarrik patronalari, baita Federazioari ere. Eskua sartu behar izan du Espainiako futbolak ezin duelako horrelako irudi bat eman. Beraien erantzukizuna ere bada. Guk gure lana egin dugu eta nik uste dut ondo egin dugula. Jendea ohartu da gure egoeraz eta lagundu egin digu gertutasun hori ikusteak. Gizonezkoen taldeko kapitain eta jokalari asko, instituzioak edo babesleak hor egon dira eta laguntzen ari dira. Poliki-poliki aurrera goaz eta espero dugu urtez urte baldintza hauek hobetzen joatea.

Aldagelan hitz egiten zen edo kanpoko eztabaida zen?

Aldageletan hitz egin dugu baina badakigu gai hauek konplexutasun handiagoa dutela eta bilera formalak egiteko hobe dela klubetik kanpo egitea. Ez ezkutaketan ibiltzeagatik, baizik eta arlo formal hori instalazioetatik kanpo egiteko. Klubaren aldetik ez dugu inolako arazorik eduki. Gure alboan egon dira eta zentzu horretan gu lasai gaude. Reala oso ondo portatu da.

Aipatu dugu orokorrean urte ona izan dela: Reala Kopako irabazle eta hitzarmenean aurreakordioa. Zer eskatzen diozu hurrengo urteari?

Poliki-poliki hobetzen joatea. Eskatuko nioke jokalari guztiak osasuntsu egotea. Aurten lesio larria eduki dut, jada osaturik nago eta pozik nago zelaietara itzultzeagatik; poztasunez eta harrotasunez hartzen dugulako. Eta hori eskatzen dut. Lesioak aparte uztea, futbolean aritzea eta disfrutatzea; ahal baldin bada, txuri-urdin zale gehiago edukitzea eta Reale Arena irekitzen dugun aldiro beteta egotea.

Pertsonalki, zure urterik onena izan da? Garaikurra, ligan itxura ona, Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketara, hitzarmena sinatzea…

Zalantzan nago. Eurokopara joan nintzen urte hartan ere oso gustura sentitu nintzen. Egia da aurten Kopako finalean asko disfrutatu nuela eta urtea benetan berezia izan dela. Ez nuke jakingo esaten pertsonalki onena izan den edo ez; hau da, nire errendimendu maila kontuan hartuta. Egia da pozik nagoela, erregulartasun maila hori erakutsi dudala eta selekzioarekin egotea oso garrantzitsua dela. Horrek esan nahi du maila ematen dudala, ondo lan egiten dudala, eta Realarekin gauzak ondo egiten ari naizela.