G7: gailurra ala hondoa
Bildutako agintariak izan ezik, G7ak ez du inor ordezkatzen, ezta Txina eta gorabidean diren gainerako herrialdeak ere. Gainera, ez du inolako eragin positiborik munduak bizi duen krisian. Euskal Herriak aurre egin dio aurten Biarritzeko gailurrean
Biarritz Lapurdiko kostaldeko hiria aukeratu zuen Emmanuel Macron presidente frantziarrak munduko herrialde aberatsenak biltzen dituen G7aren urteroko bilera egiteko.
Uda bete-betean, abuztuan, segurtasun neurri izugarriak inposatzen dituen bilera bat antolatzeak, non eta Euskal Herria zatitzen duen mugan, egundoko haserrea eragin zuen herritarren artean. Ez bakarrik jendearen –eta garai hauetan ugariak diren turisten– egunerokoan eragina izan zezakeelako –azkenean aurreikusten zen baino arinagoa izan zen, baina batez ere jendeak alde egin zuelako–.
Munduko eta batez ere Mendebaldeko estatu aberatsenen agintarien urteroko bilera mobilizazio aitzakia da globalizazio neoliberalaren aurkako mugimenduentzat, eta oro har, ezkerreko alderdientzat.
Aurten ere horrela izan da Bidasoa ibaiaren ertz batean eta bestean antolatu izan diren ekimen, akanpada eta manifestazioetan. Gainera, ekitaldiak tinkoak baina bide batez baketsuak izan dira, Euskal Herriko mugimenduen heldutasuna agerian geratu delarik.
Dena den, gailur alternatiboak lau haizetara zabaldu ditu bere burua «munduko gobernutzat» duen gailurrak eragindako haserrea eta kritika zorrotzak. Izan ere, haren helburu bakarra, 1970eko hamarkadan sortu zenetik, kapitalismoa mantentzea eta sistemak gero eta sarriago bizi dituen krisiak gailentzea da.
1973an petrolioaren inguruan sortu zen krisiak, II Mundu Gerraren ostean eraiki zen arkitektura ekonomikoa kolokan jarri zuenak, bultzatu zuen gero G7 izenarekin ezagutzera emango zen lehen gailurra.
Aurtengoa ere adituak krisi ekonomiko larri baten atarian gaudela iragartzen ari direnean izan da. Egoera noiz lehertuko den ekonomialarien arteko eztabaida alde batera utzita, argi dagoena zera da, bihar ez bada etzi izango dela, sistemaren baitan daudelako krisi ziklikoak. Eta, garrantzitsuagoa, 2008ko krisialdi globala gainditu ez den honetan izan dela bilera, adituek –salbuespen batzuk kenduta– aurreikusi ez zuten krisia, hain zuzen.
Krisialdi politikoa
Era berean, mundua krisialdi politiko sakonean murgiltzen ari dela begi bistan dago aurten.
Latinoamerikatik hasita Asiako ekialdeko muturreraino, eta Ekialde Hurbila ahaztu gabe, matxinadak, protestak, gobernuen aurkako mobilizazioak... nonahi daude.
Jendea haserre dago, politikariak, arazoak konpondu beharrean, arazoa bilakatu omen direlako. Gutxi dira, gainera, irain horretatik salbu dauden erregimenak, eskuinekoak nahiz ezkerrekoak, mendebaldezaleak nahiz ekialdekoak, AEBen inperioaren aurkariak nahiz Washingtonen jarraitzaile sutsuenak.
Protestatan agenda asko daude, baita potentzia ezberdinen arteko lehia ezkutuak ere, baina (ia) guztiek egoerarekiko frustrazioa azaltzen dute. Eta frustrazio hori gobernuaren, sistemaren edo oro har erregimenaren aurka egikaritzen da.
Eta, zentzu horretan, azken mende ia osoan gailendu den ordena liberalaren krisiaren erantzule nagusiak dira Biarritzen bildu zirenak eta horien aurrekoak. Ez da, gainera, erantzukizun makala, krisi horrek ultraeskuinari sekulako arnasa eman diolako.
Galerak banatu
G7aren sorrerak eta bilakaerak argi eta garbi erakutsi digunez, agintari eta potentzia horien leloa zera da: «Irabaziak bereganatu eta galerak banatu».
60ko hamarkadaren amaiera murgildu ondoren sistema arriskuan ikusi zutelako bildu ziren eta, denborak aurrera egin ahala, gainerako estatuen elkarlana eskatu izan dute eurenari eusteko.
G7ko herrialdeek munduko populazioaren %17 baino ez dute biltzen. Ekonomikoki ere gero eta gutxiago dira, gehienbat Txinaren hazkundearekin baina baita beste herrialde batzuenarekin ere (India, Mexiko, Brasil, Indonesia, Turkia) alderatuta.
Behar horretan, eta oro har galerak eta ardurak banatzeko estrategian kokatzen da G20aren sorrera, Asiako Tigreen krisiaren baitan, eta gorpuzkera, 2008ko krisialdi globalaren ostean.
Kezkak «sozializatzen» adituak badira ere, G7koak ez daude prest paper nagusia uzteko. Hori oso garbi geratu zen Errusia gonbidatuz taldea G8 bilakatu zenean. Gonbidapen interesatua, Mendebaldea beldur baitzen Sobietar Batasuna desegin eta Boris Jeltsinen agindupean Errusia bera ez ote zen desagertuko «glasnost» liberal baten eraginez. Sartu bai, baina bigarren mailan geratu zen Mosku, eta Vladimir Putinek munduan Errusiak bere garaian izan zuen pisua aldarrikatu zuenean, lehenik Georgian, gero Ukrainan (Krimea eta Donbass) eta egun Sirian eta Afrikako hainbat lurraldetan, AEBek, orain arte G7an (NATOn eta munduko erakunde ekonomikoetan) agindu dutenak, Asia-Europako erraldoia taldetik bota zuten.
Gauzak aldatu dira, ostera, eta Donald Trump presidentea bere laguna den Putin klubera gonbidatzeko asmoarekin iritsi zen Biarritzera.
Datorren urtean bera izango da G7aren maizterra (azkenean Camp Daviden bilduko dira, eta ez Trumpek duen golf instalazio erraldoian, Floridan) eta hor izango du aukera bere gonbita berresteko.
Hori kenduta, ezer gutxi Trumpen eta Macronen eszenifikazioaz aparte. Estatubatuarrak sekulako mehatxuak egin zizkion hegazkinean zetorrela. Muga zergen gerra egingo ziolakoan, baldin eta Interneten erraldoiei zergak kobratzeko proiektuari eutsiko balio.
Irango auzia
Trumpek Boris Johnson britainiar lehen ministroarekin egin zuen bilera –eta eman zion bultzada– gailurraren irudia izango zela espero zuenean, Macronek Mohamad Javad Zarif Irango Kanpo ministroa gonbidatu zuen Biarritzera.
Kolpe ederra zirudien, batez ere uda horretan Ormuzeko itsasartean gertatu ziren eraso eta segadek gerraren atarian uzten gintuztelako.
Hala ere, denbora pasa ahala, teatro-kolpea baino ez zela izan argi geratu da eta Europako potentziak ez dira kapaz izan AEBek Teherani egiten dioten xantaia ez dutela onartuko esateko. Eszenifikazio hutsa, eszenifikazio gordina.