Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta

Erori eta gero jaikitzea

Erortzen, hori da errugbi jokalari batek ikasi behar duen lehen gauzetako bat; alegia, aurkari batek plakatzen duenean, lurra minik hartu barik jotzen. Jakituria hori osasun arlora ekarriko dugu gaur, gure gizartean gero eta pertsona nagusi gehiago baitago, gero eta urte gehiagorekin, gainera. Gaurkoan, pertsona adinduen arazo arruntenetako bati erreparatuko diogu: erorketak.

Segur aski, denok ezagutzen duzue atso-agure itxurosorik: beti apain, beti dotore, kalean tente-tente ibiltzen direnak. Poza ematen du horiek ikustea; halere, horietako batzuk, tentearen tentez, zurruntasunean sartzen dira. Eta, zuhaitzetan bezala, ezaguna da ekaitzetan enbor lodi eta zurruna duten arbolak ipurdiz gora erortzen direla; haizeari eusten dioten zuhaitzak, berriz, meheak eta malguak izaten dira. Horrela, pertsona nagusi hauetatik asko kalean estropezu egin edo labaintzean luze-luze erortzen dira eta ez dira beren kasa jaikitzeko gai izaten. Gaitasun falta hori arazo handia da.

Pertsonaren autonomia bermatzeko landu behar den arloetako bat malgutasuna da. Atso/agure asko ibili zaleak dira: kilometro asko egiten dituzte, eta hori zalantza barik ona da. Baina ez dute luzaketarik egiten. Horretara, muskulu indartsuak dituzte, baina zurrunak. Dotore eta tente joaten dira, baina haizetearen aurrean erraz eroriko diren zuhaitzak bezalakoak dira.

Malgutasuna lantzeak ez du misterio handirik: luzaketak errazak dira eta asko daude, bakoitzaren egoera fisikoari eta premia bereziei egokituak. Baina horiek egiteko, arropa erosoa eta koltxoneta behar dira, eta pertsona nagusi askok (batez ere, aitona-amona apain, dotore eta tente horiek) lekuz kanpo ikusten dute beren burua. Halere, merezi du saiatzea, horiek izaten dira-eta horren premia handiena dutenak.

Malgutasuna eta lurrean etzan/lurretik jaiki sekuentziak garaiz landu behar dira, zurruntasuna ekiditeko. Zentzu horretan, kiroldegi publiko guztietan egiten diren ariketa programak dira gomendagarrienak: eraginkorrak eta dibertigarriak (azken hau oso garrantzitsua da). Hor sartzen diren jubilatu berriek, segur aski, ez dute ezagutuko aipatzen ari garen arazo hau.

Jada zurrunduta dauden aitona-amona horiekin nola jokatu, ostera, konplikatuagoa da. Helburuak apalagoak izango dira: malgutasuna pixka bat hobetzea, adibidez, nahikoa izango da bizitza kalitatean aldaketa nabarmena lortzeko. Edo dotoreziaren esklabotzatik pixka bat askatzen lortzen saia gaitezke: arropa erosoagoa janztera animatuz, sikiera ariketa saioetara ekartzeko. Psikologia handiarekin jokatzea komeni da, pertsona bakoitzaren joerak ezagutuz eta norabide egokian bideratuz: gimnasia egin nahi ez duen amona batek, adibidez, dantzan gustura asko egin dezake. Helburua argia da: gorputz pixka bat malguagoa lortzea, eta egunerokotasunean ager daitezkeen premiei modu seguruagoan erantzutea (zerbait lurrera erori zaizunean jaso ahal izateko, adibidez), erortzeko arriskua murriztuz; eta eroriz gero, ahal denik eta min gutxien hartzen ikastea (errugbilariek bezala) eta berriro jaikitzeko ahalmena mantentzea. •

www.abante.eus