Xabier Izaga Gonzalez
Entrevista
Gotzon Aurrekoetxea
hizkuntzalaria eta eudia ikerketa taldeko kidea

«Ehun urte barru euskalkiak ez dira orain bezalakoak izango, ezta euskara batua ere»

«Euskalkien sailkapen berria» argitaratu berri du EHUko Eudia ikerketa taldeak. Lan horren eta hiru dialektoko sailkapena eman duen metodoaren gainean mintzo da hizkuntzalari bizkaitarra.

Euskalkien sailkapen berria” izenburuko liburua argitaratu du Eudiak, euskararen bariazioa aztertzen duen EHUko ikerketa taldeak. Sailkapen hori egiteko metodo berri bat baliatu dute, zientzia askotan erabiltzen den metodo bat, hain zuzen.

Luze hitz egin du lan horretaz Gotzon Aurrekoetxea Eudiako kide, EHUko irakasle ohi eta hizkuntzalariak GAUR8rekin. Bera da egile nagusietako bat, Iñaki Gaminde, Jose Luis Txipi Ormaetxea eta Xarles Videgainekin batera; edonola ere, Eudia ikerketa taldeko kideen lana nabarmendu nahi du: «Liburu honetan hamar lagunek hartu dugu parte. Dibulgazio lan honen kapitulu guztiak jada nonbait aurkeztuak edo argitaratuak izan dira eta, egia esan, azalean agertzen garenok erantzukizun handiagoa izan dugu, arlo horretan esperientzia handiagoa dugulako, baina emaitza taldearena da, eta ez norbanako batzuena».

Euskalkien sailkapen berria, metodo berri bat baliatuta.

Esan behar da metodo berri hau ez dela gaur-gaurkoa. Azkenengo ia 50 urteotan erabiltzen da dialektologia kuantitatiboa edo dialektometria eta metodo horrek oro har hizkeren arteko desberdintasunak neurtu eta zenbakietara ekartzen ditu. Horretarako badira distantzia unitate batzuk, hizkuntzalaritzan erabiltzen direnak, eta hizkuntza distantzia horiek aplikatuz datu base batean dauden desberdintasunak zenbakietara pasatzen dira. Ondoren, estatistika erabiltzen da, zer helburu duzun halako teknikak erabiliz.

Zer arazo ditu sailkapen metodo tradizionalak?

Metodologia tradizionalean, edozein analisi egin behar zenean, bazen gabezia handi bat, datuen ezagutza. Gehienek han-hor-hemen biltzen zituzten ezaugarriak eta ez ziren gehiegi izan behar, hain zuzen ere eskuz edo buruz egiten zen analisiak ezin zituelako datu kopuru handiak maneiatu. Metodo tradizionaleko sailkapen guztietan datuen halako hautatze bat dago eta, noski, ikertzaileak bere irizpideak ezartzen ditu, askotan subjektiboak.

Euskararen Herri Hizkeren Atlaseko (EHHA) datu guztiak prozesatu dituzue?

Dialektometrian edo dialektologia kuantitatiboan datuen hautaketa baztertu eta datu kopuru handiak erabiltzen dira. Gure kasuan, oinarrian EHHAn argitaratutako liburukiak daude, eta datu horiei irizpide batzuk ezarri zaizkie. Besteak beste, diogunaren adierazgarri, irizpide garbi bat izan da galdera batek hamar herritan baino gehiagotan erantzun hutsa baldin badu, galdera hori kontuan ez hartzea; adibidez, oso herri gutxitan bildu izan diren izenak, arrain edo txori izenak, ez dira kontuan hartu, era horretako datuek distortsionatu egiten dutelako sailkapen kuantitatiboa. Beste irizpide bat lexiko berezitua baztertzea da. Edozein elkarrizketatan, bizitza normalean erabiltzen diren kontzeptuak edo hitzak erabili ditugu. Horrez gain, datuen kopurua ere mugatu egin da, ez dira argitaratutako datu guztiak erabili, lagin bat baizik.

Zuentzat funtsezkoa da datuen ordezkagarritasuna.

Hori da. Horra nindoan. Datuek zerbait ordezkatu behar dute. Badakigu hizkuntza bere osotasunean ezin dela bildu; beraz, hizkuntzaren unibertsoa hartu beharrean, lagin bat hartu dugu, baina lagin hori ordezkagarria izan behar da. Gainera, kasu honetan guk hizkuntzaren gramatika eta lexikoa, biak hartu ditugu, eta gramatikan izen morfologia, aditz morfologia, sintaxia eta fonologia; hau da, atal bakoitzean ezaugarri kopuru dezente bildu ditugu, eta horrek atal bakoitzeko hizkuntza sailkapen bat egiteko posibilitatea ematen digu. Honek beste zehaztasun bat behar du: datuak ez dira zuzen-zuzenean EHHAko liburukietatik hartu, datuak ez dira kopiatu. EHHAko liburukietan datuak fonetikoki idatzita argitaratu dira hizkuntza atlasetan ohikoa den bezalaxe. Gure datutegira biltzean datuak eraldatu egin dira, fonetikoki idatzita argitaratutako datuak ortografikoki idazteaz gain, ahoskerari dagozkion ezaugarriak ezabatu egin dira. Oinarria EHHAko argitaratutako informazioa bada ere, bere horretan kopiatu ordez bestelako datuak biltegiratu ditugu. Esate baterako, “dio” adizkia Bizkaian deutso, dotzo, otzo, dautzo, utzo, deutzo... formetan jaso den arren gure datutegian deutso forman ezarri ditugu aldaera horiek guztiak. Horrela jokatu da kasu guztietan.

Bestalde, datuak ordezkagarriak izan behar badira ere, hori bezain garrantzitsua da zein herritan bildu diren. Ez da berdin oso herri gutxitan edo herri kopuru dezente batean bilduak izatea. Kasu honetan, 145 herritan bildutako datuak hartu ditugu; beraz, herri horiek ordezkagarriak dira euskararen bariazio geolinguistiko guztia biltzeko.

Datu guztiek ez dute garrantzi bera, ezta? Izan ere, hizkuntza ezaugarrien hierarkizazio bat egin duzue, elkarren antzekoak direnetatik antzik gutxien dutenetaraino.

Hori da. Gure marko teorikoa deitzen duguna hizkuntzaren sinkronian kokatuta dago, gaur egungo egoeran, eta ez dugu kontuan hartzen hizkuntzaren historia, nola joan den bilakatzen. Guk hizkuntza sistema bezala hartzen dugu; hizkuntzak baditu ezaugarri sistemiko batzuk eta beste batzuk ez-sistemikoak. Gure datuetan ezaugarri ez-sistemiko horiek baztertzen ahalegindu gara; adibidez, ahoskerari dagozkionak. Gorago aipatu adibideaz gain, beste bat: estrella nola esaten den euskaran ikusten bada, badira aldaera batzuk, hala nola íxer, ixér, ixár, íxar, isár, iser, izer, izar... Lexikoaren ikuspuntutik horiek guztiak berdinak dira guretzat eta denak “izar” forman ezarri dira datutegian. Horiekin guztiekin datu base batzuk egiten ditugu: izen morfologiari buruzkoak, aditz morfologiari buruzkoak... gero alor bakoitzari dagokion sailkapena egiteko, eta azkenik datu base horiek denak batean hartu eta euskarari dagokion sailkapena egin dugu.

Nola zehazten da euskalki arteko muga? Zuen sailkapenak aurrekoen antzik al du?

Aurretik, beste ñabardura txiki bat, nire ustez oso inportantea dena. Hizkeren sailkapena egiteko multzokatze edo kluster analisia deitzen den teknika erabili da. Teknika horren bidez “dendrograma” izeneko irudi bat lortzen da. Zuhaitz hierarkikoa ere deitzen da. Dendograma horretan biltzen dira aztertzen diren hizkera guztien artean dauden desberdintasun linguistiko guztiak. Zuhaitzaren enbor puntatik adar puntetaraino dagoen desberdintasuna %100ekoa da. Dendrograma balidatzeko edo zein lekutan moztu behar den aholkatzeko badira teknika batzuk. Kasu honetan %44 desberdintasun linguistiko biltzen diren tokian moztu da dendograma hori, eta hiru euskalki atera zaizkigu.

Dialektologia kuantitatiboan bada prozedura bat teknika horiek erabiltzeko, eta guk egin dugun hori beste norbaitek egin nahi badu, eskura du informazio osoa datu horiekin edo antzekoekin, teknika horiek edo antzekoak erabiliz, guk egin duguna berresteko edo kontra ateratzeko. Beharbada denak ez dira ados egongo euskalki mailari dagozkion desberdintasunen mailaz eta agian egon liteke inor gutxienez %60ko desberdintasuna behar dela esango duenik. Hala balitz, eztabaidatu daiteke, baina betiere datuekin eta teknika zehatzak erabiliz.

Beraz, hiru euskalki: mendebaldekoa, erdialdekoa eta ekialdekoa. Ekialdeko euskalkia deitu dugun hori orain artean euskalki desberdinetan banandua egon da. Gure analisian ez dago desberdintasun nahikorik euskalki bat baino gehiago dagoela esateko. Erdialdekoan Gipuzkoa sartzen da, mendebaldeko herriak izan ezik, eta Nafarroako guztiak, Luzaide eta Zugarramurdi izan ezik. Eta mendebaldeko euskalkia aurreko sailkapenetako mendebaldeko edo bizkaiera izango litzateke, ñabardura bat edo beste izanik, gotor gelditzen dena. Baina hori baino gehiago dakigu. Dendograma horren arabera, hiru multzo horietatik formatzen lehena mendebaldekoa izan dela ere erakusten digu dendrogramak; beraz, hori da trinkoena, beste bien aldean.

Euskararen berrikuntzak mendebaldean hasi zirela esan nahi duzu?

Gure ikerketa taldea sinkronian ari da, hizkuntzaren egungo aldaerak ikertzen ditu, ez duela zenbait mende izan zitzakeenak. Mendebaldekoa formatu den lehen euskalkia dela diogunean, dendrograman maila apalenean bildu dela esan nahi dugu; hau da, euskalki trinkoena dela, batasun linguistiko handiena duena dela, alegia. Dendogramak oso argi erakusten du Bizkaiko eta Gipuzkoako mendebaldeko herri horiek sortzen duten batasun edo eremu dialektala ezaugarri propio gehien dituena dela eta hurbiltasun linguistiko handiagoa dagoela herrion artean beste multzoetakoen artean baino. Linguistikoki koherenteagoa da, kohesionatuagoa, indartsuagoa, batasun gehiago du.

Koldo Zuazok tarteko hizkerak nabarmendu zituen.

Tarteko edo zubi hizkeren arazoa konpondu gabe dago maila teorikoan, dialektologia teorikoan. Era desberdinetan aztertua izan den arren, orain artean ez zaio aterabide egoki eta asebetekorik eman. Kontzeptu hori nahasia da eta ez dago metodo zientifikorik, orain artean bederen, hizkera bat tartekoa den ala ez zehazteko. Ez dago zehazterik zenbateko desberdintasuna behar duen bateko eta besteko eremuetatik tarteko hizkera izendatzeko. Herri bakoitzeko ezaugarriak hartu eta eremu bateko beste herrietako ezaugarriekin konparatzen baditugu, eman dezagun, %60, %90 edo %30ean etor daitezke bat. Multzokatze metodoarekin ezaugarri horien %51 eremu horretako gainerako hizkerekin bat badatoz, eremu horretan sartzen da. Ezaugarrien %51 dituena esan daiteke tarteko hizkera dela, baina non amaitzen da tarteko hizkeraren ezaugarri komunen portzentajea? %40 dituena tarteko hizkeratzat hartu behar da? Eta %30 dituena? Gure taldea horretan ari da, dagoeneko ikerketa bi plazaratu ditu horri buruz, baina egia esan, oraintsu sartu gara horretan, usteetatik urrunduz benetan konprobatu daitekeen metodologia erabiltzen ari gara, beste zientzietan egiten dituzten sailkapenak begiratzen, halako objektu batzuk agertzen direnean, zein koka daitekeen batean eta zein bestean eta nola kokatzen dituzten, zer parametro erabiltzen dituzten multzo batean sartzeko eta ez bestean. Baina oraindik behin betiko daturik ez dago.

Euskalkiak berdinduz doazela diozue.

Bistakoa da. Beste hizkuntzetan ere gertatu da hori. Eredu estandar indartsu bat sortzen denean, horrek batetik besterako hurbiltasunen fenomeno bat sortzen du. Euskal Herrian ere badaude gai honi buruzko hainbat lan, nibelazio edo berdintze fenomenoen ingurukoak. Oraintxe bertan gure ikerketa taldeko kide bat ari da horri buruzko tesia egiten, hain zuzen ere. Eudia ikerketa taldeak baditu bi belaunalditako datuak bilduta, eta EHHA proiektuak hirugarren belaunaldi batekoak; beraz, eskura ditugu euskarari buruzko hiru belaunaldiren datuak. Eta ikertzen ari gara non dagoen euskara batutik hurbiltasun gehiago eta non gutxiago, zein hizkuntza ezaugarri diren gehien hurbiltzen direnak eta zein gutxien. Garbi dago hurbilduz doazela, baina jakin behar da zer erritmotan doazen, non gertatzen den gehien hurbiltze prozesu hori, non azkarren eta zein ezaugarri diren errazen hurbiltzen direnak. Euskalkian arituz ere euskara batuko ezaugarriak sartzen dira. Zein ezaugarri sartzen dira gehien, eta non? Hauek eta beste galdera batzuk erantzunaren zain ditugu.

Zenbait lekutan euskalkia baino ez erabiltzeko joerarik al dago?

Oso zaila da mundu guztiaren sostengua duen eta ikaragarrizko baliabideak dituen eredu baten kontra, sistema baten kontra joatea, eta hizkuntzan gauza berdina gertatzen da. Ezaguna da halako mugimendu batzuk sortu direla euskara batuaren presioa gehiegizkotzat hartuz eta tokian tokiko ezaugarriak galduko diren beldurrez, halako mugimendu serio batzuk sortu dira. Nik ontzat ematen ditut, baina ez dut euskara batuarentzako arriskurik ikusten, inondik ere ez. Behin forma idatzia gailentzen denean, komunikabideetan sartzen denean, administrazioa duenean, ikaragarrizko indarra hartzen du eta ez da galduko, hizkuntza bera galtzen ez bada. Orain, belaunaldi gazteek edo ez hain gazteek gehiegikeria batzuen kontra gune batzuk sortzea, beraientzat sanoagoak, naturalagoak direnak, oso-oso positiboa da, eta hizkuntzaren bizigarritasunaren adierazgarri. Hori ez balego, hizkuntzaren osasuna, nik uste, ez litzateke oso ona izango.

Beraz, onuragarria da batuarentzat berarentzat?

Bai, zelan ez, azken batean, batetik, batua berez sortu zen helburu formal horretatik urrunago joan da, eta, bestetik, egoera informaletan guztiz urrun gerta litezkeen fenomeno batzuk ere agertzea behar da.

Diozunez, ehun urte barru ere izango dira euskalkiak.

Orain bezalakoak, ez. Euskara batua edo estandarra ere ez delako berdina izango. Hori garbi dago. Hizkuntzaren barne-barneko ezaugarria da aldagarritasuna, eta bizi den bitartean aldatuz joango da. Norantz? Hor faktore asko dago, oso zaila da iragartzea, baita zein abiaduraz joan daitekeen ere. Faktore sozial pila bat dago eta faktore horiek izugarrizko eragina dute hizkuntzaren izaeran. Guk, nazioartean ibiltzen garenean, ikusten dugu duela 300 edo 400 urte batasuna zuten edo lortu zuten hizkuntzetan oraindik bariazio geolinguistikoa eta soziolinguistikoa, biak lantzen ari direla. Beraz, lasaitasun handiz esan behar dugu euskalkiak izango direla. Bariazio geolinguistikoa izango da, lekuaren arabera, eta hiri handietan gero eta bariazio handiagoa sortuko da faktore sozialen arabera.

Soziolektoak sendotu eta ugarituko direla diozue. Londresen, oker ez banago, eta beste zenbait hiritan aztertu dituzte. Maila sozialak eragina du?

Ikaragarria. Nik ez dakit Londres munduko lekurik egokiena den soziolektoak ikertzeko. Hain zuzen ere, hiri kosmopolita da, hizkuntza gehiegi daude bertan, eta kanpo hizkuntzen elkarreraginak daude. Niri asko gustatzen zait Kopenhageko kasua. Badago ikerketa talde handi bat, aspaldi horretan ari dena. Kopenhage hiriko ereduak gainerako bariazio dialektala ezabatu egin du eta bertan bada halako faktore sozialen araberako bariazio bat. Edo hezkuntza, edo lanbidea, edo auzoaren prestigioa edo maila... Hau da, maila sozialen arabera, ikaragarrizko bariazioa sortzen da… Euskararen kasutik ikaragarrizkoa esatea urrun joatea da, guk bariazio handia daukagulako, baina bada bariazioa eta beraien artean erraz identifikatzen dute nolako maila sozialekoa den bata edo bestea, hitz egiten entzunez bakarrik.

Euskaldun berrien eta zaharren artean desberdintasun nabariak omen daude prosodiari dagokionez. Eta oro har?

Prosodian ikaragarrizko aldaketa gertatzen ari da, inolako araurik gabe, gainera, bitxia da oso. Inork ez du araurik eman azentuan, adibidez, eta ezberdintasun handia sortzen ari da berrogei urtetik beherako jendearen eta zaharren artean. ETBko esatari zenbaitzuek ere azentuazio desberdina dute, oso sistematizazio handiarekin. Belaunaldi zaharrek bazituzten hitz batzuk azentuatuak eta beste batzuk azentuatu gabeak, eta abar; orain dena sistematizatuz doa.

Helduen eta gazteen arteko desberdintasunei dagokienez, azken batean hori da hizkuntzaren bilakaera, ez?

Hori da. Liburuan agertzen denez, erabili diren datuak 1987tik 1992ra bitartean bildu ziren; hau da, guk erabili genituen informatzaileek orain 100 urte baino gehiago eduki behar lituzkete batez beste. Horrek esan nahi du haien hizkera dagoeneko ez dela kalean entzuten. Hizkera mota horren oso antzekoa egiten dute 60tik gorakoek, ezaugarri batzuk aldatu badira ere. Hurrengo belaunaldiarena desberdinagoa da. Hain zuzen ere, euskara batua entzun edo ulertu ere egin ez zuten horiek dira guk erabili ditugun informatzaileak, eta gaur egun berrogeitik beherakoak euskara batuan hezi dira; beraz, kontraste ikaragarria dago.

Esan duzu ez duzula batuaren eta euskalkien arteko gatazkarik sumatzen.

Nire ustez ez da gatazkarik; hain zuzen ere, nazioartean, hizkuntza denetan agertzen dira eredu estandarra eta eredu dialektalak, eta inon ez dago talkarik. Talka esaten dugunean, zer da? Interesatzen zaigula krisia egotea edo liskarra sortzea? Interesaturen bat egon liteke, agian. Eta, bestalde, nor ari da talka hori dagoela esaten, balizko talka hori indartzen? Sarri, euskaraz egiten ez dutenak, askotan euskara ez dakitenak dira horretaz mintzatzen direnak. Hainbat lekutako jendearekin harremana daukat, eta inoiz ez gara aritzen forma estandarra erabiltzen dituztenen eta forma dialektalak erabiltzen dituztenen arteko talka, eztabaida edo egonezinaz.