POBREAK, BAINA EZ MISERABLEAK
Zenbatetan ez ote dugun aditu etxean pobreak garela, baina ez miserableak. Bai, bi jende klase desberdin dira. Urkulluk lehenengoz Zaldibarko tragediaz hitz egin zuenean –kazetari baten galderei erantzunez–, ez genuen enpatia zipitzik sumatu haren hitzetan; amorrazioa bai, herriaren errieta jaso duen agintariaren amorrazioa, nagusikeria. Eta oso garbi utzi zuen zabor azpian harrapatuta daudenak eta bera ez direla klase berekoak, bera ez baita lan-istripuetara gerturatzen eta berak ez baitu Twitterren erritmora dantzatzen. Kalean arnasten den kezkaren eta tristuraren gainetik hitz egin zuen, bizpahiru eskailera maila gainetik. Gerora saiatu da eskaileran beheraxeago jaisten, baina bere sinesgarritasunak pitzadurak ditu, Zaldibarko zabortegiak bezala. Autokritika, akatsa eta horrelako hitzak ere zartatuta ateratzen zaizkio ahotik. Egibarrek «miserable» deitu die oposizioko kideei, Lakuako Gobernuaren zartaduretan eta zaurietan gatza bota dutelakoan. Aspaldi ez nuen «miserable» hitza entzun eta etxeko esan harekin akordatu naiz; gu pobreak gara, baina ez miserableak. Pobreak gara eta badirudi pobre izaten jarraituko dugula, kiratsa darion sisteman eskailera maila hau egokitu zaigulako. Errazago sartzen gara zabor azpian harrapatuta dauden langileen azalean, erabakiak hartzen dituzten gorbatadunen azalean baino. Ez, ez gara miserableak.