GAUR8 - mila leiho zabalik

Hauteskundeak? Lehenbailehen hobeto


Apirilaren 5a dugu ortzimugan, martxoan Ipar Euskal Herrian izango diren Herriko Etxeetako hauteskundeak ahaztu gabe, hor ere gauza asko baitago jokoan, Euskal Elkargoa berritzea eta berrestea ere izango baitu ondorio euskaldunon bozak.

Bistakoa da EAEko hauteskundeak deitzeko Iñigo Urkulluk bere interesei eman diela lehentasuna. Izan ere, inoiz baino lege eta ekimen gutxiago onartu dituen legealdiari oraindik etekinik atera ahal zion, hainbat gai itxi zitezkeen ondoko legealdian berriro ere horiekin hasi beharrean. Halere, eta Zaldibarko ezbeharrak egoera lehendakariak uste eta nahi baino gehiago nahastu arren, Urkulluk bereari eutsi dio. Horregatik ere xelebrea da EAJk orain «elektoralismoa» leporatzea besteei, edozer esaten edo egiten dutela. Harroputz ari da, gainera, EAJ, etxearen eta etxeko arauen jabe den ugazaba gisa. Errealitate bat inposatu da aspaldi: hauteskunde autonomikoak EAJk irabazi behar ditu eta berak egingo du beti gobernua. Ez dago bestelako tarterik, eta zalantza txikiena sortzeak berak aztoratu egiten ditu jelkideak, kopeta beltz. Errealitate hori aldakorra izan daitekeen ideia bera zabaltzearen beldur dira, nonbait.

Legealdiak oraindik biderik bazuen ere, eta jelkideen interesak gorabehera, akaso ikuspuntu zabalago batetik onerako ere bada hauteskundek lehenbailehen egitea. Bozketen zikloa gehiegi luzatu da, hautetsontziekin hitzorduak bata bestearen atzetik etorri baitira etenik gabe. Eta bada garaia denbora tarte bat izateko estrategia eta lerro politikoak beste parametro batzuetan kokatzeko, hainbat eztabaida, proposamen eta ekimen giro horretatik kanpo garatzeko.

Hauteskunde giro horretan eman badira ere, egunotan izandako hainbat berri aurrera begira ere jarri behar dira. Esate baterako, EH Bilduren inguruan ezkerreko alternatiba sendotzeko beste familia batzuetatik datozen lau lagunek egindako deia. Ezkerreko subiranismoarentzat EH Bildu zabaltzeak duen garrantzia agerian utzi du. Badirudi gaur-gaurkoz ez dagoela beste indar batzuekin arnas luzeko itunak egiteko aukerarik, Lizarra-Garazin egin zen modukoa, esaterako; nahiz eta aldi berean akordio mota ezberdinak egiteko posibilitateak biderkatu egin diren azkenaldian (Madrilen, Nafarroan, Irunen…). Testuinguru horretan, halako akordio estrategikoen faltan, EH Bildu bera zabaltzeak, alde batetik, eta herri sektoreen aktibazioak, bestetik, izan beharko lukete ezkerreko subiranisten jokabidearen ardatzak.

Zehazkiago, ezker abertzalearentzat, lau lagun horiek egindako deiak Abian prozesuan azaldutako tesi nagusietako baten berrespena ekarri du. Hala zioen orduan eztabaida horretarako egindako txostenak: «Prozesu independentistaren garapena ezker abertzalearen historiaren garapen soiltzat jotzen badugu, gure ibilbide osoaren erabateko legitimazioa osagai ezinbestekotzat hartuz gainera, ez dugu arrakastarik izango [...] apustu honekin bat egiten duten guztiek ez dute ontzat eman behar gure ibilbidea».

Beste ekarpen handi bat ere egin dute urratsa egin dutenek, Euskal Herriko gatazkan indarrean egon den “garaileak/garaituak” eskema erabat apurtu baitute. Ezin ahantzi, zentzu horretan, sinatzaileen artean gobernadore zibil ohi bat ere badagoela. Oso kontrako norabidea indartu nahi izan du, aldiz, PPk bere lehendakarigai berriarekin. Aipatu eskema zahar eta zitalari eusteko asmoa nabarmentzeko gogo biziz aurkeztu du bere burua Carlos Iturgaizek. Beste garai batetik etorri dira aipatutako guztiak, baina bistan da batzuek etorkizunari begiratu nahi izan diotela beste batzuek Euskal Herria iraganean kateatu nahi duten bitartean. Zorionez, bigarrenek ez dute asmo horretarako euskal herritarren babesik izango. Aldea handia da. Hori ere lehenbailehen boz bidez berriro agerian geratzea komeni da. •