GAUR8 - mila leiho zabalik

Koronabirusaren ke-lainoa


Koronabirusaren hedapena dela-eta harrituta igaro dut astea. Neure artean, pentsatu dut gidoi pobreagoko film eta telesailak kontsumitu ditudala, eta gaitzaren inguruan zabaldu den izuak neurriz kanpoko dimentsioa hartu duela.

Asteazkenean, «lasaitasun» eta «konfiantza» mezuak helarazi zituzten Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradunek. Dirudienez, EAEn atzemandako kasuen gehiengoa probak egin ondoren baztertu dituzte. Etorkizunean ager daitezkeen kasuen aurrean, berriz, kontingentzia plan bat abiarazi eta Jaurlaritzako hainbat sailen arteko mahaia eratu dute. Osteguneko lehen bileran, Iñigo Urkullu lehendakaria izan zen buru.

Barka iezadazue, baina Eitzagako zabortegiaren auziaz egin den kudeaketarekin alderatu dut. Kasu hartan, luizia gertatu eta astebete baino gehiagora etorri ziren prebentzio neurriak: Ermuko, Eibarko eta Zaldibarko herritarrek ez zitzatela etxeak egurastu; ariketa fisikoa saihets zezatela; Eitzagako baserritarrek ez zezatela barazkirik saldu... Eta koronabirusak Txinatik Italiarako jauzia egin duen aldi berean, Verter Recyclingek kudeatutako zabortegiaren berriek albistegien erditik aurrerako postua hartu dute.

Izan ere, koronabirusaren harirako kontingentzia plana gripearen kanpainarekin urtero martxan jartzen denaren antzekoa omen da. Gaiari albistegiko lehen hogei minutuak eskainiz iragartzen al dute hura ere? Edo eragina du apirilaren 5eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen kanpainaurreak? •