UOC
ELIKADURA

Elikadura osagaiak eskaneatzeko aplikazioak, moda hutsa ala joera nutrizionalaren aldaketa?

Carlos Rios nutrizionistak sortutako Realfooding mugimenduak elikagai ultraprozesatuak jarri ditu jomugan; horrek bezala, Mikel Lopez Iturriaga «buru» duen El Comidista webguneak eta gizarte-sareetan elikadura aholku eta jarraibideak partekatzen dituzten «instagramer» eta «influencer» direlakoak ugaltzeak erakusten dute elikadura osasuntsuak gero eta interes handiagoa pizten duela gizartean.

Raquel Herrera UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Osasun Zientzien Ikasketen irakasle laguntzaileak dioenez, janarekin obsesionatutako gizarte batean bizi gara: «Gure kulturaren parte da, bai onerako bai txarrerako. Aldi berean, gero eta ardura gehiago eragiten digu osasunak eta horri buruzko informazioa izateak. Realfooding eta antzeko ekimenen jarraitzaile asko elikadura, kirola eta osasuna intereseko gai dituzten pertsonak dira, edo iraunkortasuna, elikadura subiranotasuna eta gizartean gero eta garrantzi handiagoa duten beste arazo batzuk kezkatzen dituztenak».

Interes hori elikagaien konposizioa «lupaz begiratzeko» eta erosketak egitean haien etiketak aztertzeko joera gero eta zabalduagoan islatzen da. Ohitura hori, bestalde, aspaldi gomendatzen dute adituek.

Etiketen itzultzaile bila

Eva Espona nutrizio-aholkulari eta UOCeko Osasun Zientzien Ikasketen irakasle laguntzailearen ustez, egia da biztanleria gero eta kontzientziatuago dagoela kontsumitzen dituen elikagaien ezaugarriak ikertzeko beharraz, «baina beste gauza bat da irakurtzen duena ulertzeko prest dagoen. Eta ez naiz ari elikagaien batez besteko analisi-taula ulertzeaz soilik, baita osagaien zerrendak ematen duen informazioa interpretatzeaz eta teknizismoak eta siglak ulertzeaz ere».

Askotan ez da erraza etiketen edukiak deszifratzea. Zeregin hori errazteko, zenbait herrialdetan, logotipo sinpleagoak edo etiketa sinplifikatuak aurki daitezke ontzietan, osasun publikoko politiken araberakoak.

Ekimen horien artean nabarmentzekoa da Nutriscore. Elikagaiak ebaluatzeko sistema horrek elikagaiak beren osaeraren arabera baloratu eta bost kategoriatan sailkatzen ditu. «Sistema hori Estatu frantsesean eta Belgikan dago indarrean, besteak beste. Estatu espainolean, oraingoz, borondatezkoa da. Mugatuta bada ere, Nutriscorek akreditazio zientifikoa du, eta bi helburu: kontsumitzaileari elikagai osasungarriagoak aukeratzen laguntzea eta elikagai industria elikagaien nutrizio-profila hobetu dezan akuilatzea», dio Eva Esponak. Haren ustez, sistema hori ezartzearekin batera, herritarrei zuzendutako hezkuntza-kanpaina bat egin beharko litzateke.

Erosketa, «eskaner moduan»

Era berean, asmo berarekin, produktuaren barra-kodea eskaneatu ondoren haren osaeraren analisia eskaintzeko diseinatutako aplikazioak ugaritzen ari dira. «Aplikazio horietako askok irizpide desberdinak erabiltzen dituzte. Batzuetan, puntuazioa Nutriscoreren nutrizio notaren edo elikagaiaren prozesatze mailaren araberakoa da. Batzuek irizpide desberdinak nahasten dituzte», dio Laura Esquiusek, nutrizioan aditua eta UOCeko Osasun Zientzien Azterlanetako irakasleak.

Espainiako Kontsumitzaileen Elkartearen (OCU) ikerketa baten arabera, mota horretako aplikazio ezagunenak El CoCo, Yuka eta MyRealFood dira. Eva Esponaren iritziz, «oro har, tresna onak dira, erosketa egokiagoa egiten lagun dezaketenak. Baina aldez aurretik kontsumitzaileak argi izan beharko luke zein den elikadura osasungarriaren eredua». OCUk emandako epaiaren arabera, aplikazio horiek ematen duten informazioa ez da osoa, okerreko balorazioak eragin ditzake.

Laura Esquiusen ustez, aplikazio horiek gero eta jende gehiago bere elikadura ohiturez arduratzea errazten dute. Kontrako aldeari dagokionez, «aplikazioen artean ebaluazio irizpide desberdinak egoteaz gain, kasu batzuetan informazioa ez da eguneratuta egoten eta, horrez gain, zehaztasun gutxiko balorazioak ere gerta daitezke, aplikazioak ematen duen informazioaren eta produktuaren benetako osaeraren arteko aldea dela-eta».

Marketina edo inflexio puntua?

Kontua da praktikan aplikazio horiek eta egungo elikadura osasuntsuaren testuinguruko gainerako ekimenek nutrizio ohiturak aldatzeko balio duten edo moda edo marketin estrategiak diren. «Biak dira», dio Raquel Herrerak. «Ekimen horietako askok modu osasungarrian jateaz arduratuta dagoen erabiltzailea erakarri nahi dute, merkaturatzen dituzten produktuen orbitan atxikitzeko».

Gainera, Herrerak dioenez, baliteke kontsumitzaile guztientzat eraginkorrak ez izatea: «Kontuan izan behar da kontsumitzaileari prezioen eta produktu eta ordutegien eskuragarritasunaren arloan mesede egingo dioten antolamendu eta politika sistematikorik gabe, nekazari eta beste ekoizle batzuen interesak alde batera utzi gabe, aplikazioak eta haiekin elkartutako beste produktu batzuk erosteko ahalmen handia duten taldeetara mugatu daitezkeela».

Laura Esquiusen iritziz, «garrantzitsuena tokian tokiko elikagaietan oinarritutako elikadura egitea litzateke, garaiko eta hurbileko produktuekin, eta elikagai horiek, gehienetan, ez dute barra-koderik».