Juantxo EGAÑA

Emakumeen aurkako epaiketa, duela berrogei urte

1979an 11 emakume epaitu behar zituzten Bilbon abortatzeagatik edo horretan laguntzeagatik. Emakume horien adina 33 eta 46 urte bitartekoa zen, eta haien egoera ekonomikoa, kaskarra. Epaiketak oihartzun handia izan zuen, eta elkartasun itxialdiak eta manifestazioak izan ziren Bartzelonan, Madrilen, Valentzian, Sevillan, Kanarietan, Bilbon... Poliziak behin eta berriz erreprimitu zituen sostengu manifestazioak. Europako hainbat lekutan ere emakume haien aldeko sostengua agertu zuten. Euskal Herriko hainbat udalek Basauriko 11 emakume haien aldeko mozioak onartu zituzten, eta kasu batzuetan haientzako amnistia eskatu zuten. Fiskalaren eskaera, guztira, 100 urtetik gorakoa zen. 1.300 emakumek, tartean aktoreak, abeslariak, idazleak eta kazetariak, “Nik ere abortatu dut” goiburupeko agiria sinatu zuten, eta abortatzen lagundu zutela aitortzen zuten 1.200 gizonek, haien artean intelektualak, artistak eta kazetariak zeudela, antzeko idazki bat sinatu zuten. 1979an, bertan behera utzi zuten juizioa, baita 1981eko ekainean ere, bi akusatu ez zirelako agertu. 1982an egin zuten epaiketa eta emakumeen egoera ekonomikoa aringarritzat jo zuten. 1983an indultatu egin zituzten. Argazkian, elkartasun manifestazioa Bilbon, 1981eko ekainaren 16an bertan behera utzi zuten epaiketaren egunean.