MARIA ROMERO
D onostiako Gros auzoan, Segundo Izpizua kalean, koloreek salto egiten dute erakusleiho batetik. Koloreek eta naturatik hartutako formek. Posidonia estudioa da, Maria Romeroren proiektua. Eibartarra da Romero eta artearen mundutik dator. Badira bizpahiru urte MR Laspiur marka sortu zuela eta 3D inpresioa erabiliz oso bitxi bereziak sortzen ditu; belarritakoak, lepokoak, ilea lotzekoak, paparrekoak...
3D teknologia alor askotara iritsi da azken urteotan eta bitxigintza da horietako bat. Romerok kasualitatez-edo deskubritu zuen teknologia berri hori eta bere sorkuntza erraz uztar zitezkeela, eta benetan gustura dago hartutako bidearekin. «Nire bikotekidea ingeniaria da eta 3D inprimagailu bat erosi zuen. Niri ezusteko bat emateko, nire marrazki batetik abiatuta bi hosto handi inprimatu zituen 3D inprimagailuan. Izugarri politak geratu ziren. Horiek hartu eta belarritako bihurtu nituen nik. Instagramen jarri nuen argazkia eta sekulako arrakasta izan zuen. Jende asko hasi zitzaidan galdezka ea non erosi nituen belarritakoak. Arrakasta ikusita, bizpahiru belarritako modelo egin nituen inprimagailuarekin eta gero eta jende gehiago hasi zen interesa agertzen. Egia esan, ezustean sortu zen proiektua».
Jaime Artetxe, Romeroren bikotekidea, ingeniaria da eta elkarlanean aritzen dira bai Posidonian eta bai MR Laspiur proiektuan ere.
Ezagutzen batuketa
Romerok Arte Ederrak ikasi zituen eta hortik modara salto egin zuen, arroparen mundura, ehungintzara. Bartzelonan eta Madrilen ere aritu zen lanean tarte batean. «Tartetxo bat horretan eman eta gero, berriro bueltatu nintzen marraztera. Eta marrazkiak egiten ari nintzen sasoi horretan deskubritu nuen 3D teknologia». Hartara, ingeniaritza eta Arte Ederrak elkartu dituzte Romerok eta Artetxek, bien ezagutzaren batuketa da beren proiektua.
Romerok garbi dauka 3D inprimagailuak aukera ugari eskaintzen dizkiola sortzaile modura. «Oso diseinu pertsonalizatuak egiteko aukera ematen du. Nire marrazkietatik sortzen ditut bitxiak, teknologia horrek malgutasun handia eskaintzen duelako».
Dena marrazki batekin hasten da. «Prozesua nire marrazkietan hasten da. Marrazki horietatik formak hartu eta belarritako bihurtzen ditut. Gero, marrazki horietatik hiru dimentsioko pieza osatzen dut, plano baten moduan. Eta, azken pausoa, inpresioa zehaztea da; geruzak zehaztu, materiala aukeratu... Prozesua ez da erraza. Proba asko egin behar izan ditugu. Hasierako piezak desastre hutsa ziren. Pixkanaka joan gara akatsetatik ikasten eta prozesua fintzen», azaldu du diseinatzaileak. Romerok PLA izeneko materiala erabiltzen du, artotik eratorritako landare polimero bat. Produktu erabat ekologikoa da. «Gauza hauek egiteko material perfektua da. Ez dauka pisurik, ekologikoa da, ez du alergiarik sortzen eta oso ona da inprimatzerako orduan. Bitxiak egiteko erresistentzia nahikoa daukan materiala da. Industria munduan beste material gogorrago batzuk erabili behar izaten dituzte, baina bitxigintzarako aparta da PLA».
Romeroren lanen tasun nabarmena kolorea da. Horregatik, handik eta hemendik egiten ditu PLA eskaerak, bere bitxiei eman nahi dien kolorea lortu nahian. «Mundu guztian aritzen naiz nahi ditudan tonuak topatzen. Baina, tira, topatzen ditut nahi ditudan koloreak. Kolore asko daude eta gero eta gehiago, erabilpena asko zabaltzen ari delako. PLArekin oso pozik nago».
Arintasuna iradokiz
Teknologiak bere bi mundu batzen laguntzen diola sentitzen du Maria Romerok: artea eta diseinua. «Nire bitxiak eskultura txikiak balira bezala ikusten ditut». Bere sorkuntzen formak oso organikoak dira, naturatik hartutakoak, «forma geometrikoak ez ditut asko maite. Nire marrazkietan eta eskulturetan beti oso forma organikoak erabiltzen ditut, mugimendua daukaten formak. Eta bitxietan ere berdin. Arintasuna iradokitzen dute».
MR Laspiurren bitxietan belarritakoak dira arrakasta gehien dutenak. «Koloreak eta formak bereziak dira, ez dira belarritako arruntak. Ausartu egin behar zara janztera. Baina egia da, behin jantzita, sekulako argitasuna ematen dutela aurpegian; ondo ematen dute. Harrituta geratu naiz, adin guztietako jendea animatzen delako, berdin 20 urtekoak edota 70 urtekoak. Baina belarritakoak janzten dituzten guztiek erreakzio bera izan ohi dute: ondo sentitzen dira, ondo ikusten dute beren burua. Gainera, askok aipatu didate belarritakoak janzten dituztenean jende askok esaten diela oso guapa daudela eta horrek ongizatea sortzen du. Oso pozik nago horregatik, belarritakoek eragin hori lortzen dutelako».
Posidonia estudioan ez ezik –bertan beste sortzaile batzuen lanak ere eskuratu daitezke–, Internet bidez ere eros daitezke MR Laspiurren bitxiak. Euskal Herriko hainbat txokotan ez ezik –Bilbo, Algorta, Lekeitio, Bermeo, Aretxabaleta, Ordizia, Orio, Hernani ea Hondarribia, besteak beste–, munduan barna ere saltzen ditu; hala nola Bartzelonan, Madrilen, Balear uharteetan, Galizian, Cadizen, Italiako hainbat tokitan eta baita Kroazian ere (www.mrlaspiur.com).
Posidonia estudioko bultzatzaileak pozik daude hartu duten bidearekin, teknologia eta sorkuntza uztartzearekin. Bide horretan, ikastaroak ere eskaintzen dituzte beste sortzaile batzuei laguntza eman eta bidea egiten laguntzeko.
Posidonian, bitxiak ez ezik, Romeroren margolanak ere badaude. Kolore atseginek eta forma arinek agurtzen dute bisitaria paretetatik; belarritako handiak eta koloretsuak daramatzaten emakumeak dira nagusi. Ezin da jakin zer izan den lehenago, marrazkia edo bitxia, baina biak eskutik doaz modu harmoniatsuan. •