joseangel.oria@gaur8.info
KATHERINE JOHNSON

NASAn genero eta arraza oztopo guztiak gainditu zituen emakume beltza

John Glenn astronauta estatubatuarrarentzat fidagarriagoak ziren emakume beltz batzuek egindako kalkuluak, 1960ko hamarkadako kalkulagailuek egindakoak baino. Haietako bat 101 urterekin hil da. Matematikarako sekulako trebetasuna zuen Katherine Johnsonek, Barack Obama presidente ohiak hamarkada askoko atzerapenarekin domina eman zion andreak.

AEBetako neska beltz batek begi aurrean azaltzen zitzaizkion gauza guztiak kontatzen zituen haurtzaroan: kalea zeharkatzeko urratsak, elizaraino ailegatzeko egin behar zituenak, zenbat plater garbitzen zituen, zeruan zenbat izar ikusten zituen… Ia 20 urte beteta zituen lehen aldiz beltza izateagatik baztertuta sentitu zenean.

Herrialde arrazista hartan bigarren mailako herritar izanda ere, bidean topatu zituen oztopo guztiak gainditu eta punta-puntako matematikari bihurtu zen Katherine Johnson, Ilargira lehen gizakia eraman zuen espedizioko pieza garrantzitsuenetako bat izatera iritsiz. Otsailaren 24an hil zen, 101 urte zituela.

“Hidden Figures” (Izar ezkutuak) 2016ko filmean, baztertuta jaio arren matematikaren lekurik distiratsuenetara iritsi ziren emakume afroamerikarren historia kontatzen zaigu. Bada, Katherine Johnson da protagonista nagusia.

«Katherine Johnson 101 urte zituela hil egin dela jakin duenean, NASAko familia osoa tristatu egin da», adierazi zuen Jim Bridenstine administratzaileak sare sozial batean. «AEBetako benetako heroi bat zen eta bere ondare aitzindaria ez da inoiz galduko».

Ia 100 urte bete behar izan zituen matematikariak, agintariek berak utzitako ondareari merezi zuen aitormena emateko. Barack Obama presidenteak berak Askatasunaren Presidentearen Domina eman zion 2015ean eta handik hilabete batzuetara, 2016an, bere diskurtso batean aipatu zuen emakumea, «mugak gainditzeko Ameriketako Estatu Batuetako joeraren adibide garbi» bezala aurkeztuz.

«Geure herrialdea eta geure agentzia ondratu duten bururik aipagarrienetakoa zen berea», adierazi zuen Charles Bolden NASAko administratzaileak Obamak domina eman ondoren.

Hasiera hartako NASA agentzian “konputagailu” esaten zieten Katherine Johnson eta bere lagunei, emakume beltzak guztiak. Gaur egungoak bezalako ordenagailu aurreraturik ez zen garaian, kontuak egiteko sekulako erraztasuna zuten pertsonak deskribatzeko erabiltzen zuten “konputagailu” hitza. Baina garai hartako AEBetan ezkutatuta edukitzen zituzten, emakume eta beltza izatea bi bekatu aldi berean egitea bezalakoa baitzen.

Hamarkadak pasa ziren liburu batek aurrena eta goian aipatutako pelikulak ondoren, emakumeon trebeziaren berri eman zuten arte. Ordura arte ia erabat ezkutatuta zeuzkatela zirudien. Baina orain hiru urte, 2017ko Oscar sarien festan, matematikariak esku hartu zuen dokumentalik onenari ematen zaion saria aurkezteko, eta sekulako txalo zaparrada eraman zuen etxera.

Ezkutuan zituzten matematikari beltzak, baina haien izena ezaguna zen AEBetako astronauta batzuen artean, “The Washington Post” egunkariak kontatu zuenez. John Glennentzat ez zen ezezaguna, esaterako. 1962an hiru aldiz eman zuen Lurraren inguruan bira, espazioan bidaiatzen zuen lehen estatubatuarra bihurtuz (gauza bera egina zuen urtebete lehenago Juri Gagarin errusiarrak). Hegaldi historiko hura egin aurretik, zera esan omen zien ingeniariei: «Zenbaki horiek berraztertzeko esan neskari». Emakumeak berak baieztatu zien kontua “The Washington Post”-eko kazetariei: «Berak bazekien lehen ere nik kalkuluak eginak nituela eta nire lanaz fidatu zen».

Arrazakeriaren biktima garbia izan zen Katherine Johnson, baina berak esaten zuen lan gehiegi zeukala arrazakeriarekin kezkatzen hasteko. Garai hartan, 1950eko hamarkadako azken urteetan, AEBen eta Sobietar Batasunaren arteko espazioko lehia zen nagusi munduan, eta Glennek aipatutako “neskak” eta bere kideek egiten zituzten tripulaziorik gabeko suziriak jaurtitzeko, hegaldi probak egiteko eta hegazkinen segurtasun ikerketak egiteko beharrezkoak ziren kalkuluak, arkatzak, kalkulu-erregelak eta kalkulagailu mekanikoak erabilita. Imajinatzea bera ere kosta egiten da gaur egungo ordenagailuen munduan.

Baina emakume beltz haiek ez zuten lan egiten beste langileekin nahastuta, langile zuriekin alegia, beste instalazio batzuetan baizik. Lankide zurien komunera joatea ere debekatuta zuten eta bainugela propioak izaten zituzten. Gauza bera gertatzen zen jangelekin ere.

Margot Lee Shetterly “Hidden Figures” liburuaren egileak uste du Katherin Johnsonek ez zituela begiak ixten gizartean zegoen arrazakeriaren aurrean. Egiten duen irakurketaren arabera, «gainontzeko beltz guztiek bezala berak ere bazekien bere kolorearengatik ordaindu beharreko zerga zein zen. Baina beste modu batean sentitzen zuen. Bere eguneroko bizitzan, erabat ezabatu zuen arrazakeriaren kontua».

 

Zituen gaitasaun apartak ikusita, irakasgai bereziak sortu zizkion irakasleak

Katherine Johnson Mendebaldeko Virginiako White Sulphur Springs herrian jaio zen, 1918ko abuztuaren 26an. Txiki-txikitatik agertu zuen matematikarako erraztasun izugarria, baina, garai hartako bazterketaren eraginez, neska beltz batek ezin zuen zortzigarren ikasturtetik aurrera ikasten jarraitu jaio zen konderrian. Gauzak horrela, Katherineren gurasoek Institute hirira alde egitea erabaki zuten, bertan baitzegoen ikasle beltzak onartzen zituen West Virginia Colored Institute zentroa. Beltza izanagatik beren seme-alabek hezkuntza onena jaso zezaten nahi zuten gurasoek eta lortu egin zutela esan behar.

Katherine 14 urterekin graduatu zen eta ondoren West Virginia State College zentroan jarraitu zituen goi mailako ikasketak. 18 urte bete zituenerako bazeuzkan dagoeneko Matematika eta Frantses tituluak. Garai hartan Angie Turner King matematikari eta kimikariaren babesa izan zuen. Baita W. W. Schiefflin Claytorena ere, AEBetan doktoretza lortu zuen hirugarren pertsona beltza. Claytor irakasleak geometria analitikoa eta aeronautika irakasgaiak sortu zituen propio neska gaztearen gaitasun apartak ikusita. Ondoren Virginiako Marionera joan zen, irakasle moduan lanean aritzera.