Txakurrak parkean, haurrak etxean
Estatu espainiarrean 13 milioi maskota daude erregistratuta, eta 15 urtetik beherako 7 milioi adin txikiko. Animaliek ia bikoiztu egiten dute pertsonen zifra. Portzentajeak sortzen dizkidan galderez eta kezkez harago, zera gogorarazi nahiko nuke: lehenengoak egunean bizpahiru bider ateratzen dira haize pixka bat hartzera eta behar batzuk asetzera. Beren jabeekin, jakina. Bigarrenek, berriz, 21 egun daramatzate lau hormaren artean.
Eta ez naiz eskatzen ari txakurren jabeei kalera irteteko eskubidea ukatu behar zaienik. Baizik eta bizi dugun egoera salbuespenezkoa dela ulertuta, eta horrek, halabeharrez, atxikita salbuespenezko neurriak ekartzen dituela asumituta, malgutasun jakin bat egon daitekeela. Egun gure txikiekin ateratzeko aukera bakarra supermerkatura joatea da esnea edo fruta erostera (?!). Ez al dira espazio horiek arriskutsuagoak etxe alboko plazatxoa edo kale kantoia baino?
Pedro Sanchezek krisiari begira emandako lehen hitzaldietako batean, hainbatetan aipatu zituen maskotak; haurrak behin ere ez. Psikiatra, hezitzaile eta pediatrek etxean mantentzeak beren ongizatean eta osasunean izan ditzakeen arriskuez ohartarazi dute, bizitzaren lehen etapa honek berebiziko garrantzia baitu. Neurriak, gainera, oso modu injustuan eragiten du, ez baita berdina landa eremuan bizi, balkoi batekin konformatu behar izatea edo egunak patiora baino leihoa ez duen pisu batean igarotzea.
Sukalde pareko parketxoa eta berde apurra txakurrek kolonizatu digute. «Zer moduz daramazu?», galdegin zidan emakume batek bertatik, txakurra ingurua miatzen ari zela. «Ahal den modu onenean, egun bakoitza erronka bat da», erantzun nion, txikia besoetan nuela. «Bai, ulertzen zaitut, denak berdin gaude», erantzun zidan, aire librean, jarraian zigarroari zupada luzea ematen ziola. Nik, ordea, ezetz esango nuke. •