GAUR8 - mila leiho zabalik

Bakea, ogia eta lurra


Covid-19ak sortu duen honek guztiak zein ondorio ekarriko dituen susmatzen hasi baino ez garela egin diotenetakoa naiz. Asko idazten ari da krisi honen inguruan. Informazio gehiegi dago, denetariko iritziak etor daitekeenaren inguruan. Agian goizegi ere bada oraindik, aurreikuspen batzuk egiteak zentzu gehiegi ere ez dauka, egunez egun ari baita eraikitzen biharko agertokia.

Krisiaren kudeaketak behar du gainera arreta eremu nagusiak. Larria da oso gertatzen ari dena. Nagusien egoitzetakoa drama humano baten adibide garbia da. Betebehar etikoa ere bada gure analisi gaitasunen zati handiena krisiak gaur ahalik eta kalte gutxien sor ditzan inbertitzea, ezin onartuzkoa litzateke bizitzak horrela galtzen ari diren garaian biharkoari buruzko analisi burutsuetan denbora gehiegi galtzea. Baina, aldi berean, egia da krisiari aurre egiteko hartzen diren berehalako neurriek baldintzatuko dutela (edo beharko luketela) biharko politikagintza.

Hau ez baita krisi sanitario bat bakarrik. Eta berarekin batera datorren krisi ekonomikoa ere ez baita beste krisi ekonomiko soil bat. Hori baino askoz gehiago da gertatzen ari dena. Esango nuke zibilizazio krisiaren adierazpen bat dela bizitzen ari garen hau. Edo, nahi bada, zibilizazio krisia izatera irits daitekeenaren lehen bizipen erreal bat izaten ari garela. Hamarraldi oso berezi baten barneratu gara. Covid-19ak ongi etorria eman digu, eta zientzialarien ahotan entzuten genuena edota zientzia fikziozko telesailetan ikusten genuena erreal bilakatu du bat-batean. Datozen urteetan hartzen diren eta hartzen ez diren erabakiek gaurko eta etorkizuneko belaunaldien ongizatea baldintzatuko dute goitik behera.

Klima larrialdia adierazpen nagusitzat duen krisi ekologikoa eta desberdintasun sozialen inoizko hazkunde handiena dira kapitalismo neoliberalaren ondorio larrienak. Ebidentzia zientifiko guztien arabera, urte gutxi ditugu erreakzionatzeko eta, gehiengo zabal bat miseria gorrira egotzi nahi ez badugu, ezinbestekoa izango da eraldaketa sozioekologikoak eta aberastasunaren banaketak eskutik hartzea. Honaino ekarri gaituen garapen ereduaren erro-errotiko kuestionamendurik gabe, politika gutxi-asko kontinuistak nagusitzen badira, kolapsora goaz zuzen-zuzenean.

Badirudi bi bektore nagusi izango direla lehian. Autoritarismoak ezaugarritua lehena, distopiarik beltzena. Eraldaketaren aldeko hautu berdinzale eta demokratizatzailea bigarrena. Bigarrenaren aldekoontzat gogoberritzeko zantzuak ere badira azken egunetan. Munduaren azken hamarraldietako bilakaeran determinanteak izan diren printzipio neoliberal nagusiak auzitan jartzen ari baitira orain arte ez bezala: sektore publiko indartsu baten beharrezkotasuna inork gutxik jarriko du zalantzan, ekonomiaren bilakaeran funtzio erregulatzaile eta birbanatzaile argia bete behar duen estatuarena ere ez. Ari da, baita ere, produkzio eta kontsumo ereduaren jasanezintasunaren gaineko kontzientzia hedatzen; eta taldetasuna, edo komunitarismoa, zeinen inportantea izango den ere sobera ikusi da. Ikuspegi eraldatzailetik begiratuta “posible” denaren mugak zabaldu direlakoan nago.

Covid-19aren olatu honen bestondoa aurreikusten hasita, honako honetan egingo nuke azpimarra: hobe dugu Euskal Herri aske eta berdinzalearen aldekook garai hori ondo interpretatzea. Aro oso konbultso bat dator: krisi-aroa. Baina, gainera, aldaketa handiko garai baten atarian gaude, dena batera etorriko da. Trantsizio energetikoa, digitalizazioa, biogenetikaren garapena. Disrupzio bat humanitatearen historian gaurdaino ezagutu gabeko tamainakoa, eta inoizko azkarren gertatuko dena gainera. Urte gutxitan aldaketa handiak ezagutuko ditugu bizitzaren esfera guztietan: egitura produktiboetan, hezkuntza sisteman, aisialdian, sistema politikoetan, eta abar.

Pragmatismoa inoiz baino beharrezkoagoa dela deritzot, bere zentzu positiboan: baldintza objektibo eta subjektiboetatik abiatu eta eraldaketa programa zehatz bat pausatzeko garaia da, printzipio leninista hura gogoan: bakea, ogia eta lurra. •