GAUR8 - mila leiho zabalik

Konfinamendua arintzeari loturiko tentsioak azaldu dira


Estatu frantziarraren administraziopean bizi garen euskal herritarrok maiatzaren 11n abiatzekoa den konfinamenduaren arintzearen hasierari begira gaude. Estatu espainiarraren administraziopean bizi zareten euskal herritarrak, berriz, bihartik aitzin iraganen den umeei ezarritako konfinamenduaren laxatzeari so. Eredu bi izanik ere, pandemiari aurre egiteko orduan estatuen neurrira eginiko moldeak nagusitu dira gurean.

Osasun larrialdiari erantzuteko premiak aginduta, botere banaketa izozkailuan sartu da. Exekutiboaren gaineko kontrol saioak eta berriz galdetzeko aukera ematen ez duten prentsa agerraldiak horren froga argia dira. Demokrazia formalaren pultsua, gizartearen erritmo bezala, apaldu egin da.

Sindikatuek eta eragile sozialek eskubide eta askatasunen aldeko behatze lanarekin jarraitzeko ahalegina egin dute Estatu frantsesean. Lehenek ezinbestekoak ez diren jarduera ekonomikoak bertan behera uzteko eta hori ezinezkoa denean sikiera lantegien erritmoa apaltzeko lan kodeak eskaintzen dituen tresnak baliatu dituzte krisiaren hasieratik. Bigarrenen kasuan, magistratuen elkarteak edo giza eskubideen behatzaileak izan, gizarte zibileko aktore gisa jokatuz, Gobernuak bata bestearen atzetik hartutako hainbat urgentziazko neurri salatzeko helegiteen bidea jorratu dute. Ekimenok ez dituzte, ordea, osasunaren zaintza lehentasun osoa izanik, eztabaida publiko gehiegi piztu. Esparru militanteak soilik blaitu dituzte osasun larrialdiari segurtasun parametroetan erantzuteko tentazioaz ohartarazten duten salaketok.

Konfinamenduak, nonbait, kritika gehienak isilarazten lagundu du, abantzu entzunezinak bilakatu arte. Birusa hedatzen hasi aitzin injustiziaren gaitz kronikoa pairatzen zuten hiri handietako auzoetatik istiluen oihartzunak heldu arte. Orduan, iaz zartatutako gizarte errebolta horidunaren eta berdedunaren eskutik Estatuak zabaldutako bortizkeriaren ajeak berriz lanjer erreal bilakatu dira Hexagonoan.

Anartean, maiatzaren 11tik aurrera konfinamenduaren arintzea abiatzeko asmoa mahaigainean jarri eta arriskuz beteriko neurriak iragarri ditu Parisek. Hiriburutik eta hiriburuaren araberako plangintzak gailendu dira konfinamendu garaian. Alta, arintze eskema plantan emateko orduan lurralde eta sektoreen ikuspegia txertatzeak ezinbestekoa dirudi. Ondoko etapa luzeak neurri handi batean antsietatearen aurkako errezeta berriak eskatuko dituelako. Giro horretan eredu autokrataren jarraipenak tentsioak areagotu ditzake, kudeaezinak bilakatu arte. Adierazgarria da Emmanuel Macronen aholkularitza batzordeko kide batek isilpeko txosten batean jasotako oharra. “Mediapart” hedabideak azaleratu duenez, adituak honako hau adierazi zuen: gizartearen eskutik osasun larrialdiaren eredu partekatua garatu ezean, jendearen bizipenetatik urrun den kudeaketaren eta autoritarismoaren aurkako kritikak orokortu egin daitezke.

Uniformizazioaren prediku egin duen Gobernuak, ordea, zailtasunak baditu arintze fasean herritarrak artalde gisa hartu eta sailkatzeko asmoak gero eta irentsezinagoak bilaka daitezkeela ulertzeko. Izan ere, krisi honetan prezio zinez neurrigabea, baita guztiz onartezina ere, ordaindu duen gizarte talde batek ahotsa altxatu du, etxetik ateratzeko garaian diskriminaziorik ez duela onartuko esateko. Ile zuridunek, une latzetan ere ausart, ardi beltz gisa jokatzeko atrebentzia izan dute. •